SPRI-K eta BEC-EK lankidetza-hitzarmena berritu dute azoka profesionaletan nazioarteko sustapena egiteko

Bizkaia

Grupo-SPRI+GV-640x163Bilbao Exhibition Centrek eta SPRIk sinadura batekin berritu dute beraien arteko lankidetza-hitzarmena azoka profesionalen nazioarteko sustapena egiteko, esaterako, Biemh, Azpikontratazioa, Fitmaq, Sinaval edo Ferroformarena, Eusko Jaurlaritzaren mendeko Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren kanpo-sarea lanean dabilen herrialdeetan.

Akordio hori burutzeko, SPRIk aukera emango dio BECi azoka horiek SPRIren Kanpo-sarea jarduten duen herrialdeetan zabaltzeko, nazio horietan lanean dabiltzan entitate eta erakunde enpresarial, sektorial eta profesional nagusien bitartez. Era berean, hitzarmenaren baitan, SPRIk konpromisoa hartzen du berak eta BECek batera antolaturiko proiektu berriak bilatzeko eta garatzeko.

SPRI Taldearen Kanpo-sarea mundu osoko 60 herrialdetan jarduten duten 15 bulegok osatzen dute.

Ekintza horiek egoki finkatzeko, Bilbao Exhibition Centrek informazioa emango dio SPRIri sustapena egiten den herrialde bakoitzean beraren merkataritza-bulegoek erakarritako profesionalak gonbidatzeko bete beharreko baldintza berezien gainean. Halaber, jakinaraziko dio zein diren enpresari interesgarrienak azoka bakoitzerako, unean unekoari loturiko kluster eta elkarteekin batera ezarritako behar eta lehentasunen arabera.

KANPO ENPRESEK ANTOLATURIKO GERTAKIZUNETARAKO ERE BAI

BEC, era berean, hirugarren enpresek antolaturiko gertakizunak gauzatzeko esparrua da. Nazioarteko azokei begira, kanpo-enpresek antolatzen dituztenei, SPRIk bere Kanpo-sarearen herrialdeetan hedatzen eta nazioarteko enpresak eta profesionalak erakartzen lagunduko du.

Orain sinaturiko hitzarmen honen arabera, halaber, entitate biek konpromisoa hartu dute bientzako intereseko proiektu berrien garapenean elkarlanean aritzeko, bereziki azpimarratuta SPRIren ildo estrategikoekin erlazionaturiko sektoreak edo gaiak. Horretarako, erakunde biek elkarrekin egingo dute lan azoken edota gertakizunen antolaketara bideraturiko balizko sektoreak eta ekimenak aztertzeko, betiere proiektu horiek finantza-bideragarritasun ekonomikoa edukiz gero.

Hitzarmen hau 2005etik dago indarrean, etenik gabe. Harrezkero, 4.200 nazioarteko erosletik gora erakarri dira BECeko azoka profesionaletara SPRIren bitartekaritzaren bidez.

Erosleok, bereziki, Mexiko, Brasil, Turkia, Venezuela, Txina, Txile, Argentina, India eta Errusiatik etorri izan dira.

BEC, ERREFERENTE INDUSTRIALA EUSKADIN

BEC Euskadin oso erroturiko azoka-erakundea da, bertako enpresekin eta ingurunearen dinamizazio ekonomikoarekin konprometitua lehen instalazioak eraiki zirenetik, 1956an.

Hori dela-eta, ez da kasualitatea bere azoka nagusiak industriarekin lotuta egotea eta Europako lehenen artean izatea, ehun enpresarial eta asoziatibo sendoaren laguntzarekin, eta bokazio esportatzaile eta, zerbitzu eta produktuei dagokienez, berritzaile argiarekin. BECen espezialitateko azoka liderren artean, ondokoak nabarmentzen dira: BIEMH, Makina Erremintaren Biurtekoa, FERROFORMA, Burdingintzaren, Brikolajearen eta Hornidura Industrialaren Nazioarteko Azoka, eta AZPIKONTRATAZIOA, Fabrikaziorako Prozesu eta Ekipoen Nazioarteko Azoka.

Sektore tradizionalez harago, BECen programazioaren baitara, halaber, beste gune batzuk ekarri dira, adibidez, energia berriztagarrien eta nanoteknologien gisako garapen-esparru berriagoetako merkataritza-sustapena eta elkartruke teknologikoa gauzatzeko. Lehen edizioetan lorturiko emaitzen ondorioz, zenbait hitzordu jada finkatuta daude sektoreko profesionalen agendan: “Bilbao Marine Energy Week” itsas energien kongresua, apirilean izango dena; “Imaginenano” nanozientziaren eta nanoteknologiaren Europako topaketa, joan den astean egin zena hirugarrenez; edo “Biospain”, bioteknologien arloko estatuko hitzordurik handiena, datorren urtean egingo dena.

