TECNALIAk eta BIRZIPLASTIKek bat egin dute ekonomia zirkularreko teknologiak industriarako garatzeko
Ikerketako eta garapen teknologikoko zentroa eta industria-hondakin plastikoei balioa ematen diharduen enpresa lankidetzan ari dira plastiko birziklatua automobilgintzan erabiltzeko eta material konposatuak balio erantsi handiko produktu berrietan sartzeko aukera emango duten teknologiak martxan jartzeko
TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentroa eta Birziplastik industria-hondakin plastikoei balioa ematen diharduen enpresa elkartu egin dira, prozesuen jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatuko dituzten teknologien bitartez ekonomia zirkularra industriara eramateko. Helburua da ekoizpen- eta kontsumo-eredu zirkular bat ezartzea. Eredu horretan, baliabide naturalak ahalik eta gehien murriztu nahi dira, produktuak ahalik eta denbora gehienean erabili eta produktuei balio-bizitzaren amaieran balio handiagoa eman, berrerabilera, birmanufaktura eta birziklatzearen bidez.
Gaur egun, Tecnalia eta Birziplastik lankidetzan ari dira plastiko birziklatua automobilgintzan erabiltzeko eta material konposatuak balio erantsi handiko produktu berrietan birziklatzeko aukera emango duten teknologiak martxan jartzeko.
Lehenengo ekimena adimen artifizialean oinarritutako teknologia bat da, jatorri birziklatuko formulazio fidagarri eta jasangarriak esploratuko dituena. Hazitek programak babesten du, eta ekimenean lankidetzan ari dira Mondragon Sistemas de Información, Matz-Erreka, Larrañaga Plásticos, Automatismos Maser, Xabet Digital eta Ekide enpresak ere. Teknologia horri esker, akastunak % 50 murriztuko dira pieza plastikoen erabileran, piezetan material birziklatua % 20 izango da gutxienez eta kontsumoak % 20 murriztuko dira. Teknologia hori lagungarria izango da makinako langilearentzat, plastikoa injektatuz piezak moldatzeko prozesurako balio onenak zein diren erabakitzen lagunduko baitio. Hala, pieza akastunen kopurua murriztuko da, eta efizientzia-maila altua bermatuko.
Bigarren ekimenak Europako programa baten babesa du, eta material konposatuen erabilera amaitzen denean balio erantsi handiko produktu berri gisa berrerabiltzeko teknologien garapenean zentratzen da. Idec eta Reciclalia erakundeekin eta Europako zenbait eskualdetako beste 7 bazkiderekin batera, ekosistema teknikoen eta sozialen arteko interakzioan oinarritutako soluzio bat lantzen ari dira. Soluzio hori tokikoa eta eskualdeartekoa izango da, eta Europako ingurumenari, industriari, kontsumitzaileei eta gizarteari lagunduko die. Horretarako, bi pilotu zirkular jarriko dituzte martxan: material konposatuen birziklatze mekanikoa eta birprozesatze hibridoa eta birziklatze termokimikoa eta zuntzen birprozesatzea.
Lankidetzaren aldeko apustua
Bi erakundeen arteko lankidetza urrunago helduko da, helburua baita enpresek beren prozesuetan txertatu ahalko dituzten eta ekonomia zirkularra zenbait esparrutan hobetuko duten soluzio teknologikoak garatzea; adibidez, material polimerikoen hondakinak berrerabiltzeko aukera emango duten birziklatze mekanikoko teknologiak doitzea eta garatzea, zuntz birziklatua berregokitzea eta material horren aplikazio berriak identifikatzea, karbono-zuntzezko edo kuartzo-irinezko indargarriak birziklatzea eta zenbait indargarritatik (besteak beste, beira- eta karbono-zuntzetatik) lehengaiak ateratzea.
Cristina Elizetxea TECNALIAko ikertzaileak hau adierazi du: “teknologia berritzaileak eskaini nahi ditugu, enpresak eta gizartea jasangarriagoak izan daitezen. Horretarako, material, produktu eta prozesuen ekodiseinua egiten eta hondakinak birziklatzeko eta haiei balioa emateko soluzioak garatzen parte hartzen dugu. Lan horretan, teknologia digitalak erabiltzen ditugu, eredu zirkularrerako trantsizioa efizienteagoa izan dadin. Eta BIRZIPLASTIK enpresarekin lankidetzan aritzearen alde egin dugu, industria-jardueraren hazkunde adimendun, jasangarri eta integratzailean laguntzeko, ekonomia bultzatzeko eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatzeko.”
Bestalde, Mikel Llona BIRZIPLASTIKeko CEOak hau adierazi du: “gure helburua da elementu plastikoari lotutako lehengaiak berreskuratzea, bai termoplastikoetan, bai termoegonkorretan. Berreskuratutako lehengai horiek euskal industriaren eskura jarriko dira, lehiakorragoa eta jasangarriagoa izan dadin eta haren hornikuntza-kateari laguntzeko. TECNALIArekin lan eginda, birbalorizatutako materialak kalitate handikoak eta ad hoc eginak dira”.