Sektore-elkarte eta kluster gehienek beren fakturazioa eta enplegua mantentzea espero dute 2012an

Gipuzkoa

Industri Abagunearen Behatokiak egiaztatu du ziurgabetasun ekonomikoa bizi dugula, baina 20 elkarte eta kluster garrantzitsuenetatik lauk bakarrik espero dute enplegua murriztea. Aurreikuspen onenak dituzte nazioartekotze maila handiena duten sektoreek eta teknologia, aeronautika, makina-erreminta, automobilgintza eta galdaragintzako produktu gehien dituztenek. Izan ere, sektore horiek negozio zifra haztea eta enplegua mantentzea espero dute. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak azpimarratu du esportazioak direla lehiakortasunaren benetako adierazlea, eta 2011n esportazioek errekorra lortu zutela Euskadiko historian, 21.000 milioi euro baino gehiagokoak izan zirelako.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua, Bernabé Unda; Kabinete, Planifikazio eta Estrategiako sailburuordea, Pedro Gómez Damborenea; Berrikuntza eta Teknologia sailburuordea, Juan Goicolea eta SPRI-ko zuzendari nagusia, Tomas Orbea, bileran.

Krisi ekonomikoa gorabehera, Euskadiko enpresa-elkarte eta kluster gehienek fakturazio eta enplegu zifrak mantentzea espero dute urtearen lehen seihilekoan. Industri Abagunearen Behatokiko Osoko Bilkuran (Miñaoko Teknologi Parkean) gaur parte hartu duten 20 elkarte eta klusterretako ordezkari gehienek aurreikusten dute zailtasun ekonomikoei aurre egiteko gai izango direla. Aurreikuspen onenak dituzte nazioartekotze maila handiena duten sektoreek eta teknologia, aeronautika, makina-erreminta, automobilgintza eta galdaragintzako produktu gehien dituztenek. Izan ere, sektore horiek negozio zifra haztea eta enplegua mantentzea espero dute. Aurreikuspenik txarrenak, berriz, eraikuntza, paper eta ikus-entzunezkoen sektoreetakoak dira. Enpleguari dagokionez, 12 kluster garrantzitsuenetatik lauk bakarrik espero dute lanpostu kopurua jaistea eta zazpik uste dute zifrak mantendu ahalko dituztela.

Industri Abagunearen Behatokia Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta bere menpeko SPRI sozietate publikoaren ekimena da. Sei hilean behin osoko bilkura bat egiten duen Behatoki honetan elkartu dira Bernabé Unda sailburua, Saileko goi-karguak eta Euskadiko industri sektoreko elkarte eta klusterretako idazkari nagusiak, zuzendariak edo kudeatzaileak. Bileran sektore bakoitzaren egoera azaltzen da eta partaide bakoitzak lehiakortasun faktoreen inguruan dituen kezkei buruzko eztabaida bat egiten da.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak ireki du gaurko osoko bilkura, non azpimarratu baitu esportazioak direla lehiakortasunaren benetako adierazlea eta “oso bilakaera ona izan dutela”. Izan ere, iaz esportazioek errekorra lortu zuten Euskadiko historian, 21.000 milioi eurotik gorakoak izan baitziren. “Kanpoan saltzeko gai bagara –eta bagara-, horrek esan nahi du lehiakorrak garela. Lortu behar dugu gure inbertsioek isla bat izan dezatela kanpo merkataritzan eta baita ere inbertsio kopurua handitzea.

Undak hausnarketa hori gogoratu du Harvard Unibertsitatean, Harvard-ek Euskadi aukeratu baitu lehiakortasun arloko mundu osoko eskualde eredugarri bezala ikertzeko. Gogoeta horrek funtsean dio lehiatu egin behar dugula hainbat faktoretan oinarrituz, hala nola, nazioartekotzea, merkatuari bideratutako teknologia, ekintzailetza eta finantzaketa. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak lehentasun bezala finkatu ditu politika horiek legegintzaldiaren azken txanpa honetan.

Behatokiaren ondorioen artean klusterren eredua eta kluster arteko jarduerak aipatu dira, negozio aukera hobeak eta lehiakortasun handiagoa ekar ditzaketelako. Bertaratutakoak ados etorri dira esatean batasunak indarra dakarrela eta horren adibide argi bat da makina fabrikatzaileen eta osagai fabrikatzaileen elkarteak erakunde bakar batean elkartu direla 2011n.

