Zabaldu da epea industriako I+G-rako laguntzak eskatzeko Hazitek eta Elkartek programetan
– Bi programa horiek 92 milioi euroko finantzaketa dute eta eskaerak aurkezteko epeak martxoarean 18an eta otsailaren 26an bukatuko dira. www.spri.eus
– Tapia sailburuak aste honetan aurkeztu dituen lau laguntzetatik bi dira, eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko enpresen proiektuei eta eragileei zuzenduta daude
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak lau programa prestatu ditu euskal industriaren I+G-rako, eta horietatik bi zabalik daude jadanik. Hazitek eta Elkartek programak dira, eta 68 eta 24 milioiko zuzkidura dute. Eskaerak aurkezteko epeak martxoaren 18an eta otsailaren 26an bukatuko dira.
Bi programa horiek Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapiak astelehen honetan aurkeztutako Eusko Jaurlaritzaren laguntza-plan berriaren barruan kokatzen dira, eta plan horren barruan daude baita ere Berrikertu eta Emaitek Plus programak. Lau programen artean 146,8 milioi euroko zuzkidura dute, hau da, %18,24ko hazkunde metatua bi urtean.
I+G-ko programen egitura berri bat da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen berregituraketarekin bat datorrena, Euskadiko enpresa-sarearen ikerketa maila handitzeko eta, bide horretatik, ekonomia lehiakorragoa lortzeko. Lau programek lehentasuna ematen diete espezializazioari, merkatutik hurbil egoteari eta enpresen eta ZTBS-ko eragileen arteko ikerketa kolaboratiboari.
HAZITEK: enpresa industrialak buru izango dituzten proiektuen garapena
Hazitek programa berriak Etorgai, Gaitek eta NET programa ohiak ordezkatuko ditu eta, 68 milioi euroko guztizko zenbatekoan, enpresei bideratutako bi laguntza-lerro hartzen ditu barruan:
a) Lehiazko proiektuak. Lehiazko I+G proiektuak, produktu berrien garapena –produktu originalak, eskurakoak baino hobeak, merkatuaren eskariei erantzuteko– eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berrien abiaraztea sustatzeko. Ildo honetan 38 milioi euro bideratu dira.
Proiektuek I+G jarduera maila altua izan behar dute, eta ezagutza zientifiko eta teknologiko handia bildu. Aintzat hartuko da enpresan zientzia eta teknologiako kualifikazio handia duten langileen parte-hartzea.
b) Proiektu estrategikoak. Bigarren laguntza-lerro bat da, 30 milioi euroko zenbatekoan, ZTBP2020an jasotako espezializazio-esparruetako I+G proiektu estrategikoak garatzeko, dela lankidetzan, dela bakarka.
Lerro hau enpresek beren helburuak lortzeko baino gehiagorako balioko du: planteatutako berrikuntzak orobat trakzio-efektua eragingo du euskal ekonomiaren gain, eta, horrenbestez, nazioartekotzen lagunduko du.
Bi kasuotan, enpresa eta eragile arteko lankidetza sustatuko da eta onuradunek gutxieneko inbertsio bat egin dezatela eskatuko: 100.000 euro lehiazko proiektuen kasuan eta 4 milioi euro proiektu estrategikoen kasuan, heldutasun teknologikoko maila altua lortzeko asmoz: hain zuzen, TRL3aren baliokidea industria-ikerkuntzan eta TRL6aren baliokidea Garapen Esperimentaleko jardueretan.
Orain arteko Gaitek eta Etorgai programei esker (Hazitek laguntza-lerro berriaren baliokideak), 2014an 825 proiektu sustatu ziren, 957 enpresaren parte-hartzearekin, eta 273,1 milioi euroko inbertsioa sustatu zen guztira, Eusko Jaurlaritzak 62,5 milioiko ekarpena eginik.
ELKARTEK: Ikerketa kolaboratiboa eremu estrategikoetan
Elkartek programak, 24 milioi euroko deialdi baten bitartez, ZTBESko eragileek (zentro teknologikoak, IKZk, Enpresako I+G Unitateak, etab.) lankidetzan garatutako oinarrizko eta industria arloko ikerkuntza sustatuko du. Hiru motatakoak izan daitezke:
a) Oinarrizko ikerkuntzako lankidetza-proiektuak Helburua da RIS3aren espezializazio-eremuetako ezagutzak gehitzea. Diruz lagunduko diren proiektuek 500.000 euroko gutxieneko aurrekontua aurkeztu behar dute.
b) Industriarako potentzial handiko ikerkuntza-proiektuak ZTBESeko trakzio- eta merkaturatze-indar handiko Enpresako I+G Unitateak izango dira proiektuburu eta 100.000 euroko gutxieneko inbertsioa izango dute.
Industriarako potentzial handiko ikerkuntza-proiektuetarako diru-laguntzen eragin sustagarria bermatzeko, deialdiko data ostean abiaraziko diren proiektuak soilik izango dira onuradun.
c) Interes bereziko ekintza osagarriak Eskaera-Eskaintza bitarteko agenteek eta Zientzia, Teknologia eta berrikuntza hedatzeko agenteek garatuko dituzte: adibidez, azterketak eta zaintza teknologikoa egitea, lankidetzaren mesederako jarduerak gauzatzea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako estrategiari buruzko jardunaldiak jendarteratzea edo I+G+Ba nazioartekotzeko jardueretan parte-hartzea sustatzea.
Ekimen horiei gehitu behar zaizkie baita ere Industria 4.0 proiektuetara soil-soilik bideratutako laguntza-programa espezifikoak: 2.211.516 euroko zenbateko gehigarria. Laguntza sortu berriak direnez, aurreikusi da etorkizunean finkatzen joango direla, Euskadiko industria-ehunaren eskariaren eta premien arabera; hala, gaur, Basque Industry 4.0 estrategiaren esparruan industria aurreratuaren joera berriei erantzuteko aurkeztutako programen osagarri da neurri sorta berri hori.