ASTE INDUSTRIALA ETA SINAVAL-EUROFISHING

BECek, maiatzean, fabrikazio industrialaren hainbat esparrurekin loturiko bost azoka egingo ditu aldi berean. 26tik 29ra, nazioarteko egutegian itzal handia duten bi azoka egingo dira, AZPIKONTRATAZIOA eta FERROFORMA, baita FITMAQen 2. edizioa ere, hau da, Aukerako eta Bigarren Eskuko Makineriaren Nazioarteko Azokarena, Interempresasen enpresa argitaratzaile Nova Ágorarekin batera antolatuta. Horiei batuko zaizkie, lehenbizikoz, 27tik 29ra,  PUMPS & VALVES, Ponpa eta Balbulen Nazioarteko Azoka, eta MAINTENANCE, Mantentze Industrialaren Nazioarteko Azoka, easyFairs erakustoki profesionalen operadoreak eta BECek elkarlanean antolatuta.

Hitzordu horietako bakoitzak bere posizionamendu estrategiko eta berezitua dauka. PUMPS & VALVES eta MAINTENANCE azokek topaketa-eskema malgu, moldakor eta oso espezializatua eskainiko dute; FITMAQen, sektoreko enpresa nagusiak izango dira; FERROFORMAk industria handietako erabiltzaile profesionalari irekiko dio erakustokiaren edukia; eta, azkenik, AZPIKONTRATAZIOAk protagonismo handiagoa emango die B2B topaketei, hitzarturiko agenden programen bitartez. Bost deialdi horien batuketak produktu, teknologia eta zerbitzu industrialei eskainitako plataforma aparta bilakatuko du euskal azoka-esparrua.

Bestetik, SINAVAL-EUROFISHING azokaren “Elite” edizio berria izango da apirilean, topaketa profesionalerako gunea formatu berritzaile batekin planteatuta, sareko lana mailarik handienean sustatzeko. 30 jardunaldik baino gehiagok, nazioarteko erosleekin eta erakunde laguntzaileekin B2B topaketek, balio erantsi handiko bi ekitaldi sozialek eta elkartruke komertzialerako erakusketa-guneak harreman eta negozio-aukera berriak egitea ahalbidetuko dute. SINAVAL-EUROFISHING Elite VIP bisitariei baino ez zaie irekiko, alegia, enpresa eta erakunde parte-hartzaileek zein Bilbao Exhibition Centrek berak proposatutakoei, nazioartean erreferentziazko profil profesionalen hautaketa bidez ekarriak. Horrez gain, elkarren segidako hirugarren aldiz, SINAVAL-EUROFISHING azokak “Bilbao Marine Energy Week” Kongresuarekin bat egingo du.

AZOKAK ENPRESEN NAZIOARTEKOTZE TRESNA GISA

Azokak funtsezko tresna dira enpresen nazioartekotze-estrategian, eskariaren eta eskaintzaren arteko topagunea eskaintzen dutelako, hala nola ondokoetarako mugarik gabeko erakusleihoa: enpresen azken berrikuntzak erakusteko, merkataritzako eragiketak eta akordioak burutze aldera hainbat herrialdetako profesionalekin, erosleekin eta hornitzaileekin harremanetan sartzeko, kanpo-merkatuak sakonki aztertzeko eta ekoizpena dibertsifikatzeko edo hari balioa eransteko aukerak aztertzeko.

Nazioartekotzearen arloko etengabeko hazkunde- eta egokitzapen-prozesuak hertsiki lotuta daude espezializazioarekin, eta, horri dagokionez, azoka monografikoek berebiziko garrantzia dute. BECek, SPRIren Bulegoen Sarearekin elkarlanean, azken urteotan atzerrian eginiko ahaleginei esker, egun baldintza egokiak daude sektore oso desberdinetako euskal enpresak kanpo-merkatuetara irekitzeko prozesua bultzatzeko. Atal horretan, erosleen  ordezkaritzen programa funtsezko osagaia da, oso baloratua azoka desberdinetako erakusketari parte-hartzaileen aldetik.

Bilbao Exhibition Centreren kasuan, nazioarteko ikuspegia sendotzen da, gainera, nazioarteko erakundeetan parte hartuta, esaterako, Nazioarteko Azoken Batasunean (UFI), izan ere, Xabier Basañez BECen Zuzendari Gerentea entitate horretako zuzendaritza-batzordeko kidea da, baita nazioarteko operadoreekin garaturiko elkarlanari esker ere, besteak beste, Reed Exhibitions, Easyfairs, Exponor edo ITE Groupekin.

 

 

 

 

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk