SPYROk urteko kongresua antolatu du Gipuzkoako Parkean
“Etorkizunerako teknologikoki prest egon nahi duen edozein enpresak bi giltzarri hartu behar ditu kontuan: mugikortasun-soluzioak eta Interneten eskura dugun informazioari ahalik eta etekin gehien ateratzea”, baieztatu zuen SPYROko zuzendari nagusiak.
Berrehun enpresa eta erakundetako beste hainbeste profesional bildu ziren Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Donostian, SPYRO XX. Biltzarrean. Oracle enpresarekin batera antolatu zen kongresua, “Etorkizuneko enpresarentzako teknologiak” lemapean. Programa sakonean murgilduta, kongresuan enpresa-kudeaketako soluziorik aurreratuenak aztertu eta eztabaidatu ziren hainbat arlotan: fabrika adimenduak (smart factories), Industry 4.0, market intelligence, eta mugikortasunerako soluzioak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Saileko zuzendari Garikoitz Agotek inauguratu zuen biltzarra. Hark bere mintzaldian azpimarratu zuenez, “teknologiak gure enpresen lehiakortasunerako ezinbesteko palanka dira eta izango dira”. Aipatutako testuinguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak eragile aktiboa izan nahi du ekonomia suspertzeari dagokionez, eta, enpresak sustatu ez ezik, enpresa aurreratu, gizatiar eta lurraldean errotutako ereduaren alde egiten du”, adierazi du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak kongresuaren itxiera ekitaldian nabarmendu zuen industriaren, ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioa izango dela “gure erronkarik handienetako bat etorkizunerako”. Aro digitalean industria/enpresa berrasmatzeko beharra azpimarratu zuen Tapiak. Agertoki berri guztietan bezala, haren hitzetan “gainditu beharreko erronken aurrean gaude, segurtasuna kasu, espioitza industrialak aprobetxatu egiten baititu ekonomia digitalaren angelu itsuak”.
Ildo horretan, aukera gisa, hauxe gehitu zuen: “Lanean ari gara, ekintzailetza 4.0rako ekosistema internazionala izan dadin Euskadi. Jarduera ekintzailea gauzatzeko erabilgarri dauden tresnen artean, dozena enpresa industrialekin elkarlanean, 4.0 industriaren esparruan startup-ak erakartzeko lehen ekimenaren deialdia abiarazi dugu. Erantzun oso ona izan du. 257 proiektu 41 herrialdetan”, jakinarazi du.
Biltzarrean, gainera, hainbat enpresek hartu zuten hitza, besteak beste, AZTI-Tecnalia, MR System, Webalianza, Enantio, Irizar Forge eta Comersim (Desa Taldea), baita Oracle konpainiako Cloud Business Developper den Cristian Alonso ere.
Mintzaldian, Ricardo Gonzálezek lehenengoz aurkeztu zuen SPYROren bertsio berriaren aurrerapena: 12c. Horrez gain, konpainiak egun lanean diharduen On Cloud (hodeian) negozio-soluzio berriak ere ezagutarazi zituen. Horren haritik, Gonzálezen arabera, etorkizunerako teknologikoki prest egon nahi duen edozein enpresak bi giltzarri hartu behar ditu kontuan: mugikortasun-soluzioak eta Interneten eskura dugun informazioari ahalik eta etekin gehien ateratzea.