Zamudio, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren 35. urteurrena ospatzen duen erakusketa ibiltariaren azken geltokia

Albisteak, Bizkaia, Konpromisoa

Igotz López Zamudioko alkateak eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak gaur inauguratu duten erakusketa, 101 Eraikinaren kanpoaldean, Parkearen egoitzan, ikusi ahal izango da

Burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolitok parkeak garapen ekonomikorako zentro eta I+G polo gisa duen garrantzia hurbilduko diete herritarrei, 20 argazki artistikoren, azalpen-panelen eta QR kodeen bidez.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, erakusketak parkeak Euskadiko ongizateari, oparotasunari eta jarduera ekonomikoari egiten dion ekarpena erakutsi gura die herritarrei

Irudiak Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarraren lanak dira. Nazioarteko hainbat lehiaketatan aintzatespena lortu duen autodidakta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen da

1985ean, Parkea apustu ausarta izan zen, aitzindaria Estatuan, eta gaur egun 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu, guztira, 3.300 milioi eurotik gorako fakturazioarekin, eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretan

Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak (BPZT-PCTB), bere 35. urteurrena dela eta, lurralde historikoaren eta Euskal Herriaren eraldaketa ekonomikoan duen garrantzia azpimarratzen duen erakusketa berezia jasoko du gaurtik aurrera: irudi, azalpen-panel eta QR kodeen bidez historia errepasatu, oraina erakutsi eta biharko eguna aurreratzen duten burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolito. ‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ erakusketa Abanto-Zierbenan, Leioan, Bilbon eta Derion milaka lagunek ikusi dute dagoeneko, eta 101 Eraikinaren kanpoaldean instalatu da, Parkearen egoitzan. Erakusketa hilaren 21ean helduko da Zamudiora, Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartearen (APTE) Nazioarteko XIX. Konferentzia egiten den egunean, eta horrela, bat egingo du elkarteko kide beteranoenaren urteurrenaren ospakizunarekin.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ erakusketa Igotz Lopez alkateak eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak inauguratu dute gaur goizean, beste agintari eta gonbidatu batzuen artean. Biek nabarmendu dute Bizkaiko ekonomiak eraldaketa handia izan duela, 1985ean, I+G+b-ri esker egungo industria-jarduerari balio erantsia emango zioten enpresak erakarriz eta ingurune natural batean kontzentratuz, eta, aldi berean, aberastasuna eta enplegua sortzeko iturri berriak bultzatuz, krisia gainditzea erabaki zenetik.

Lopezen esanetan, 3.000 biztanle baino ez zituen eta landa tradizioa zuen herri batentzat garrantzi handia izan zuen ordutik bere izena eta ekonomia berrikuntza teknologikoarekin lotu zituen instalazioak. “Erabaki ausart horrek Zamudioren nortasuna osatu du, zalantza barik arrakastatsua izateaz gain”, azpimarratu du, industriaren birmoldaketak eragindako krisia atzean uzteko parkea sortzea Jose Antonio Ardanza lehendakaria buru zuten euskal erakundeen apustu handietako bat izan zela gogoraraziz.

Autonomia Erkidegoko ekonomia dibertsifikatu egin behar zen eta, batez ere, leku garrantzitsua bete behar zuen ikerketa zientifiko eta teknologikoaren bilakaeran. Buzo urdinek bata zuriei eman behar zieten protagonismoa. Poligonoek parkeei. Horretarako, ezinbestekoa zen erakarpen-polo bat izatea, paisaiari dagokionez ere, gainbeheran zegoen harengandik aldenduz. Haize berriak ekonomia berri baterako. Hala ulertu zuten erakundeek, eta Zamudio aukeratu zuten Euskadin agertzen ari ziren enpresa teknologiko berrientzat “habitat” moduan. Enpresa horietan jarri zen etorkizun hobe baterako itxaropena. Horrela jaio zen Bizkaian 1985eko irailaren 30ean Estatu espainiarreko lehen Parke Teknologikoa, apustu ausarta eta sendoa.

