350 euskal ikaslek baino gehiagok aurkeztu dituzte ikaskuntza hobetzeko proiektu berritzaileak

Bizkaia

Zornotzako Karmengo Ama Ikastetxeko (Bizkaia), Barakaldoko Colegio El Regatoko (Bizkaia) eta Arrasateko Arizmendi Ikastolako (Gipuzkoa) taldeak lehenengo, bigarren eta hirugarren tokian geratu dira, hurrenez hurren, FIRST Lego League Euskadi zientzia eta robotika txapelketako seigarren edizioan.
6 eta 16 urte arteko 350 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte aurten Junior FLL (6-9 urte) eta FLL Euskadi (10-16 urte) lehiaketetan, beren robotak diseinatuz eta epaimahai aditu baten aurrean zientzia-proiektuak defendituz. Ikasteko prozesuak nola hobetu da aurtengo gai edo erronka.

FLL Euskadi kirol-ekitaldien formatua duen lehiaketa da, berrikuntza, zientzia, robotika eta talde-laneko gaitasunak garatu nahi dituena, gazteei erraztuz gai hauetan adituak diren profesionalekiko lankidetza.

DCIM106GOPROZornotzako Karmengo Ama Ikastetxeko (Bizkaia), Barakaldoko Colegio El Regatoko (Bizkaia) eta Arrasateko Arizmendi Ikastolako (Gipuzkoa) taldeek FIRST LEGO LEAGUE (FLL) Euskadiko zientzia eta robotika lehiaketako seigarren edizioko lehen, bigarren eta hirugarren sariak irabazi dituzte, hurrenez hurren. Lehiaketa Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen du. Defendituriko zientzia-proiektuaren sormenagatik, diseinaturiko robotaren fidagarritasunagatik eta honela erakutsitako balioengatik sailkatu dira Espainiako finalean parte hartzeko; martxoan izango da Tenerifen. Han izango dute aukera Europako txapelketara edo Ameriketako Estatu Batuetako World Festival-era joateko, non euskal taldeek baduten esperientzia, beti lortu izan baitute nazioarteko txapelketetan parte hartzea.
FLL Euskadin parte hartu duten 10 eta 16 urte arteko ikasleez gain, Junior FLLekoen erakustaldia izan da, eta 6 eta 9 urte arteko haur hauek ere garbi erakutsi duten beraiek ere berritzaileak direla. Azalpenak eman dituzte (batzuek ingelesez) eta beren robota erakutsi dute. Guztira, 350 ikaslek hartu dute parte; ekinbide hauek euskal ikasleen zientzia eta teknologiako bokazioak sustatzen dituzte, eta beraien espiritu berritzailea elikatzen dute, kirol-ekitaldien antzeko formatu dibertigarriaren bidez.
Antolatzaileek aurten mundu osorako ─70 herrialdetan daude lehiaketak─ bota duten erronka ikaste-esperientzia nola hobetu da, eta hori talde bakoitzak aukeraturiko gai zehatz baten inguruan: matematika, jaurtiketak saskibaloian, uraren zikloa, entzumen-murrizketa duten pertsonena, etab.
Ehunka pertsona etorri dira Euskaltelek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen egoitzara, bertan izan baita txapelketa, eta hori 100 boluntarioren lanari esker, eta eragile estrategikoen babesari esker: Euskaltel fundazioa, “la Caixa” Gizarte Ekintza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia. Baita ere txapelketaren babesle izan dira Euskal Herriko Telekomunikazioetako Ingeniarien Elkartea, Tecnalia, Virtualware, UPV/EHU, Vicomtech-IK4, CEIT-IK4, Tecnun, Deustuko Unibertsitatea, Decathlon Barakaldo eta Ausolan.
Astronautak eta errealitate birtuala
Beste hainbat gauza ikusteko aukera ere izan da: Europako Espazio Agentziako entrenamendu-buzo bat, zer itxura duen astronautek elikatzeko hartzen duten janari deshidratatuak, Lego piezak erabilita egindako tximeleta efektua, lehenengo bideojoko eta roboten bilduma bat, eta Formula Student-en auto elektriko eserleku bakarrekoa (EHUko ingeniaritzako ikasleek egina). Tecnaliak emandako teknologiari esker, paseo bat eman ahal izan da Bilboko itsasadarrean errealitate birtualeko betaurrekoei esker, eta Erdi Aroko Gasteizen berreraikuntza interaktiboa ikusi da 3D-n.
Egunean zehar gazteak harro agertu dira azken hilabeteotan egindako lanaz, horietan zehar robota programatzen eta diseinatzen eta zientzia-metodoari jarraituz proiektu bat garatzen ikasi dutelarik. Epaile eta arbitroek, enpresa, unibertsitate eta teknologia-zentroetako profesionalek beraien ahalegina baloratu dute deliberatzeko orduan.
Berrikuntza Eskola
FLL Euskadi-k dibertitu eta ondo pasatuz hezten ditu ikasleak zientzia eta teknologian, berrikuntzaren ikuspegitik pentsarazten eta jarduten laguntzen die, gai hauetan bokazioak sortzen lagunduz. Honela, Innobasquek “Berrikuntza Eskolaren” barruan sartzen du ekinbide hau, eta hezkuntza-programa egituratu honen parte dira “Cleantech Now!” eta “TrainInn Lab” ere. Helburua ekintzailetza, sormena eta berrikuntza sustatzea dira adin guztietako gazteen artean.

Partekatu

Beste berri batzuk