500 euskal enpresak parte hartuko dute aste honetan hiru teknologi parkeetan SPRI Taldearen laguntzak eta zerbitzuak aurkezteko egingo diren jardunaldietan

Gipuzkoa

Topaketak martxoaren 13, 14 eta 16an egingo dira Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko teknologi parkeetan

Teknologi Parkeen Sareak SPRI Taldearen antenak izango ditu hiru lurraldeetan

Hona hemen 2018ko nobedade batzuk: Zibersegurtasunerako eta nazioartekotzea bultzatzeko laguntzak, eta ETEei 4.0 Industria hurbiltzeko neurriak

IMG_5264Euskal enpresetako 500 profesional inguruk parte hartuko dute aste honetan SPRI Taldeak (Eusko Jaurlaritzako Enpresen Garapenerako Agentziak) eta Teknologi Parkeen Sareak antolatu dituzten hiru saioetan, bertatik bertara aurkezteko Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak arlo hauetan daukan eskaintza: 4.0 Industria, zibersegurtasuna, nazioartekotzea, berrikuntza, ekintzailetza, teknologia, finantzaketa, industrialdeen modernizazioa edota teknologi parkeetako zerbitzuak.

Lehenengo saioa gaur izan da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean, hurrengoa bihar (hilaren 14an) izango da Arabakoan, eta azkena ostiralean (hilaren 16an), Zamudion kokatutako Bizkaiko parkean. Parkeen Sareko zuzendari Itziar Epalza eta SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Aitor Cobanera buru izan dira gaurko jardunaldian, eta ondoan izan dituzte orobat SPRI Taldeko, Euskadiko Nazioartekotze Agentziako eta Arrisku Kapitalaren Sozietateko zuzendariak eta arduradunak.

Azkenaldian urtero egiten diren jardunaldi horien helburua da informazio zehatza ematea laguntzei eta zerbitzuei buruz (ikusi aurkezpena), aukera ematea zalantzak argitzeko eta SPRIko edo teknologi parkeetako solaskideak identifikatzea, horiek izango baitira SPRI Taldearen antena gisa arituko direnak harreman zuzenagoa izateko euskal enpresekin.

Zentzu horretan, urte honetatik aurrera, SPRI Taldeko antena horiek aldian behin joango dira Teknologi Parkeen Sareko hiru egoitzetako instalazioetara, enpresek programa eta zerbitzuei buruz egiten dizkieten kontsultak erantzuteko eta orientazioa emateko SPRI Taldeko laguntzekin bat etor daitezkeen enpresa proiektu zehatzen inguruan. Antena horiek apirilean hasiko dira funtzionatzen eta hilean behin joango dira teknologi parke bakoitzera. Horretarako, aldez aurretik hitzordua hartzeko zerbitzu bat eskainiko da.

Laguntza eta zerbitzu horietatik ondoko hauek nabarmentzen dira, nobedadea direlako edo garrantzi estrategikoa dutelako: abian jarri da zibersegurtasun industrialerako lehen laguntza programa, nazioartekotze programak bultzatu dira bi proposamen berrirekin, eta finkatu egin dira 4.0 Industriaren arloko programak (Basque Industry 4.0). Eta horiei Teknologia arlora bideratutakoak gehitu behar zaizkie, kopuru handiak banatzen dituztelako espezializazio adimenduna lantzeagatik (fabrikazio aurreratua, energia eta bio-osasungintza).

Zibersegurtasun programa

Hala, SPRI Taldeak abian jarri du Zibersegurtasun Industrialerako lehen laguntza programa, manufakturako enpresa industrialetako IT/OT inguruneetan (Information Technology/Operational Technology) zibererasoetatik babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa lantzen duten proiektuei zuzendua dagoena.

Zibersegurtasun Industrialerako laguntza-programak 600.000 euroko zuzkidura izango du aurten, eta %50eko finantzaketa emango du hardwarean eta softwarean eginiko inbertsioak nahiz aholkularitzako edota ingeniaritzako gastuak estaltzeko, proiektu bakoitzak 18.000 euroko diru-laguntza jasoko duelarik gehienez. Eusko Jaurlaritzak programa hori bultzatu du, konpromisoa hartua duelako zibersegurtasun industrialarekin eta konpromiso hori betez Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa (Basque Cybersecurity Centre) sortu zuelako joan den urrian.

Nazioartekotzea

Enpresen Nazioartekotze Planari jarraiki, Euskadiko Nazioartekotze Agentzia – Basque Trade and Investment sortu da SPRI Taldearen barruan, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan dauzkan gaitasunak eta aktiboak integratu eta indartzeko, eta bere ekintzaren eraginkortasuna, kalitatea eta irismena hobetzeko. Nazioartekotze Planak programa berri bi barne hartzen ditu, horiekin osatzen delarik Eusko Jaurlaritzaren orain arteko nazioartekotze laguntzen eskaintza.

