ZIV euskal enpresa CG multinazional indiarraren arlo estrategiko baten buru izango da

Bizkaia

  • Avantha holding-ean integraturiko Crompton Greaves enpresa-taldeak –sare elektriko adimendunetan aurrendaria den euskal enpresa eskuratu zuen iragan udan – datorren astean egingo du aurreneko Administrazio Kontseilua Euskadin.
  • Lehendakaria eta CGko Kontseiluko presidentea bertan egongo direlarik, ZIVek apirilaren 19an, ostiralean, inauguratuko du smart grid-en I+G laborategirik handienetako bat, 500 kontagailu adimendun baino gehiago kudeatzeko ahalmena duena.

Zamudion duen egoitza sozialean ZIV euskal enpresak aurreneko aldiz hartuko du Crompton Greaves (CG) multinazionalaren Administrazio Kontseilua, CGk hura eskuratu eta 10 hilabete geroago. CG enpresa-taldea Avantha holdingean integratuta dago, alegia, Indiako enpresa-talderik handienetakoan, urtero 2.000 milioi euroko fakturazioa eta 22.000 langile inguru ditu 20 herrialde baino gehiagotan.

CGko Administrazio Kontseiluak apirilaren 18an eta 19an egingo duen bilera dela eta, enpresa-holdingaren zuzendari gorenek lehenengo aldiz bisitatuko dituzte ZIVek Bizkaiko Teknologia Parkean dituen instalazioak. Horrek erabateko oniritzia emango dio Gautham Taphar jaunak zuzentzen duen taldeak hartutako erabaki estrategikoari, ZIV eskuratu ondoren, Euskadin smart griden bikaintasun-zentroa sortzea erabaki baitzuen.

ZIVek aukera aprobetxatuko du bikaintasun teknologikoko bere instalazioak aurkezteko eta, zentzu horretan, bere jabe berriekin batera inauguratuko du smart griden –sare elektriko adimendunak– I+G laborategi garrantzitsua. Horren bidez, nazioarteko korporazioaren barruan aurrendari nahiz erreferente gisa duen posizionamendua sendotu nahi du bere lau negozio-unitateetako batean, Power Automation arloan hain zuzen ere.

Beharbada, smart griden laborategirik handiena da une honetan munduan, bost transformazio-zentroko banaketa sarea 500 kontagailu adimendun baino gehiagorekin kudeatzeko duen ahalmenagatik. Proba eta entseguak egiteko laborategia da, aparatuen errendimendua egoera errealetan ebaluatzeko punta-puntako teknologiaz hornitua, eta azken finean energia elektrikoa banatzeko sareari dagokion guztia biltzen du, hala nola, kontagailuen telekudeaketa, komunikazioak eta behe- nahiz erdi-tentsioa gainbegiratzea.

Smart griden laborategi aurreratu horren inaugurazio-ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izango da, Avantha Taldeko presidente Gautham Thapar jauna, Crompton Greaveseko zuzendari nagusi Laurent Demortier eta ZIVko presidente Norberto Santiago lagun izanik.

CGko Administrazio Kontseiluko zuzendaritzak, Gautham Thapar presidentea buru duela, sare elektriko adimendunen esparruan ZIVek eragile estrategiko gisa lortutako posizionamendua bermatzen du, bai eta Power Automation negozio-unitatearen lidergoa bere gain hartzeari dagokionez, euskal enpresan –bikaintasuneko gaitasun teknologikoak dituen aliatua – konfiantza izateko hartutako erabakia ere.

ZIV da CGek sortutako Power Automation negozio-unitatearen aurrendaria, lehendik zeuden 3 unitateen osagarri dena: Power, Industrial eta Consumer. Hala, CGk bere produktu-zorroa osatu eta smart gridei dagokionez duen posizionamendua sendotu du. Aipatu negozio-unitateko lider izaki, ZIV-CGek garapen teknologiko guztia bideratu du arlo horretara eta, zentzu horretan, I+Gn egindako inbertsio guztia unitate horretan bilduko du.

CG Taldean ZIV sartzearekin batera, negozio-bolumenak jauzi nabarmena eman du, hots, eskuratzea baino lehenago kudeatzen zituen 70 milioi eurotatik 2014rako aurreikusten diren 145 milioi eurotara. Gidatu beharreko pertsona-taldea ere nabarmendu beharra dago eta, zentzu horretan, ZIVek 600 pertsona inguruz osatutako profesional-taldea zuzenduko du Erresuma Batuan, AEBetan, Irlandan eta Brasilen, bai eta enpresak Bizkaiko Teknologia Parkean duen egoitzan eta Bartzelonan nahiz Madrilen dituen ordezkaritzetako profesionalak ere.

Negozio-unitatearekin lotutako eta Zamudiotik zuzentzen den enpresa-konglomeratua 3 unitatetan antolatzen da komertzialki: SAS – Azpiestazioen automatizazioa, DAS – Banaketa-automatizazioa eta, azkenik, TRANSIT, trenbideen merkaturako soluzioetan espezialista eta AEBetan, Bretainia Handian eta Indian potentzial handia duena.     

  • Euskadiren eta Indiaren arteko enpresa-topaketa Deustuko Unibertsitatean

Crompton Greavesek Euskadin egingo duen Administrazio Kontseiluaren testuinguruan, apirilaren 18an Euskadiren eta Indiaren arteko enpresa-topaketa gauzatuko da Deustuko Unibertsitateko Liburutegian, IIBZn, konpainia indiarra Euskadiko enpresaburuengana hurbilarazteko xedearekin. Bertan erakunde nahiz enpresetako ordezkari garrantzitsuak egongo dira.

Partekatu

Beste berri batzuk