Abangoardiako teknologia etxeko hegaztien Campylobacterri aurre egiteko
Kampilobakteriosia da Europan ohikoena den elikagai-jatorriko toxiinfekzioa, eta Campylobacterrek antibiotikoekiko duen erresistentzia arazo gehigarri bihurtu da osasun publikorako, agerian utziz irtenbide berriak behar direla patogeno horren prebalentzia murrizteko Europako hegaztien sektorean
C-SNIPER proiektuak irtenbide berritzaile eta natural bat garatu du, bakteriofagoen erabileran oinarritua, hegaztien sektorean Campylobacterarren biokontrolerako
Prototipoaren ekoizpena arrakastaz burutu da eskala txikian, eta gaur egun prozesua optimizatzen ari da eskala industrialean ekoizteko
Europar Batasuna oilasko haragiaren munduko ekoizle nagusietako bat da, Polonia, Italia, Espainia eta Alemania buru direla. Oilasko haragia, gainera, Europan gehien kontsumitzen dena da. Hala ere, haren kontsumoa kampilobakteriosiaren iturririk ohikoena da, Europako elikadura-jatorriko gaixotasun ohikoena eta munduko gastroenteritisaren bakterio-kausa nagusia. Gaitz honek eragin handia du osasun publikoko sistemetan (2,4 bilioi euro urtean, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak -EFSA- argitaratutako datuen arabera), eta Campylobacterren presentzia murrizteko tresna berriak behar direla azpimarratzn du.
EIT Food Europako Elikadura Partzuergoak finantzatutako C-SNIPER proiektuaren esparruan, Europako bost bazkidek (AZTI, Institute of Animal Reproduction and Food Research pas, University of Turin, Phage Technology Center GmbH eta O.R.A. Società Agricola) Campylobacter-en prebalentzia murrizteko lan egiten dute. Horretarako, mikroorganismo hori etxeko hegaztietan nola arindu ikertzen ari dira, antibiotikorik erabili gabe. Zehazki, proiektu honen ardatza bakteriofagoekin (xede-bakterioak soilik kutsatzen eta suntsitzen dituzten organismoak) mikrobioen aurkako soluzio natural bat garatzea da, eta baserri-mailako terapia gisa eta hiltegietan, hegazti-prozesadoreen instalazioetan eta azken produktuan biokontrolerako tresna gisa erabil daiteke. Gainera, ekimena higiene-protokoloetan erraz integratzea ere bilatzen du.
Irtenbide natural bat baliozkotzea eta merkaturatzea, 2021eko helburua
2019an prototipoa ezaugarritu eta optimizatu ondoren, merkatuaren onarpen-azterketa bat egin zen, eta horrek agerian utzi zuen ekoizleek (% 90) eta kontsumitzaileek (% 85) garatutako soluzioa asko onartu zutela. Gaur egun, negozio-plan bat eta merkataritza-estrategia bat diseinatzen ari dira. Plan horrek, beste faktore askoren artean, elikagaien segurtasunari eta animalien ekoizpenari buruzko legeria hartzen du kontuan, eta horren araberakoa izango da hegazti-ekoizpeneko prozesuaren faseetan C-SNIPER soluzioa aplikatzea.
2020an zehar eta 2021eko martxora arte, proiektuaren ardatza industria mailako produkzioa eskalatzea eta produktua in vivo saiakuntzen bidez baliozkotzea da, garatutako prototipoak Campylobacterrek oilasko-haragian duen eragina murrizten duela berresteko, horrela elikagaien segurtasuna areagotuz, baina abereen osasunari eta ongizateari eragin gabe.