Zientzia eta teknologia emakumeen ikuspegitik: Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 400 euskal ikasleri hurbildu dizkie STEM diziplinen aukerak

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Zientzia eta teknologia emakumeen ikuspegitik izeneko ekimenaren helburu nagusia da bigarren hezkuntzan STEM diziplinak aukeratzen dituzten ikasleen ehunekoa handitzea

Euskadiko Parkeen Sareak APTErekin (Espainiako Parke Teknologikoen Elkartea) lankidetzan eta Emakunderen parte-hartzearekin antolatutako jardunaldiak urriaren 9 eta 11 artean izan dira Euskadiko hiru parkeetan

Modu paraleloan, Estatuko beste leku batzuetako beste 14 Parke Teknologikok ere egin dute bat ekimenarekin

Lehen edizioaren arrakasta ikusita, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak urriaren 9 eta 11 artean bigarren hezkuntzako 400 ikasle bildu ditu. Ikasleek Zientzia eta teknologia emakumeen ikuspegitik proiektuaren barruan programatutako jardueretan hartu dute parte. Bigarren edizio honetan ikastetxe hauek hartu dute parte: Donostiako Jesuitas Ikastetxea eta Mary Ward, Bilbo Errekaldeberri BHI eta Derioko Derio BHI, eta Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazón eta San Viator.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak, Itziar Epalzak, inauguratu ditu jardunaldiak, eta bertan parte hartu du Izaskun Landaida Emakunderen zuzendari nagusiak ere. Itziar Epalzak gogoratu zuenez, “oraindik emakumeen defizita dago ikasketa tekniko jakin batzuetan, eta lan arloko nahiz soldata mailako bereizketa, beraz, denok jarraitu behar dugu lanean emakumeak zientziaren eta teknologiaren arloetan emakumeak guztiz txertatzea eta defizit hori ezabatzea lortzeko”. Parkeen Sarea osatzen duten enpresetan emakumeek duten presentziari dagokionez, zuzendari nagusiak gogoratu zuenez, “uneotan, SAREA osatzen dugun guztion % 39 emakumeak gara. Hau da, 7.181 emakume; hori salbuespena da beste ingurune batzuekin alderatuta”.

Bestalde, Emakundeko zuzendari nagusiak eskertu egin zuen emakumezko ikasleen artean bokazio zientifikoak sustatzeko eta diziplina zientifiko-teknologikoetan lan egiten duten emakumeei ikusgarritasuna emateko Euskadiko Parkeen Sarea egiten ari den lana.

Zientzia eta teknologia emakumeen ikuspegitik ekimenean zenbait jarduera izan dira: tailerrak, emakume zientzialariek emandako hitzaldiak eta Sareko enpresetako emakume profesionalekin egindako mahai-ingurua.

Gipuzkoan parte hartutako profesionalak hauek izan ziren: CICbiomaGUNEko Irantzu Llarena, Tecnaliako Shandra Cordobés eta Countercrafteko Marta de la Cruz. Bizkaian, Biolaneko Joana Gangoiti, A·Z Advanceko Iratxe Zuazola eta ITP Aero enpresako Paula Alfageme izan zituzten. Bestalde, Araban, Giroako Vanesa Martínez, Ajl Ophthalmiceko María González eta Globe Testingeko Eneritz Zubizarreta izan ziren partaide. Horiek guztiek haien ibilbideak, proiektuak, eta batez ere, STEM diziplinetan emakumeen ikuspegia partekatzeko aukera izan zuten. Hizlariek zenbait puntutan bat egin zuten; egiten duzun horretan pasioa jartzea, “ezin duzu” esaldiari uko egitea, eta bakoitzak sinesten duen eta amets egiten duen horren alde borroka egitea eta hori lortzen saiatzea.

Ikasleek aukera baliatu zuten profesionalei galderak egiteko, lanaren beraren inguruan, familiako bizitza bateratzearen inguruan eta lan-merkatuan emakumeek duten bereizketaren inguruan.

Euskadin amaitu diren arren, jardunaldiak egiten jarraituko dute urrian zehar eta azaroaren amaiera arte Estatuko beste Parke Teknologiko batzuetan. Azaro amaieran emango zaio amaiera bigarren edizio honi Talent Woman-en parte hartuta. Hori izango da STEM diziplinetan emakumeen talentua eta ahalduntzea erakutsiko duen ekitaldi handiena.

Oraingoan, proiektuak Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) emandako aitorpena jaso du, kultura zientifiko, teknologiko eta berrikuntzaren kultura sustatzeko laguntzen deialdiaren bidez.

Parke teknologiko eta zientifikoek talentu berria erakartzeko, eta hala, berrikuntza-sistema lehiakorrago egiteko helburua lortzeko duten gaitasuna nabarmendu nahi izan du APTEk.

Partekatu

Beste berri batzuk