SPRIk azaroaren 18 eta 19an ospatuko du “Intergune 2009 Nazioartekotze Foroa”, bere Kanpo Sare osoarekin batera

Bizkaia

SPRIren Kanpo Sareko agente guztiak etorriko dira azaroaren 18 eta 19an Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) egingo den Intergune 2009 Nazioartekotze Foroaren edizio honetara. 50 herrialde baino gehiagotan dauden 42 ordezkari eta tokiko aholkulari espezializatuk atzerriko herrialdeei, hango merkatuei eta negozio aukerei buruzko aholkularitza pertsonalizatua eskainiko diete euskal enpresei. Hori guztia, euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko helburuarekin.

Bernabe Undak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak, inauguratuko du Intergune 2009 Nazioartekotze Foroa, azaroaren 18an (asteazkena). Gero, Patxi Lopez Lehendakariak bilerak egingo ditu euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko konpromisoa hartu duten agenteekin.

Halaber, SPRIko Kanpo Sareko adituek aukera eskainiko diete parte-hartzaileei banan-banako bilerak egiteko eta tailer-mintegietan edota herrialde-hitzaldietan parte hartzeko. Tailer-mintegi tematikoetan, ondoko nazioartekotze prozesuetako espezialistak egongo dira: Energia Berriztagarriak AEBetan: Obama Legea; Nazioartekotzea Lankidetzan; zerbitzuen sektoreko Nazioartekotzea; Enpresa Txikiak, merkatu berriak, bezero berriak; Nazioartekotzea, funtsezko elementua; Sahara Azpiko Afrikako aukerak; “Ez galdu kontrola”, Incoterm deiturikoak aztertzeko modu berri bat.

Gainera, topaketa honetara aholkulari berriak etorriko dira Austriari, Bulgariari, Malaysiari, Singapurri eta Tunisiari buruzko aholkularitza eskaintzera. Bertan izango da baita ere Mendebaldeko Afrikan aditua den CDE aholkulari bat, Senegal, Nigeria, Ghana eta Boli Kostako merkatuei buruzko informazioa emateko.

Bestalde, Enpresek Informazio Guneetan kontsultatu ahal izango dute nazioartekotzea sustatzen duten erakundeek eskainitako laguntza eta zerbitzuei buruzko informazio guztia.

Intergune 2009 topaketan parte hartu nahi duten enpresek (bileretan, mintegietan edo herrialdekako hitzaldietan) izena eman dezakete www.intergune.net web orriaren bitartez edo 94 403 70 80 telefonora deituz.

SPRIren kanpo sarea

SPRIren kanpo sareak ordezkaritzak dauzka 50 herrialdetan baino gehiagotan, euskal enpresei laguntza eta aholkularitza emateko. 2008an, SPRIk 313 proiektu garatu zituen guztira, aurreko ekitaldiko 242ren aldean. 2009ko urriko datuei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu SPRIk guztira 336 proiektu gauzatu dituela.

Bulego iraunkorrak: Argentina, Brasil, Txile, Txina, Kuba, AEB, India, Mexiko, Polonia- Varsovia, Polonia- Wroclaw, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Errusia eta Turkia.

Tokiko aholkulari espezializatuen sarea: Mendebaldeko Afrika- CDE (Senegal, Nigeria, Ghana, Boli Kosta), Alemania, Aljeria, Austria, Benelux, Bulgaria, Kanada, Korea, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Filipinak, Frantzia, Hungaria, Irlanda, Italia, Japonia, Malaysia/ Singapur, Maroko, Baltikoko herrialdeak, Jugoslavia ohiko herrialdeak, Eskandinaviako herrialdeak, Portugal, Erresuma Batua, Errumania, Hegoafrika, Thailandia, Tunisia, Ukrainia, Venezuela eta Vietnam.

Partekatu

Beste berri batzuk