Sener eta Tekniker elkartu egin dira trantsizio energetikoa eta industriaren digitalizazioa bultzatzeko
Lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenak hainbat arlotan jarriko du arreta, esaterako, trantsizio energetikoan
Sener ingeniaritza eta teknologia taldeak eta Tekniker zentro teknologikoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute elkarrekin I+G bultzatzeko hainbat esparru estrategikotan, hala nola hidrogenoaren edo industriaren digitalizazioaren esparruetan.
Akordioa sinatzeak, Sener Teknikerren erakunde laguntzaileen nomina aipagarriko kide bihurtu du eta, horrela, sendotu egin da bi erakundeek energia berriztagarriekin lotutako hainbat proiekturen bidez historikoki izan duten harremana.
«Hitzarmen hau beste urrats bat da Senerrek berrikuntza irekiaren alde erabakitako estrategian, beste erakunde batzuekin elkarlanean lan eginez elkar osatzeko eta indartzeko», nabarmendu du Òscar Julià Sener-eko Berrikuntza eta Digitalizazio zuzendariak.
Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak, bestalde, aliantzaren garrantzia azpimarratu du, lankidetza luze eta estuaren emaitza den aldetik, “lankidetza horri modu askoz eraginkorragoan eusteko eta Senerri balio handiagoa emateko eta, aldi berean, inguruneari teknologia transferitzeko gure eginkizuna betetzeko” helburuarekin.
«Guretzat ohorea da Sener, Euskadin, estatuan eta nazioartean erreferentea den ingeniaritza, gure erakunde laguntzaileetako bat izatea», adierazi du Uriartek.
Hidrogenotik digitalizaziora
Hitzarmen horri esker, Teknikerrek ezagutza eta esperientzia emango dizkio Senerri hidrogeno berdearekin edo digitalizazioarekin hainbat ikerketa-ildotan aurrera egiteko, interes handieneko arloen artean.
Offshore eolikorako teknologiak, energia hibrido eta berriztagarrien instalazioen kudeaketa, mugikortasun iraunkorra eta hiri adimendunak, sistema mekatronikoen eredu digitalen sorrera eta gailu medikoak homologatzeko metodologiak eta prozedurak bateratzea dira landu nahi dituzten beste arlo batzuk.
Gainera, elkarlanean lan egingo dute talentu ikertzailearen garapenean eta transferentzian, Senerrek langile espezializatuen inguruan dituen premia eta eskaera nagusiei erantzungo dieten trebakuntza-programen bitartez.