20 bat kirol-jardueratan 6.000 lagunek parte hartzea espero da Euskaltelen III. Kirol Egunean

Bizkaia

  • Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala —Bizkaia Bizkaialde Fundazioaren eta Bilbao Kirolak-en bidez— lankidetzan aritu dira Euskaltelekin egun bat familian mota guztietako kirolak eginez igaro nahi duten guztientzako ekitaldi hau antolatzen.
  • Euskaltelen 3. Kirol Egunean, desgaitasun intelektuala duten pertsonak gizarteratzeko 4ko futboleko txapelketa bat egingo dugu arratsaldean, Athletic Fundazioaren laguntzarekin.
  • Aurtengo beste berrikuntzetako bat da 16 kilometroko zirkuitu bat egongo dela Bilboko bidegorrietatik patinetan ibiltzeko, Roller Bilbok antolatua.
  • Goizean (10:00etatik aurrera) jokatuko diren hasiberri eta benjaminentzako 4ko futboleko eta 5eko minisaskibaloiko txapelketetan parte hartu nahi dutenek ostiraleko 14:00ak baino lehen eman behar dute izena www.gozatueuskaltel.com webgunean.
  • Euskaltelen Kirol Eguna maiatzaren 31n (larunbata) izango da, 11:00etatik 20:30era, Bilboko Areatza Pasealekuan. 18 jarduera desberdin egongo dira doan gozatzeko.

euskaltelBadator Euskaltelen 3. Kirol Eguna. Datorren larunbatean (maiatzak 31), kirol ugaritarako kantxa erraldoi bihurtuko da Bilboko Areatza, adin eta publiko guztietarako txapelketak eta jokoak izango baitira bertan.

Aurten, nobedade gisa, desgaitasun intelektuala duten pertsonak gizarteratzeko 4ko futboleko txapelketa jokatuko da, Athletic Fundazioak eta Euskaltelek antolatuta. Desgaitasun intelektuala duten pertsonek, Athletic Clubeko beteranoek eta instituzioetako eta kirol-munduko pertsona ezagunek osatuko dituzte taldeak. Arratsaldean jokatuko den txapelketa horrekin, jendea sentsibilizatu nahi dugu, eta erakutsi nahi diogu desgaitasuna dutenak nork bere burua gainditzeko erronkaren adibide direla eta kirola elementu integratzailea izan daitekeela. Arratsaldeko 17:30ean hasiko dira 10 minutuko partidak. Zortzi talde mistok jokatuko dute, txapelketaren irabazlea erabakiko duen azken kanporaketara iritsi arte.

Aurreko urteekin alderatuta, nobedade nagusi hauek ditugu: batel edo traineru txikietako arraunketa, zumba-saioak eta jumping-a. Gainera, Bizkaiko eliteko zenbait taldek erakustaldiak egingo dituzte, eta beren ezagutzak publikoarekin partekatuko dituzte zenbait kiroletan parte hartuz: sokatiran, herri-kiroletan, pilotan, errugbian, futbolean eta saskibaloian.

Goiz osoan zehar (10:00etatik aurrera), hasiberri eta benjaminentzako 4ko futboleko eta 5eko minisaskibaloiko txapelketak jokatuko dira. Parte hartu nahi dutenek ostiraleko (maiatzak 30) 14:00ak baino lehen eman behar dute izena www.gozatueuskaltel.com webgunean.

Jaio zeneko espiritu berarekin jarraitu nahi du Euskaltelen Kirol Egunak: urteroko kirol-ekitaldi erreferentea izan nahi du Euskadin, kirola lehia-espiritu osasuntsuz gozatu nahi duten neska-mutil, familia eta beste guztien parte-hartzea bultzatzeko.

Horretarako, 20 kirol-jarduera izango dira Bilboko Areatzako kaian hasi eta Udaletxeko zubiraino:

–      Zumba-eskolak, monitore eta guzti, 11:15etik aurrera, ordu oro.

–      4ko futbola (2002 eta 2005 bitartean jaiotako umeentzat), 10:00etatik aurrera, goiz osoan zehar.

–      5eko minisaskibaloia, adin-kategoria beretarako.