Epalzak adierazi duenez, erakusketa publiko honen bidez ‘Bizkaiko biztanle guztiei 35 urte bete dituen ibilbide arrakastatsua helarazi gura diegu. Eta aldi berean, parke teknologikoen funtsezko eginkizunari, egungo errealitateari eta ilusioz betetako etorkizunari buruzko mezua helarazi, talentua eta ezagutza batzen dituen eta oraina hobetzeko eta gizartearen etorkizuna sortzeko lan egiten den ingurunean”.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’

Erakusketarekin, BPZT-PCTBk, Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomikoaren, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren gune nagusietako batek, hiru hamarkada eta erdiko jarduera ospatzen du, herritarrei bere historia, ibilbidea, egungo errealitatea eta etorkizuneko planak ezagutaraziz. ‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, burdinaz eta altzairuz egindako 10 monolito handi ditu erakusketak. Bi aurpegietan Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren 20 irudi ageri dira, azalpen-panel elebidunekin, eta mugikorraren bidez hainbat azalpen-bideo eskuratzeko aukera ematen duen elementu interaktibo batekin batera (QR kodeak).

Ezohiko formatuarengatik, eta Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarrak Parkearen historia, ibilbidea eta egungo eta etorkizuneko errealitatea islatzeko aukeratu dituen irudiengatik nabarmentzen da erakusketa. Artista autodidakta da, lehiaketa eta erakusketa ugariren bidez nazioartean errekonozimendua lortu duena, eta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen dena.

Erakusketa gaikako hainbat arlotan egituratzen da: parkearen jatorria, ingurune pribilegiatua eta ingurune naturalaren iraunkortasunaren eta zaintzaren aldeko apustua, horrek bultzatu duen industria eta ikerketa binomioa, teknologiaren sustapena, bere barruan garatu diren hainbat sektore eta zentro teknologiko, eta baita Derio-Zamudioko jatorrizko egoitzatik kanpora egin diren hedapenak ere: UPV/EHUren Zientzia Parkea eta Bizkaiko etorkizuneko Teknologia Parkea Ezkerraldea-Meatzaldean, energiaren sektorearekin lotutako jarduerak erakarriko dituena.

Nazioarteko erreferentea

Erakusketaren ekimenaren helburua Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomikorako oso garrantzitsua izan den azpiegitura baten balioa nabarmentzea eta herritarrengana hurbiltzea da. Baina ez du bere zeregina aberastasuna eta enplegua sortzera mugatu, aldi berean, teknologiaren eta talentuaren berrikuntzaren eta garapenaren polo gisa erreferentzia ere izan da.

Parkearen sorrerak, ordura arte ezezaguna zen berrikuntza ekarri zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren apustu ausarta eta irmoa izan zen. Apustu horrek baliabide ugari behar izan zituen, eta beste erakunde publiko batzuen laguntza jaso zuen. Gaur egun, 35 urte geroago, apustu hori erreferentea da nazioartean. Talentu- eta ezagutza-ekosistema batean dauden teknologia handiko enpresek funtsezko berrikuntza-gune garrantzitsua bihurtu dute BPZT/PCTB Euskadiren garapen ekonomikorako.

Parkeak 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu gaur egun, 3.300 milioi euro baino gehiagoko fakturazio bateratuarekin eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretarako. 11.000 pertsona inguru ari dira parkean lanean; horietatik %7k doktoretza du, % 57k unibertsitate-titulua, eta % 20k 30 urte baino gutxiago ditu.

Bertan finkatutako enpresak liderrak dira Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean estrategikotzat jotzen diren sektoreetan, aeronautikan, automozioan, elektronikan, energian, ingurumenean, ingeniaritzan, medikuntzan eta biozientzietan edo informazioaren teknologietan, besteak beste. Halaber, hauek ere presentzia garrantzitsua dute parkean: enpresa klusterrak eta elkarteak, unibertsitateak eta prestakuntza zentroak, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak (BERC), berrikuntza eta inkubazioa bultzatzeko eragileak, talentuari laguntzeko zentroak, fabrikazio aurreratuko zentroak, korporazioak eta zentro teknologikoak.

Partekatu

Beste berri batzuk