200 enpresak baino gehiagok partekatu dituzte itunei buruzko esperientziak Euskaltelek antolatutako Prest’14 ekitaldian.

Gipuzkoa

  • Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua izan da ekitaldiaren buru, eta atzerriko inbertsioetarako ingurune abegikor bat sustatzearen eta ekosistema erakargarri bat indartzearen alde egin du.
  • PREST urteroko ekitaldi bat da, Euskaltelek antolatua enpresa txiki eta ertainentzat, eta irekia, orobat, interesdun ororentzat, kudeaketa-arloan sortzen ari diren ideien inguruan topaguneak sortzeko.

Prest 14_Arantxa Tapia200 enpresa baino gehiago bildu dira gaur goizean Kursaalean “Elkarrekin, handiago” izateko. Lelo hori izan du Prest’14 ekitaldiak. Ekitaldi hori Euskaltelek antolatu du, helburu honekin: enpresentzako aukera-eremuak bilatu eta itun estrategikoko prozesuen kudeaketari buruzko ideia berriei aukera eman.

Alberto García Erauzkin Euskalteleko lehendakariak egin die ongietorria Prest edizio berri honetako parte-hartzaileei. Topagune irekia da enpresentzat eta gizartearentzat oro har, ideia eta esperientzia arrakastatsuak partekatzeko, eta huts egin ezin den hitzordu bilakatu da elkarrekin jardunez hazi nahi duten euskal enpresentzat. Jardunaldiaren leloari buruz ere hitz egin du: “Elkarrekin, handiago. Hori da globalizaziora egokitzeko eta gure merkatuan bertan beste enpresa handiekin lehiatzeko aukera izateko bidea”.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak adierazi duenez,“Gobernu honen konpromisoa da atzerriko inbertsioetarako ingurune abegikor bat bultzatzea eta aliantzak sendotzeko ekosistema erakargarri bat indartzea,  ZTEk eta Euskaltelek egin duzuenaren ildo berari jarraituz. Horretan jartzen dugu gure ahalegin osoa”.

Bestalde, enpresek merkatuaren egoera aldakorretara egokitu beharraz hitz egin du Antonio Cancelo hizlariak, bai eta enpresen arteko lankidetza estrategikoari buruz ere, hazteko eta lehiakorrago izateko bide gisa. Hitzaldiaren ardatz gisa, hurbileko esperientzia arrakastatsuak baliatu ditu, hala nola Insalus (elikagaigintzako sektoreko lankidetzak), Ulma Servicios de Manutención (nazioarteko sinergiak), Ederfil Becker (itunak estrategia gisa) eta Gureak (desgaitasunen bat duten pertsonak lan-munduan sartzeko lankidetza-proiektuak).

Hitzaldiaren ondorengo solasaldian, Pello Guibelalde Adegiko lehendakariak, José Luis Larreak eta Fernando Ojeda Euskalteleko zuzendari nagusiak hartu dute parte. Han, ZTE telekomunikazio-enpresa erraldoiarekin oraintsu egindako aliantza umiltasun-gogoeta batetik abiatuta egin dutela azaldu du Fernando Ojedak. “Euskaltel lider da bere merkatuan, bere lurraldean; txikiak gara, baina. Hala, erabaki genuen gure lehentasuna bezeroa bada gure ahaleginak bezeroarekiko hurbiltasunean egin behar genituela, eta erabaki genuen, halaber, tamaina txikia izateagatik eragozpen genuena aliantza estrategikoen bidez osatuko genuela. Halaxe egin dugu GFIrekin eta ZTErekin sinatutako aliantzetan”. Amaia Urkia ETBko kazetari eta albistegietako gidariak dinamizatu du mahai-ingurua. Han, parte-hartzaile guztiak bat etorri dira bezeroa enpresen ardatz izatearen garrantziari buruz, baita teknologia eta lankidetza lehiakorrago izateko tresnatzat jotzean ere.

PREST urteroko ekitaldi bat da, Euskaltelek antolatua enpresa txiki eta ertainentzat, eta irekia, orobat, interesdun ororentzat, kudeaketa-arloan sortzen ari diren ideien inguruan topaguneak sortzeko. Topaketan, EAEko enpresen irudiak eta esperientziak erakusten dira, eta, azkenik, konexio-eremuak eta enpresan aplika daitezkeen kontzeptu berritzaileak ezagutzeko aukerak bultzatzen ditu.

Aurreko urteetan, enpresa-topaketa honek hainbat gai interesgarri jorratu ditu: interaktibitatea, I+G+B, sare sozialak, Enpresaren Erantzukizun Soziala, ekintzailetza, Interneteko publizitatea, deszentralizazioa, nazioartekotzea eta emozioen kudeaketa, besteak beste.

Partekatu

Beste berri batzuk