60 euskal enpresak milioi erditik gora euro balio duen teknologia bat integratuko dute SPRIren laguntzari esker

Araba

–      2013ko lehen hiruhilekoan SPRIk 223.000 euroko zuzkidura ekonomiko bat onartu du +Digitala programaren bitartez, enpresen kudeaketa hobetuko duten IKT aplikazioak integratzen laguntzeko.

 

2013ko lehen hiru hilabeteetan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren bitartez, beren kudeaketa prozesuak hobetzen lagundu die 54 ETE eta 6 elkarteri, zeintzuek informazio teknologiak erabiltzen dituzten aplikazioak txertatu baitituzte. Helburu horrekin, SPRIk 223.000 euroko funtsak esleitu dizkio +Digitala ekimenari, eta hala, enpresa onuradunek 591.000 euro mobilizatu dituzte.

+Digitala programaren helburu nagusia da ETEen eta MikroETEen barneko prozesuak digitalizatzea. Bi ardatzen bidez artikulatzen da: batetik, zuzeneko laguntza ematen die enpresei +Hobeki digital@ ekimenaren bitartez eta, bestetik, +Lankidetza digitala proiektuaren bidez, enpresa sarean IKTak integratzen laguntzen du, lankidetza proiektuak babestuz.

2013ko lehen hiruhilekoan +digitala ekimenak sei proiektu lagundu ditu elkarteentzako atalean, baina esan behar da eragin biderkatzaile handia izan duela, kolektibo horietan enpresa kopuru handia biltzen delako. Hona hemen babestuko diren proiektuak:

–       402 enpresa batzen dituen Getxo Enpresa Elkarteak sustaturiko “Getxo Enpresa Elkarterako e-marketin tresnak” proiektua garatuko da. Helburu garrantzitsuenak bi dira: produktu eta zerbitzuak sustatzea eta enpresen bezeroak leialtzea, marketin elektronikoko tresnak integratuz.

–       CECOBIk, 5.000 saltoki biltzen dituen Bizkaiko Merkatarien Enpresa Konfederazioak, proiektu bat jarriko du martxan “CECOBIk eskaintzen dituen onlineko zerbitzu guztiak batzeko 2.0 web bati buruzko premien diagnostikoa” egiteko.

–       46 enpresa batzen dituen Valdegovia Eskualdeko Enpresarien Elkarteak “Añanako turismo atariei buruzko informazio plataforma eta esteka eta sakelakoetarako aplikazioa” garatuko du.

–       4.000 bazkide dituen Bizkaiko Industri Ingeniari Teknikoen Elkargoak “Estranet zerbitzu berriak” egiteko eta dispositibo mugikorretara egokitzeko proiektu bat gauzatuko du. Hala, elkartekide gehiagori eta beste kolektibo batzuei irtsiko zaie Estraneta.

–       15 elkartek osatzen duten Gipuzkoako merkatari elkarteen taldeak “Online saltzeko web aplikazioa” garatuko du, aukera emango diena DENDARTEANeko erabiltzaileei segurtasunez sartzeko.

–       Azkenik, Urremendi landa garapeneko elkarteak (80 enpresa barne hartzen dituenak) “Gernikako plaza App – mugikortasuna eta itinerantzia” izeneko ekimena jarriko du martxan. Mugikorretarako aplikazio bat da Gernikako merkatua promozionatzea helburu duena (Gernikako plaza), non merkatuaren elementu garrantzitsuenak bilduko baitira ikuspegi promozionaletik, eta etorkizuneko garapenean kolaboratuko da.

Beste laguntza ildoa +Hobeki digitala da; SPRIren programa horren bidez 54 enpresari lagunduko zaie, beren negozioa hobetuko duten aplikazioak garatu ditzaten IKTak erabiliz. Horietatik gehienak merkataritza sektorekoak dira, atzetik jarraitzen diote metalurgia sektorean jarduten dutenek eta hirugarrenik enpresentzako zerbitzuak eskaintzen dituztenek.

+Hobeki digitala ekimenak onartutako proiektu gehienak negozioetan merkataritza elektronikoa sartzeko eta marketin elektronikoa indartzeko proiektuak dira.

+digital@ programa

Euskal ETE eta MikroETEei zuzendutako ekimen bat da, Agenda Digitala 2015 proiektuaren barruan sartzen dena. Helburutzat dauka IKTak lehiakortasun tresna bezala sartu eta erabiltzen laguntzea ETEetan (Hobeki +digital@ ekimena) eta enpresa eta profesionalen elkarteetan (Lankidetza +digital@ ekimena). Programa honen barruan, besteak beste, negozio prozesu hauek lagunduko dira: Negozio elektronikoa (e-Business): Kudeaketako eta Bezeroentzako Sistema Integratuak (ERP eta CRM) eta Finantza Kudeaketako eta Diruzaintzako Sistemak eta Garapenak ezartzea, errazagoa izan dadin enpresan faktura elektronikoa sartzea, Onlineko Marketina, Erosketa Elektronikoa, Merkataritza Elektronikoa, Merkatu Birtualak, Zaintza Teknologikorako Tresnak, e.a.

 

Partekatu

Beste berri batzuk