Sektore-elkarte eta kluster gehienek beren fakturazioa eta enplegua mantentzea espero dute 2012an

Araba

Industri Abagunearen Behatokiak egiaztatu du ziurgabetasun ekonomikoa bizi dugula, baina 20 elkarte eta kluster garrantzitsuenetatik lauk bakarrik espero dute enplegua murriztea. Aurreikuspen onenak dituzte nazioartekotze maila handiena duten sektoreek eta teknologia, aeronautika, makina-erreminta, automobilgintza eta galdaragintzako produktu gehien dituztenek. Izan ere, sektore horiek negozio zifra haztea eta enplegua mantentzea espero dute. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak azpimarratu du esportazioak direla lehiakortasunaren benetako adierazlea, eta 2011n esportazioek errekorra lortu zutela Euskadiko historian, 21.000 milioi euro baino gehiagokoak izan zirelako.

Eusko Jaurlaritza, 26/04/2012

Krisi ekonomikoa gorabehera, Euskadiko enpresa-elkarte eta kluster gehienek fakturazio eta enplegu zifrak mantentzea espero dute urtearen lehen seihilekoan. Industri Abagunearen Behatokiko Osoko Bilkuran (Miñaoko Teknologi Parkean) gaur parte hartu duten 20 elkarte eta klusterretako ordezkari gehienek aurreikusten dute zailtasun ekonomikoei aurre egiteko gai izango direla. Aurreikuspen onenak dituzte nazioartekotze maila handiena duten sektoreek eta teknologia, aeronautika, makina-erreminta, automobilgintza eta galdaragintzako produktu gehien dituztenek. Izan ere, sektore horiek negozio zifra haztea eta enplegua mantentzea espero dute.

Aurreikuspenik txarrenak, berriz, eraikuntza, paper eta ikus-entzunezkoen sektoreetakoak dira. Enpleguari dagokionez, 12 kluster garrantzitsuenetatik lauk bakarrik espero dute lanpostu kopurua jaistea eta zazpik uste dute zifrak mantendu ahalko dituztela.

Industri Abagunearen Behatokia Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta bere menpeko SPRI sozietate publikoaren ekimena da. Sei hilean behin osoko bilkura bat egiten duen Behatoki honetan elkartu dira Bernabé Unda sailburua, Saileko goi-karguak eta Euskadiko industri sektoreko elkarte eta klusterretako idazkari nagusiak, zuzendariak edo kudeatzaileak. Bileran sektore bakoitzaren egoera azaltzen da eta partaide bakoitzak lehiakortasun faktoreen inguruan dituen kezkei buruzko eztabaida bat egiten da.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak ireki du gaurko osoko bilkura, non azpimarratu baitu esportazioak direla lehiakortasunaren benetako adierazlea eta “oso bilakaera ona izan dutela”. Izan ere, iaz esportazioek errekorra lortu zuten Euskadiko historian, 21.000 milioi eurotik gorakoak izan baitziren. “Kanpoan saltzeko gai bagara –eta bagara-, horrek esan nahi du lehiakorrak garela. Lortu behar dugu gure inbertsioek isla bat izan dezatela kanpo merkataritzan eta baita ere inbertsio kopurua handitzea.

Undak hausnarketa hori gogoratu du Harvard Unibertsitatean, Harvard-ek Euskadi aukeratu baitu lehiakortasun arloko mundu osoko eskualde eredugarri bezala ikertzeko. Gogoeta horrek funtsean dio lehiatu egin behar dugula hainbat faktoretan oinarrituz, hala nola, nazioartekotzea, merkatuari bideratutako teknologia, ekintzailetza eta finantzaketa. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak lehentasun bezala finkatu ditu politika horiek legegintzaldiaren azken txanpa honetan.

Behatokiaren ondorioen artean klusterren eredua eta kluster arteko jarduerak aipatu dira, negozio aukera hobeak eta lehiakortasun handiagoa ekar ditzaketelako. Bertaratutakoak ados etorri dira esatean batasunak indarra dakarrela eta horren adibide argi bat da makina fabrikatzaileen eta osagai fabrikatzaileen elkarteak erakunde bakar batean elkartu direla 2011n.

Partekatu

Beste berri batzuk