Aernnovak, Nottingham-eko Unibertsitateak eta Araba 4.0k sektore aeronautikoaren inguruko SHM Teknologiei buruzko Nazioarteko Konferentzia antolatu dute Gasteizen

Topaketa maiatzaren 8tik 10era bitartean egingo da Gasteizko Ingeniaritza fakultatean

Aernnova Engineering-ek, Arabako Teknologia Parkeko enpresa nagusietako batek, Nottinghameko Unibertsitatearekin (UK) eta Araba 4.0. Lantaldearekin elkarlanean, aeronautika sektoreko SHM teknologien (SHM technologies for future European aircraft generation) inguruko nazioarteko konferentziaren bigarren edizioa jarriko du abian Europako SAFE-FLY programaren baitan.

Kongresuaren helburu nagusia da uhin ultrasonikoak erabilita kalteen ikuskapen ez-suntsikorrean garatutako azken aurrerapenen abangoardian egotea hegazkin komertzialetan mantentze-kostua gutxitzeko eta segurtasuna areagotzeko. Hizlariak industria aeronautiko baitako bizitza estrukturalaren monitorizazio-teknologian (SHM-Structural Health Monitoring) adituak diren Europako erakunde liderretako kideak izango dira.

Aukera bikaina izango da uhin ultrasonikoetan oinarritutako SHM erabiliz hegazkinen etorkizuneko belaunaldietako joeren kontzeptu berritzaileak ezagutzeko. Adituen ustez, teknologia hori da hegazkinaren osagaien bizitza estrukturala denbora errealean eta hegazkinean monitorizatu ahal izateko egokiena eta etorkizun oparoena duena.

Gasteizen maiatzaren 8tik 10era bitartean bilduko diren hizlarien artean, hauek azpimarra ditzakegu: Euskal Herriko Unibertsitateko Amaia Calleja, Ana Boyano eta Gerardo Aranguren; Teknikerreko Borja Pozo eta Eva Rodriguez, Itainnovako Andrea Calvo, Tecnaliako David García; Nottinghameko Unibertsitateko Dimitrios Chronopoulos, Escalerako Federico Martín, Aernnova Engineering-eko Miguel Ángel Castillo eta Yasser Essa, KU Keuven-eko Helge Pfeiffer, Ikerlaneko Javier Zurbitu eta Oscar Salgado, Brussels Airlines-eko Michael Stamm, Fraunhofer IFAMeko Morten VoB, German Aerospace Center-eko Peter Wierach eta SAFE-FLY proiektuaren arduradunak, Sergio Cantero eta Udit Pillai.