Tecnaliak 2011ren hasieran burutuko du bere ikerketa-zentroen bat-egitea

Bizkaia

Bizkaiko Teknologia Parkean kokatutako Tecnalia korporazio teknologikoak 2011ko urtarrilaren 1ean burutuko du bere zentro guztien bat-egite prozesua –bi zentro salbu, printzipioz–. Mugimendu horren bidez, ikerketa eta garapenerako Europako unitate pribaturik handienetako bat sortuko da, Alemaniako Fraunhofer, Holandako TNO, Norvegiako GTS System edo Finlandiako VTT korporazioen parean egongo dena. Tecnaliako iturriek jakinarazi dutenez, hilabete honen amaieran korporazioko zentroak zentro bakarrean integratzeko aurretiko pausoa emango da. Lehendabizi, protokolo bat sinatuko da eta hortik aurrera integrazioarekin loturiko alderdi guztiak. Urte eta erdi barru amaitzea aurreikusten da.

Hilaren 24rako bat egingo duten Tecnaliako sei zentroek –Robotiker, Labein eta European Software Institute (ESI) bizkaitarrak eta Inasmet, Fatronik eta Cidemco gipuzkoarrak– dagozkien patronatuetan (ikerketa-zentroak fundazioak dira) protokoloa onetsi eta sinatu beharko dute. Handik aurrera, Tecnaliak estrategia batzuk diseinatzeari ekingo dio, horien artean marka, negozioen kudeaketa, laneko gai, baliabideen definizio eta lan-kulturak bateratzeko prozedurekin loturikoak.

Partekatu

Beste berri batzuk