SPRIk Europan aitzindaria den ekimen bat abiarazi du: ikastaro baten lehen eskuliburua “paper digitalean” banatuko dena

Bizkaia

Informazio Gizarteko errealitate digital berriak aprobetxatzeko eta berauen erabilpena sustatzeko asmoz, SPRIk Europan aitzindaria den ekimen bat abiaraziko du: ikastaro baten lehen eskuliburua, “paper digitalean” banatuko dena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, SPRIren bitartez eta INNOVANET SAREAren lankidetzarekin, Barnetegi Teknologikoen programa jarri zuen martxan urrian, Eusko Jaurlaritzak diseinatu eta bultzatutako +Euskadi09 Planaren barruan.

ETEen eguneroko lanak digitalizatzeko bidean aurrera egin nahian, SPRIk formatu digitalean eskainiko die dokumentazio guztia Barnetegi Teknologikoetara datozenei eta horretarako, “liburu elektronikoak” irakurtzeko gailu bereziak banatuko ditu Barnetegiek iraun bitartean.
Paper digitala da azkenaldiko aurrerapen teknologikorik garrantzitsuenetako bat, berekin dakarren abantaila guztiei esker: paper eta inprimaketa kostuak murrizten ditu, ingurumena errespetatzen du, erraza da eramateko edota beste tresna teknologikoekin integratzeko, etab.

Barnetegi Teknologikoak enpresa txiki eta ertainetako (edozein dela ere jarduera sektorea) 12 kudeatzailez osatutako taldeentzat diseinatuta daude, eta beren helburua da, enpresa baten etorkizuna zehazten duten erabakiak hartzen dituzten kudeatzaileei ikusaraztea IKTei esker produktibitatea, eraginkortasuna eta merkatuko posizionamendua hobetu daitezkeela, eta ez direla kanpoko gailu konplexuak.

Gaur egun bizi dugun krisi garaian, gero eta garrantzi handiagoa dauka baliabide eta tresna teknologiko berriak aprobetxatzen jakiteak, teknologia horiek merkatuan daukagun posizionamendua hobetzen lagunduko baitigute. Egungo Informazio Gizartean, dagoeneko ezagutzen ditugun gauzen bertsio digitalak agertzen dira, baina baita errealitate berriak ere. Gertatzen ari diren aldaketak ezagutzeko eta enpresa baten estrategiak nola egokitu behar duen identifikatzeko, ez da beharrezkoa teknologiak menperatzea, baina bai ordea eman dezaketen balioaren garrantzia zein den jakitea.

Barnetegi Teknologikoa ikastaro trinkoa da eta ingurune isolatuan antolatzen da, denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Bereziki pentsatuta daude IKTen balioa zein den transmititzeko, parte-hartzaileen ikuspegiarekin konbinatzeko, sinergiak, ideiak eta proiekzioak sortzeko eta antolakundeen mugimendu-ildo estrategikoak zehazteko.

Partekatu

Beste berri batzuk