SPRI Taldeak 4.300 enpresa babestu ditu 2011. urtean 280 milioi euroko ekarpenen bidez

Bizkaia

– Azken hiru urteetan %53 hazi dira SPRI Taldeak euskal enpresa sareari ematen dizkion laguntzak.

– SPRI Taldeak urtean 300 bat milioi euro kudeatzen ditu, hots, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko aurrekontuaren %75.

– Gastu arrunta 13 milioi euro murriztu da eta 30 egunen buruan egiten dira hornitzaileei zor zaizkien ordainketen %80.

SPRI Taldeak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak, 4.300 bat enpresa babestu ditu 2011. urtean, 280 milioi euro inguruko diru-laguntzen bidez. Zifra horrek erakusten du 2008arekin alderatuta ekarpenen zenbatekoa %53 hazi dela (orduko kopurua 183 milioi eurokoa baitzen), azken urteotako krisi egoera gorabehera.

Hala, azken hiru urteotan krisian dauden eta ia 46.000 langile enplegatzen dituzten 147 enpresa babestu ditu Taldeak Resiste Estrategiaren bitartez. Zuzeneko 1.808 enpleguren sorkuntza sustatu da ekintzailetza programei esker. 19 milioi euro bideratu dira 25.000tik gora langile enplegatzen dituzten enpresen berrikuntzari laguntzeko eta ia 15.000 pertsona enplegatzen dituzten 194 enpresaren 422 nazioartekotze proiektu babestu dira.

Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuorde den Pedro Gómez Damboreneak eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi den Tomás Orbeak gaur aurkeztu dute SPRI Taldearen balantzea Bilboko egoitzan egin duten agerraldian. SPRI Taldeak kudeatzen du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko aurrekontuaren %75, hots, 2012rako esleitutako 381 milioi euroetatik 300 inguru. Argi dago beraz Bernabé Undak zuzentzen duen sailaren instrumentu nagusia dela. Pedro Gomez Damboreneak azpimarratu du Industria Sailak aldaketa sakona eragin duela SPRI Taldearen barruan. “Lortu dugu SPRI norabide zuzenean orientatzea eta ahalegin guztiak enpresa sareari zuzentzea”. Tomás Orbeak nabarmendu du ahalegin handiena Resiste (enpresen finantzaketan laguntzeko programa), Compite (lehiakortasuna hobetzeko programa) eta Lidera ekimenetan egin dela eta etorkizuneko proiektuen aldeko apustua egin dela. “Ingurune lehiakorrak babesteko diru-laguntzak ez dira jada fondo galdura ematen. Erantzukidetasuna eta ondorioz koordainketa sustatu ditugu. Finantzaketa erraztea izan da gure helburua”.
SPRI Taldean 185 lagunek lan egiten dute eta hauexek dira beren ardurapeko arloak: arrisku kapitala, ekintzailetza, nazioartea, teknologia, berrikuntza, informazio teknologiak eta azpiegiturak, non hiru Teknologi Parkeak, 18 Industrialdeak eta SPRILUR sartzen baitira.

SPRI Taldearen jarduera nagusietako bat da enpresei zuzenean laguntzea, batez ere finantzaketaren aldetik. Azken hiru urteotan SPRI Taldeak merkataritza eta turismo jarduerak ere landu ditu eta programa berriak bultzatu ditu krisiari aurre egiteko, hala nola Renove Makina Erreminta, Resiste eta Compite.

Resiste estrategiari esker azken hiru urteotan 147 enpresa talderi lagundu zaie, zeintzuek 10.500 milioi euro fakturatzen eta 45.750 langile enplegatzen baitituzte.

Berfinantzaketak egiteaz gain, 2009tik hona, 388 autonomo eta enpresa txikiri lagundu zaie ekonomiari eta finantzaketari buruzko prestakuntza eskainiz. Laguntza horiek 3,6 milioi eurokoak izan dira.

