Zientzia Parkea aurten abiaraziko da

Bizkaia

Leioako Zientzia Parkea, Unibertsitateak eta enpresak beren arteko lotura sendotuko duten gunea izango dena, eratzen hasi da. Atzo, Euskadirentzako proiektu ‘estrategiko’ honetan parte hartzen duten erakundeetariko bik -EHUk eta Eusko Jaurlaritzak- funtsezko urratsak eman zituzten egitasmoa praktikan jartzeko: alde batetik, ikasketa-organoak instalazioak hartuko dituen lurzoruan obrei ekiteko hitzarmena onartu zuen eta, bestalde Hezkuntza eta Industria Sailek 35 milioi euroko baterako inbertsioa iragarri zuten gunea urbanizatze eta lehenengo eraikinak egite aldera. EHUko errektoreak, Iñaki Goirizelaiak, eta Isabel Celaá kontseilariak Bilbon aurkeztu zituzten Euskadiko lehen zientzia Parkea sortuko duten ‘aurrerapen garrantzitsu’ horiek. Unibertsitateko arduradunak nabarmendu zuenez, ‘bikaintasunerako eta berrikuntzarako gunea’ da, ‘ikerketa eta unibertsitate-enpresa harremanak sustatzeko’ helburuarekin. Obrak urteko azkeneko hiruhilabetean hasiko diren arren, guneak ‘hamar edo hamabost urte’ beharko ditu finkatzeko. ‘Pazientzia izan behar dugu, Zamudioko Parkeak ere denbora bat behar izan zuen osatzeko’, gogorarazi zuen Goirizelaiak. Bere Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiaren arabera, EHUk laster Zamudioko gunearen kudeatzailea den Bizkaiko Teknologi Elkartegia sozietatearekin lankidetza-hitzarmena sinatuko du eta ondorioz, erakunde horren kapital sozialean eta administrazio kontseiluan sartuko da. Horren truke, Unibertsitateak 75 urtez doan lagatuko dio zientzia-gunerako lekua, Leioako campusaren barruan dagoen 188.000 metro koadroko lursaila, alegia.

Partekatu

Beste berri batzuk