400 enpresa inguruk parte hartuko dute aste honetan Intergune2015 ekitaldian, atzerriko proiektuetarako aholkularitza foroan
– SPRI Taldeak antolatutako ekitaldi hori apirilaren 27tik 29ra egingo da EAEko hiru teknologi parkeetan
– Iaz Garapenerako Euskal Agentziak 359 laguntza-zerbitzu eman zituen 176 enpresarentzat
400 euskal enpresa inguruk parte hartuko dute apirilaren 27tik 29ra egingo den Intergune2015 foroan eta foro horren bidez jakingo dute beren proiektu eta ekimenek baduten aukerarik atzerrira irteteko. Ekitaldia egunero egingo da Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako teknologi parkeetan, antolatzaile delarik SPRI Taldea, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentzia. Hiru jardunaldietan konpainiek bertatik bertara galdetu, egiaztatu eta aztertu ahal izango dute beren negozio proiektu eta ekimenek ba duten aukerarik gure mugetatik kanpo irteteko, eta nolanahi ere Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute nazioartekotzeko.
Iaz SPRIk 359 laguntza-zerbitzu eman zituen 176 euskal enpresarentzat, nazioartekotu nahi duten enpresek eskura duten eskaintzaren erakusgarri. Iazko otsailetik martxora egindako Intergune2014 ekitaldian 598 elkarrizketa egin ziren, gehienak Europari buruzkoak, izan ere eremu geografiko horri buruzko 213 elkarrizketa egin ziren (%35,62).
Aurtengo foroan SPRIk munduan barrena dauzkan ordezkariek (kanpo sareak presentzia du 70 herrialde baino gehiagotan, eta bulego propioak horietako 15etan) era askotako laguntzak eta informazio orokor nahiz partikularra emango dizkiete euskal enpresei, dela herrialde edo eremu geografikoei buruz, dela aurkezten dituzten negozio proiektuen alderdi zehatzei buruz. Bilera horietan baloratuko dute, adibidez, atzerriko negozio-aukera batek ba ote duen behar adinako giza baliabiderik eta baliabide ekonomikorik, produktua lehiakorra den edota jarduera sektoreak ba ote duen merkatu nitxorik hautatutako herrialdean. Gainera, kontsumoaren bilakaerari eta joera aldaketei buruzko informazioa emango dute, azalduko dute aldaketa horiek nola eragin duten merkatuko lehentasunetan eta zeintzuk diren herrialde garrantzitsuenetako aukera eta zailtasunak. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete http://www.spri.eus/es/eventos/intergune-2015-encuentros-con-la-red-exterior-de-spri-en-euskadi helbidean.
Intergune2015 hiru lurraldeetan egingo da. Apirilaren 27an Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkean egingo da eta Peru (negozio eta inbertsio aukerak eta enpresak eratzeko marko legala) eta Estonia (Baltikorako atea, 200 milioi kontsumitzailerekin) izango ditu ardatz. Apirilaren 28an Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean izango da, non gai hauek landuko baitira: Irango aldaketak eta negozio aukerak, Txinaren egungo egonkortasun egoera eta bere ekonomiaren etorkizuna, eta I+G+B-ren nazioarteko finantzaketa. Apirilaren 29an egingo da azken jardunaldia, Arabako Teknologi Parkean egingo da eta gaikako hitzaldiak eskainiko dira: giza baliabideen eta zerbitzu profesionalen kudeaketa Estatu Batuetan, Japoniaren aukerak eta erronkak eta Marokon inbertitzeko aukerak.