TECNALIAk lotura- eta soldadura-teknologietarako bere garapen eta soluzioak aurkeztuko ditu UNIRE 2025 azokan

Albisteak, Gipuzkoa

Ekitaldia erreferentziazko foroa da arlo horretako ezagutzak eta joera teknologikoak trukatzeko; bi urtean behin egiten da, eta bigarren edizioa izango da aurtengoa. FICOBA erakustazokan (Irun) egingo da, martxoaren 18an eta 19an

TECNALIAren standean, robotean oinarritutako soldadura-zelula oso moldakor eta automatizatu bat izango da elementu nagusia. Gai da automatikoki zehazteko ibilbideak, soldadura-parametroak eta begizta itxiko kontrola, kalitatea ziurtatze aldera

UNIRE 2025 azokan parte hartuz, TECNALIAk industriaren lehiakortasuna bultzatzen du, eta merkatuko erronka handietan laguntzen du, hala nola deskarbonizazioan, material desberdinak lotzen, automatizazioan eta ekoizpen-prozesuetan efizientzia eta kalitatea hobetzen

TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak UNIRE soldadura- eta lotura-teknologien azokan parte hartuko du, martxoaren 18an eta 19an. Han, soldatzeko eta materialak lotzeko prozesuen arloko bere azken garapen teknologiko eta soluzio berritzaileak erakutsiko ditu. Ekitaldia, FICOBAn (Irun, Gipuzkoa) egingo baita, ekimen aitzindaria da lotura- eta soldadura-teknologien berariazko ikuspegian. Bi urtean behin egiten da, eta bigarren edizioa izango da aurtengoa. Sektoreko enpresa eta profesionalak bilduko ditu, industria horretako eragile nagusien arteko ezagutza-trukea sustatzeko eta lehen eskutik ezagutzeko haien beharrak eta merkatuko joerak.

TECNALIAk loturaren eta soldaduraren arloko teknologia berritzaileak erakutsiko ditu, hala nola soldadura robotikoko soluzio aurreratuak, lotura hibridoko teknikak, material anitzeko lotura-prozesuak eta denbora errealean monitorizatzeko eta kontrolatzeko teknologiak. Halaber, karakterizazio-tekniken arloko aurrerapen batzuk aurkeztuko ditu, zenbait industria-sektoretan loturen efizientzia, iraunkortasuna eta jasangarritasuna hobetzen lagunduko dutenak.

Zehazki, ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak stand bat izango du (1/11). Han, WAAM (Wire Arc Additive Manufacturing) eta LMD (Laser Metal Deposition) teknologien bidezko metal-fusioko fabrikazio aditiboan duen esperientzia eta fabrikazioan efizientzia eta kalitatea hobetzeko lotura-prozesuen automatizazioa aurkeztuko ditu.

Horretaz gain, konplexutasun handiko materialekiko doitasun handiko aplikazioetarako energia handiko sorten bidezko soldaduran (hala nola laserra eta EBW elektroi-sorta —Electron Beam Welding—) egin dituen aurrerapenak aurkeztuko ditu, baita akatsak dituzten egitura eta osagai soldatuetan erroko kausen analisiak (RCA) egiteko duen gaitasuna ere. Halaber, soldatutako eta fabrikazio aditiboz fabrikatutako osagaiak baliozkotzeko zerbitzu-baldintza zorrotzetan errendimendua bermatzen duten soluzioak aurkeztuko ditu.

Standean, robotean oinarritutako soldadura-zelula oso moldakor eta automatizatu bat izango da elementu nagusia. Gai da automatikoki zehazteko prozesuaren ibilbideak, soldadura-parametroak eta begizta itxiko kontrola, kalitatea ziurtatze aldera, erabiltzailearentzat oso adeitsua den era batez.

Sektore estrategikoak

UNIRE azokara joaten diren enpresek lotura- eta soldadura-teknologien arloko azken berrikuntzak eta aurrerapenak aurkitu eta eguneratu nahi dituzte, eta sektoreko beste profesional, zentro teknologiko, hornitzaile eta enpresa batzuekin harremanak eta negozio-aukerak ezarri eta sendotu, eta gazteen talentua eta belaunaldien arteko erreleboa txertatzeko aukera ematen duten teknologia- edo baliabide-aukerak aurkitu.

TECNALIAk eskakizun tekniko handiak dituzten sektoreetarako loturak garatzen eta fabrikatzen jarduten du: hala nola fusio nuklearra, partikula-azeleragailuak, energia eolikoa, automobilgintza, aeronautika, ontzigintza eta sektore aeroespaziala. Testuinguru horretan, marruskadura bidezko soldadura (FSW, material desberdinetarako) eta eskuzko arku bidezko soldadura (aplikazio espezializatuetarako) eta beste zenbait teknologia ikertzen eta garatzen ditu.

Zentro teknologikoak, halaber, soldatzeko eta materialak lotzeko prozesuak optimizatzeko soluzio aurreratuak eskaintzen ditu: besteak beste, material desberdinen arteko loturak egiteko bideragarritasun-azterketak, teknologia aurreratuekin prototipoak fabrikatzea eta balio handiko material ez-konbentzionalen loturak, hala nola superaleazioak, kobrea eta zeramikak.

UNIRE 2025en parte hartuz, TECNALIAk industriaren lehiakortasuna sustatzen du, eta merkatuko erronka handietan laguntzen du, hala nola deskarbonizazioan, material desberdinak lotzen, automatizazioan eta ekoizpen-prozesuetan efizientzia eta kalitatea hobetzen.

Partekatu

Beste berri batzuk