–      Saskibaloi egokitua.

–      Eskalada-murrua.

–      Giza futbolina.

–      Jumping-a.

–      Frontainer: praktikatzeko eta ikasteko frontoia.

–      Futbolinak, mahai-tenisa, ludoteka, surf-ohol mekanikoa…

–      Herri-kirolak eta abar.

Eta Udaletxeko zubira gerturatuz gero, Pio Baroja plazako pantalanean, piragua eta bateletan (traineru txikiak) ibili ahal izango da, Bizkaiko zenbait arraun-taldetako kideen laguntzarekin.

Bizkaiko klub eta taldeen erakustaldiak

Bizkaia Bizkaialde Fundazioaren lankidetzari eta babesari esker, 4ko futboleko (Bilbao Sala eta Stilo Berrio) eta 5eko saskibaloiko (Ibaizabal Galdakao) eliteko taldeak izango ditugu gurekin, bai eta Bilbao BSR gurpil-aulkiko saskibaloi-taldea (A ohorezko dibisioan dabil) eta Bizkaiko zenbait arraun-talde ere. Sokatira-talderik onenetako bik ere erakustaldiak egingo dituzte: Goierrik eta Gaztedik. Horiek guztiek beren teknikak erakutsiko dituzte, eta parte hartzera gonbidatuko dituzte bertaratzen direnak. Mahai-tenis egokituko munduko rankinaren buru den Iker Sastre palistak ere erakustaldia egingo du.

Aurtengo beste nobedadeetako bat izango da patinetan ibili nahi dutenek 16 kilometroko ibilbidea izango dutela Bilboko bidegorrietan ibiltzeko. Roller Bilbaoko kideek prestatu dute zirkuitu hori, eta animatzen direnei bi irteera-ordu eskainiko diete: 11:30 eta 17:30.

Errugbia ere izango dugu aurtengo jardunaldian, Bilbao Rugby unibertsitate-taldeari esker. Moda-modako kirol horretako zenbait teknika erakutsiko dizkiete bertaratzen direnei.

Bestalde, Tolosa, Mendizabal III.a, Zubieta, Aretxabaleta, Elezkano II.a eta Iza pilotariek ere hartuko dute parte III. Kirol Egunean, joko-erakustaldiak eginez eta sariak banatuz.

Pasaportea eta sariak

Denek parte hartzea da jardunaldi honen helburu nagusia. Horretarako, opariak eta sariak ditugu prestatutako kirol-modalitateetan parte hartzen dutenentzat. Eskuratutako zigiluen arabera banatuko dira opariak. “Familiako pasaporte” bat izango dute parte-hartzaileek, eta monitoreek zigiluak emango dizkiete Euskaltelen III. Kirol Eguneko jarduera eta kiroletan parte hartzeagatik.

JARDUEREN ORDUTEGIA

10:00              9-12 urte bitarteko umeen 4ko futboleko txapelketen eta minisaskibaloiaren hasiera.

11:00              Ekitaldi-irekiera eta gainerako jardueren hasiera.

11:00              Erakustaldi hauek:

–       Pio Barojako pantalanean arraun-klubak.

–       Bilbao BSR – Gurpil-aulkiko saskibaloia.

12:00              Erakustaldi hauek:

–       Sokatira: Gaztedi eta Goierri klubak.

–       Mahai-tenisa: Iker Sastre.

13:45              Erakustaldi-partidak, txapelketaren finalistekin batera:

–       Bilbao Sala (emakumezkoen futbola).

–       Stilo Berrio (emakumezkoen futbola).

–       Ibaizabal Galdakao (emakumezkoen saskibaloia).

14:00              4ko futboleko txapelketen eta minisaskibaloiaren sari-banaketa.

14:30 – 17:00   GOIZEKO JARDUEREN AMAIERA

17:00              Arratsaldeko jardueren hasiera.

17:00              Desgaitasun intelektuala duten pertsonak gizarteratzeko txapelketa.

                        Desgaitasun intelektuala duten pertsonak gizarteratzeko txapelketaren sari-banaketa.

20:30              Jardunaldiaren amaiera.

 

Partekatu

Beste berri batzuk