Horietako bat da “Pilotu” programa, aurten 200.000 euroko aurrekontua duena. Bere helburua da laguntza ematea inbertsio publikoko proiektu pilotuak martxan jartzeko atzerrian. Enpresak egindako inbertsioaren %50 finantzatuko da, gehienez 50.000 €ko mugarekin. Beste nobedade bat da “Sakondu” programa berria, 800.000 eurokoa,  ETE nazioartekotuei zuzendua eta helburutzat daukana enpresen lehiakortasuna hobetzea posizio ahula duten merkatuetan. Hainbat ekintzatarako laguntzak emango dira, besteak beste, merkatu azterketak egiteko, azoketara joateko, bidaiak eta alderantzizko misioak egiteko edota sustapen eta publizitate materialetarako. Diru-laguntzek gastuen %30eraino estaliko dute, eskaera bakoitzak gehienez 20.000€ jasoko dituelarik.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak nazioartekotzeko ematen dituen laguntzen arloan, aipatzekoa da eguneratu egin direla zenbait programa: Gauzatu Atzerriko Ezarpenak (5 milioi euroko aurrekontuarekin), Global Lehian (nazioarteko jarduera sustatzeko programa, bakarka edo lankidetzan) eta Elkartzen 2025 (nazioartekotzea lankidetzan sustatzeko).

Nazioarteko profila duten giza baliabideei dagokienez, mantendu egin dira Beint eta Global Training bekak, zeintzuen helburua baita atzerriratutako euskal profesionalei itzultzen laguntzea, beren esperientzia eskain diezaieten euskal enpresei. Aurten berriro jarriko da abian Landhome programa.

Basque Industry 4.0 estrategiaren errotzea eta Berrikuntza

Bestalde, Ekonomi Garapen Sailaren Basque Industry 4.0 estrategiak –RIS3 espezializazio adimenduneko politikaren barruan kokatua– eta bere hiru lehentasunek (Energia, Fabrikazio Aurreratua eta Bio-osasungintza), errotze-fasean jarraitzen dute; hala, diru-partidak handitu zaizkie, bai 4.0 Industria arloko programa espezifikoei, bai industrian I+G garatzera zuzendutako Teknologia arloko programei, zeintzuk argi bideratuta baitaude hiru lehentasun horietara.

Basque Industry 4.0 programek (2,5 M) erantzuna ematen diete gero eta proiektu gehiagori, eta, bestalde, Teknologiako programek (Hazitek, Elkartek eta Emaitek+) 169 milioi euro banatzen dituzte, ETEen eta eragile teknologikoen arteko lankidetza ekimenak laburragoak izan daitezen eta prozesu eraginkorragoa izan dezaten merkatura iristeko eta lidergo posiziotik lehiatzeko.

Berrikuntza ez-teknologikoak 2,5 milioi euro ditu Innobideak Estrategiarako, hau da, Lehiabide, Kudeabide, Pertsonak eta Prestakuntza arloetarako eta informazio gizartearen arloko programek 7,5 milioi euro dituzte.

Informazio gizartearekin estu lotuta dago banda zabaleko konektagarritasunaren arloko PEBA Plana, zeinak iaztik hasita 8 milioi euro jasotzen baititu Eusko Jaurlaritzarengandik. Plan horrek urrats bat gehiago eman du aurten azpiegituren arloan industrialdeen Renove programa berria abiaraziz eta, bide horretatik, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen enpresa-azpiegitura guztiak modernizatuz.

Ekintzailetza eta Enpresen Sustapena

Ekintzailetzari zuzenean laguntzeko Ekintzaile programak 21 milioi euroko aurrekontua du. Hori osatzeko daude Ekintzaileentzako Basque Funtsa eta Bind 4.0 ekimena. Azken hori nazioarteko programa publiko-pribatu bat da, startupak azeleratzea helburu duena, eta startup onenen garapena bultzatzen duena 4.0 Industriako teknologia berrietan oinarritutako konponbideak erabiliz (datu handiak, errealitate birtuala/areagotua, robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, Internet of Things, 3D inprimaketa, e.a.) eta konponbide horiek manufaktura aurreratu, energia eta osasun arloetan aplikatuz.

Industria sustapenerako bi programa daude, 34 milioi euroko aurrekontuarekin: Gauzatu Industria (aurrerakin itzulgarriak oinarri teknologikoko ETEentzat edo ETE berritzaileentzat, enplegu sorkuntza ekarriko duten aktiboetan inbertitzeko), 26 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Indartu (produkzio arloko inbertsioa bultzatzeko Ibar Ezkerrean, Oiartzualdean eta %20tik gorako langabezia duten herrietan), 8 milioi euroko aurrekontuarekin.

SPRI Taldeak baditu euskal enpresei laguntzeko instrumentu transbertsalak, hala nola arrisku kapitaleko funtsak finantzaketa esparrurako, eta lurzoru eskaintza ingurune teknologiko espezializatuetan (Teknologi Parkeak) nahiz industrialdeetan eta ingurune industrialetan (proiektu industrialak kokatzeko).

Partekatu

Beste berri batzuk