SPRI Taldeak 4.300 enpresa babestu ditu 2011. urtean 280 milioi euroko ekarpenen bidez

Araba

Azken hiru urteetan %53 hazi dira SPRI Taldeak euskal enpresa sareari ematen dizkion laguntzak. SPRI Taldeak urtean 300 bat milioi euro kudeatzen ditu, hots, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko aurrekontuaren %75. Gastu arrunta 13 milioi euro murriztu da eta 30 egunen buruan egiten dira hornitzaileei zor zaizkien ordainketen %80.

Spri, 22/02/2012

Hala, azken hiru urteotan krisian dauden eta ia 46.000 langile enplegatzen dituzten 147 enpresa babestu ditu Taldeak Resiste Estrategiaren bitartez. Zuzeneko 1.808 enpleguren sorkuntza sustatu da ekintzailetza programei esker. 19 milioi euro bideratu dira 25.000tik gora langile enplegatzen dituzten enpresen berrikuntzari laguntzeko eta ia 15.000 pertsona enplegatzen dituzten 194 enpresaren 422 nazioartekotze proiektu babestu dira.

Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuorde den Pedro Gómez Damboreneak eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi den Tomás Orbeak gaur aurkeztu dute SPRI Taldearen balantzea Bilboko egoitzan egin duten agerraldian. SPRI Taldeak kudeatzen du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko aurrekontuaren %75, hots, 2012rako esleitutako 381 milioi euroetatik 300 inguru. Argi dago beraz Bernabé Undak zuzentzen duen sailaren instrumentu nagusia dela.

Pedro Gomez Damboreneak azpimarratu du Industria Sailak aldaketa sakona eragin duela SPRI Taldearen barruan. “Lortu dugu SPRI norabide zuzenean orientatzea eta ahalegin guztiak enpresa sareari zuzentzea”. Tomás Orbeak nabarmendu du ahalegin handiena Resiste (enpresen finantzaketan laguntzeko programa), Compite (lehiakortasuna hobetzeko programa) eta Lidera ekimenetan egin dela eta etorkizuneko proiektuen aldeko apustua egin dela. “Ingurune lehiakorrak babesteko diru-laguntzak ez dira jada fondo galdura ematen. Erantzukidetasuna eta ondorioz koordainketa sustatu ditugu. Finantzaketa erraztea izan da gure helburua”.

Partekatu

Beste berri batzuk