120 ahots behar dira ‘Abestu Euskadiko Orkestrarekin’ ekimen berrirako

Gipuzkoa

Proiektu parte-hartzaile honen lehen edizio honetan abeslari ez profesionalek eszenatokira igo eta Euskadiko Orkestrarekin abesteko aukera izango dute

‘Va Pensiero’, ‘Il Trovatore’ eta ‘Maite’ kantatzea errealitate bihur daiteke orkestra handi batekin zuzenean abestu nahi dutenentzat

Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenak lehen edizioa estreinatuko du Denboraldi Sinfonikoaren baitan, Glanert / Brahms izeneko eta Christoph-Mathias Muellerrek zuzendutako kontzertu-programan. Kontzertuak martxoaren 13 eta 17an izango dira Donostiako Kursaal Auditoriumean eta martxoaren 15ean Bilboko Euskalduna Jauregian.

Proiektu hori gauzatzeko, 120 ahots anonimo eta boluntario bildu behar dira guztira, eta Euskadiko Orkestraren webgunean eman beharko dute izena parte hartu nahi duten herritarrek abenduaren 10a baino lehen. Ezinbestekoa da gutxieneko musika-prestakuntza izatea eta partiturak irakurtzen jakitea. Ondoren, 10 entseguetako ahalik eta gehienetara joatea eskatuko da.

Va PensieroIl Trovatore eta Maiteren interpretazioak (abesbatza misto eta orkestrarako) kontzertuen 10 eta 15 minutu artean hartuko ditu, eta Easo Abesbatzako 40 kide izango dira entsegu batzuetan zein eszenatokian aukeratutako herritarren abesbatzari laguntzeko.

Euskadiko Orkestrak aparteko aukera hau baliatzera animatzen ditu herritarrak; horietako batzuentzat agian amets bat da orkestra handi baten ondoan eta eszenatoki garrantzitsuetan zuzenean abestea. Informazio guztia eta izen-emateak euskadikoorkestra.eus-en.

Ekimen hau ARTIS+, artea gizarteratzeko proiektuaren baitan sartzen da. Euskadiko Orkestrak 2027ra arte parte hartuko du mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen Europako proiektu honetan, beste hainbat bazkiderekin batera, tartean, Orchestre National du Capitole de Toulouse, L’Auditori eta Bartzelonako OBC Orkestra, eta Pauko Orkestra.

Parte hartzeko baldintzak

  • Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da gutxieneko musika-prestakuntza izatea eta partiturak irakurtzen jakitea.
  • Parte hartzeko gutxieneko baldintzak betetzen dituztenen artean zozketa egingo da. Hautatua izan ez dena itxaron-zerrendan geratuko da, bajak gertatuz gero. Izena emateak ez du parte hartzea bermatzen.
  • Aurreikusitako 10 entseguetara ahalik eta gehienetara joatea eskatzen da.
  • Lehen entsegua baino lehen, ahots- eta piano-partitura eta ahotsen grabazioak parte-hartzaileen eskura jarriko dira.

Datak

  • Izen-ematea: azaroaren 19tik abenduaren 10era.
  • Zozketa eta hautatutako ahotsen jakinarazpena: abenduak 18.

Entsegu-plana

  • 10 entseguen datak: 2025eko urtarrilaren 15etik martxoaren 12ra. Egutegi osoa hemen ikusi.
  • Entsegu gehienak asteazkenetan izango dira, 19:30etik 22:00etara.
  • Tokia: Euskadiko Orkestraren egoitza (Miramon Pasealekua, 124, Donostia).

Kontzertuak

Glanert / Brahms programa sinfonikoa

Zuzendaria: Christoph-Mathias Mueller
Abesbatzaren zuzendaria: Gorka Miranda
Abesbatza: Easo Abesbatza

Datak:

  • Donostia (Kursaal Auditoriuma): 2025eko martxoak 13 eta 17.
  • Bilbao (Euskalduna Jauregia): 2025eko martxoak 15.

Obrak:

  • Va PensieroNabuco (Giuseppe Verdi)
  • Coro di Zingari. Il Trovatore (Giuseppe Verdi)
  • Maite. Zortziko vasco (Pablo Sorozábal)

Partekatu

Beste berri batzuk