Aernnovak amerikako SIE (STRUCTURAL INTEGRITY ENGINEERING) ingeniaritza empresa erosi du

Aernnovak Structural Integrity Engineering (SIE) enpresa erosi du. Ipar Amerikako industria aeronautikorako hegazkinen aldaketetan eta zerbitzuetan espezializatuta dagoen ingeniaritza-enpresa horrek egoitza Chatsworth-en (Kalifornia) du

SIE erosi izanak Aernnovak egindako nazioarteko estrategia indartu du eta, zehatzago esanda, Estatu Batuen alde egin duen apustua. Duela hilabete batzuk Brek Manufacturing enpresa erosi zuen herrialde hartan. Presidenteak, Iñaki López Gandáseguik, aipatu duenez, “Estatu Batuak funtsezko merkatua da Aernnovaren etorkizuneko garapenerako eta SIE erosi izanak nazioartean posizionatzeko elementu garrantzitsua gehitzea ahalbidetu digu. SIEk enpresa aeronautikoei balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzen duen esperientzia handiari esker, aliatu bikaina da”.

Bestalde, SIEko presidenteak, Matt Creager-ek (karguan jarraituko du), oso balorazio positiboa egin du duela 38 urte sortu zuen ingeniaritza-enpresa horretan Aernnovak jarri duen konfiantza dela eta.

SIE 1981ean sortu zen eta ingeniaritzako zerbitzuak, hegazkinen aldaketak eta STCen ziurtagiriak egin ditu egitura eta sistema aeronautikoen esparruan hainbat bezerorentzat: GE Aviation, Goodrich, Gulfstream, Honeywell, Pratt & Whitney eta Safran; aireko operadoreentzat: FedEx, Jet Blue, Southwest eta United; eta gobernu mailako zenbait agentzia: FAA, NASA, JPL, USAF eta US Navy besteak beste.

SIEk egindako lanaren erakusgarria da MD-10 karga-hegazkina instalazio mediko hegalari bihurtzeko egindako diseinua, integrazioa eta beharrezko sistemen eta egituraren aldaketen ziurtatzea. Lan hori Orbis International GKEarentzat egin zuen eta esterilizazio-gela eta kirofano oftalmologikoa ere baditu.