Ekintzailetza arloan, 2009tik hona, laguntzak eman dira 400 enpresa baino gehiago sortzeko eta beraz 6.400 lanpostu sortzen eta mantentzen lagundu da 25,6 milioi euroko diru-laguntzen bidez. Arlo honetako nobedade bat izan da Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren sorkuntza, arretarako telefono bakarra eta web atari bat (www.euskadiemprende.net) eskaintzen dituena. Atari horretan zehatz-mehatz azaltzen dira Euskadin ekintzailetzari laguntzeko dauden 325 bat laguntzak. Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren bidez tramite burokratikoak arindu eta aukera guztiak bideratuko zaizkie negozio berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei.

2011. urtean 136 milioi euro bideratu dira 1.169 proiektutara I+G programen bitartez, 2010ean onartutako laguntzak baino ia %8 gehiago.

Compite estrategiaren helburu nagusia da enpresen lehiakortasuna hobetzea berrikuntzaz bestelako faktoreak sustatuz. Programa horren bitartez, 2011n 11,2 milioi euro bideratu dira 279 proiektutarako. Diru-laguntzak jaso dituzten enpresetan guztira 25.647 enplegu daude.

Nazioartea da SPRI Taldearen beste lehentasun bat. Pasa den urtean, 14.938 langile enplegatzen dituzten 193 enpresak aurkeztutako 422 proiektu babestu ziren (%35eko hazkundea 2008arekiko).

SPRIk atzerrian dituen enpresa bulegoen sarea 61 herrialdetara hedatzen da (2008an 51 herrialdetara zabaltzen zen) eta atzerrira esportatzen duten euskal enpresen kopurua %4 hazi zen iaz 2010arekin alderatuta (2.521 eta 2.429 hurrenez hurren). Nobedadeetako bat izan da Invest in the Basque Country, atzerriko inbertsioa atzemateko erakunde berria sortu izana. Erakunde horren bidez atzerriko inbertsioa lehen aldiz landuko da modu sistematiko eta antolatuan. Teknologia eta berrikuntza ekarriko duten eta euskal enpresa sarea osatuko duten enpresak erakartzeaz gain, badu beste helburu bat ere: “aftercare” politika, hots, lehendik instalatuta dauden atzerriko kapitaleko enpresei etengabeko arreta ematea, hemen zabaldu eta hedatu daitezen. Une honetan Euskadin atzerriko kapitaleko 350 enpresa daude, 8.700 milioi euro fakturatzen dituztenak (EAEn sortzen den bolumenaren %9) eta 40.000 langile enplegatzen dituztenak.

SPRI Taldeak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lidera estrategiak ere bultzatu ditu. Etorkizunerako sei proiektu estrategiko dira: ibilgailu elektrikoak, sare adimenduna, gasa, zientziaren industriak, abiadura handiko Internet sarbidea eta merkataritza elektronikoa. Ekimen horiek mobilizatu duten inbertsio publiko-pribatua 95 milioi euro ingurukoa izan da. Era berean, Lidera estrategiak Biobasque eta Nanobasque estrategiak bultzatzen ditu, enpresak biozientzien, nanozientzien eta mikro eta nanoteknologien arloetan dibertsifikatu daitezen.

SPRI Taldeak lan garrantzitsua egiten du baita ere azpiegituren arloan; gaur egun industria-guneen sare zabal bat dauka, 100 poligono baino gehiagoz eta hiru Teknologi Parkez osatua, non 39.000 langile baino gehiago enplegatzen dituzten 2.300 enpresa baitaude kokatuta.

Euskal enpresen lana errazteko, SPRI Taldeak bezeroen arretarako zerbitzu bat ezarri du 902 telefono zenbaki baten bidez, lehen existitzen ziren 30 telefono zenbakien ordez. 2011ko martxoan abian jarri zenetik, 28.000 kontsulta baino gehiago jaso dira, ia 3.000 hilero.

Eskaera kopurua eta diru-laguntzen zenbatekoa %50 baino gehiago hazi da 2008arekiko, baina hala ere gastu arrunta ia 13 milioi euro murriztu da: 2008an 52,4 milioi euroko gastua egiten bazen, iaz 40 milioi baino ez ziren izan. 30 egunen buruan egin dira hornitzaileei zor zaizkien ordainketen %80 , nahiz eta indarrean dagoen epea 50 egunekoa den. Hori guztia, jakina, langile kopurua mantenduz eta antolakuntza hobetuz.

Iturria: Spri

Data: 2012/02/16

Partekatu

Beste berri batzuk