Venezuelak are gehiago estutu ditu bere enpresa-harremanak Euskadirekin
Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak eta Venezuelako enpresari talde batek bilera bat egin dute Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarekin eta euskal patronalarekin. Euskal enpresei irekitako ekitaldi horretara ehun bat enpresa azaldu dira, denak ere interesa dutenak negozioak egiten hasteko Venezuelarekin.
Gaur, ostirala, ekainak 15, Juan Goicolea, Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordea, Miguel Angel Lujua, Confebaskeko presidentea eta Tomas Orbea, SPRI taldearen zuzendari orokorra, Venezuelak Espainian duen enbaxadore Bernardo Alvarez jaunarekin eta Venezuelako Errepublikako enpresari talde batekin bildu dira lokarriak estutzeko eta bi herrialdeen arteko harreman komertzialak suspertzeko.
Bisitaldi hori antolatu da Venezuelako enbaxadak Euskadiko enpresa munduari erakutsi nahi diolako PDVSA-Petróleos de Venzuela enpresaren Plan Estrategikoa. Bilera Guggenheim Museoan egin da eta bere lehen zatian Bernardo Álvarez jaunak enpresa-sektore batzuetako enpresa gailen batzuk bildu ditu (lehengaien eraldaketa, energia, garapen elektronikoa, petrolioa eta gasa) elkarrekin harremanak sendotu beharrez; ondoren, Venezuelako petrolio arloko Plan Estrategikoa aurkeztu du.
SPRI taldeko -Euskadiko enpresa sareari laguntzera bideratutako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren sozietate publikoen multzo nagusiko- zuzendari orokorrak, Tomas Orbea jaunak, amaiera eman dio nazioarteko bilera eta enpresa jardunaldiari enpresen eskura jarriz Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak prestatuak dituen eta SPRIren bitartez eskaintzen dituen zerbitzuak eta proiektuak. Zerbitzu eta proiektu horiek negozioak nazioartekotzeko eta enpresak atzerrian jartzeko ekimenei laguntzeko pentsatuak daude.
Horri dagokionez, Tomás Orbeak azpimarratu du SPRIren Nazioartekotze Arloa lan handia egiten ari dela 2011ra arte gure mugetatik kanpo lanean hasi diren edo proiektuak hobetu dituzten 422 enpresekin, eta gogoratu du atzerrian lanean ari diren enpresen kopurua %105,5 hazi dela 2010tik hona.
Bestalde, adierazi du Euskadik atzerrian egiten duen inbertsioa BPGren %7,4koa izan dela 2011n eta zenbateko hori 2010ekoa baino %144 handiagoa dela. Enpresa atzerritarrek Euskadin egin duten inbertsioari dagokionez, BPGren %0,8koa izan da 2011n, hau da, 2010ean baino %245 gehiago.
VENEZUELAKO DATUAK ETA ZENBATEKOAK
Venezuela petrolio ekoizlea da nagusiki. Kanpora saltzeko nahiz barnean kontsumitzeko petrolioa ustiatu eta fintzea da Venezuelako jarduera ekonomiko nagusia. Latinoamerikako bigarren petrolio ekoizle nagusia da eta petroliotik ateratzen du bere BPGren %26 gutxi gorabehera eta bere esportazio-sarreren %80. Era berean, munduko gas naturaleko ekoizle handienetako bat da.
2011n Venezuelako ekonomia %4 hazi zen eta 2012ko lehen hiruhilekoan %5,6 hazi da. Beste sektore batzuei dagokienez, aipagarria da bere ondasun eta zerbitzuen sektore indartsua (%6,6), bere manufaktura-industria (%3,5) eta eraikuntza arloa (%3,4).
Venezuelaren esportazioak %42,8koak izan ziren 2011n. Urte horretan, guztira 110.000 milioi euro esportatu eta 56.000 milioi inportatu zituen. Venezuela 15. postuan dago Euskadiko esportazioen jomuga-herrialdeen zerrendan.