Datuak sektoreka:

  • Sektore aeronautikoa eta espaziala: Hegan elkartean 3.700 lagun enplegatzen dituzten 37 konpainia biltzen dira. 2011n 680 milioi euro fakturatu zituzten, 2010ean baino %4 gehiago eta aurten antzeko hazkundea edo handiagoa izatea espero dute. Enplegua ere %4 hazi da Euskadin eta 2012an ere hazkunde hori mantenduko dela uste dute.
  • Ikus-entzunezkoen sektorea: Eiken klusterrean 1.544 lagun enplegatzen dituzten 38 enpresa biltzen dira eta 2011n 93,9 milioi euroko fakturazioa izan dute. Krisiak gogorren astindu duen sektoreetako bat da.
  • Automobilgintzaren sektorea: 292 enpresa biltzen ditu eta 2011n 10.000tik gora milioi euro fakturatu zituen, 2010ean baino %5 gehiago. Aurten ere gorantz egitea espero dute. Enpleguari dagokionez, oraingoz 35.000 lanpostu dituzte eta 2012an ere gorantz egitea aurreikusten dute.
  • Ekipo ondasunak eta energia: 22.000 lagun enplegatzen dituzten 90 enpresa biltzen ditu eta 40.000 milioi euroko fakturazioa izan dute. Azken urteotako arazoen ondoren, petrolioaren eta gasaren sektoreek bilakaera hobea izan dute aurten.
  • Bio-zientziak: 1.300 lagun enplegatzen dituzten 31 enpresa biltzen ditu eta 57 milioi euroko fakturazioa izan dute. I+G-ko inbertsio zifrak (30 milioi inguru 2012an) mantendu egin dira eta enpresa gehienetako langile kopurua ere bai.
  • Eraikuntza: Eraikune klusterrean 11.500 lagun enplegatzen dituzten 80 enpresa daude eta 720 milioi euroko fakturazioa izan dute. Krisiak gogorren astindu duen beste sektoreetako bat da.
  • Etxetresna elektrikoak: 3.525 lagun enplegatzen dituzten 7 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 1.735 milioi euroko fakturazioa izan dute 2011n. Abagune ekonomiko txarrak etxetresna elektrikoen fabrikatzaileak kaltetu ditu gehien eta neurri txikiagoan bada ere osagai fabrikatzaileak ere bai, nahiz eta hauek fakturazioa mantendu duten. Aurten fakturazioa hobetzea espero dute, baina Euskadiko enplegu aurreikuspenak ez dira onak.
  • Elektronika eta telekomunikazioak: 11.400 lagun enplegatzen dituzten 267 enpresa daude Gaia klusterrean eta 2.911 milioi euroko fakturazioa izan dute. Aurten ordea negozio zifra apur bat jaitsi da. Hazkunde handia (%11) eman da enpresen nazioartekotzean.
  • Esku-erreminten fabrikatzaileak: 1.876 lagun enplegatzen dituzten 26 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 200 milioi euro inguru fakturatu dituzte, %7ko jaitsiera izan dutelarik. Atzerriko salmentak irregularrak izan dira, baina 2011n %4,5 handitu dira.
  • Galdaragintza: 2.500 lagun enplegatzen dituzten 14 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 337 milioi euroko fakturazioa izan dute 2011n. Aurtengo fakturazioa %28 hazi da eta neurri handi batean 2009-2010ean izandako galerak berreskuratu dira; enpleguak ere %6 egin du gorantz.
  • Makina-erreminta: Euskadin 5.500 lagun enplegatzen dituzten 99 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 910 milioi euro fakturatzen dituzte. Iaz %20 inguruko hazkundea lortu zuten negozioan eta esportazioetan. Makina fabrikatzaileen eta osagai fabrikatzaileen elkarteak erakunde bakar batean elkartu dira 2011n eta beren estrategiak indartu dituzte.
  • Ingurumena: Aclima klusterrean 2.867 lagun enplegatzen dituzten 84 enpresa daude eta 1.645 milioi euroko fakturazioa izan dute. Fakturazioa %2 hazi zen 2011n. Aurten negozioa apur bat handitzea espero da eta enplegua %4 haziko da. Urteko lehenengo seihilekoan %2ko igoera lortu da. I+G+B-n eginiko inbertsioak ere hazi egin dira, finantzaketarik egon ez arren.

Descargar gráfico del Observatorio de Coyuntura Industrial 2012

Partekatu

Beste berri batzuk