Aernnovako berrehun zuzendari bildu dira urteroko batzarrean
AERNNOVAren urteko batzarrak Kursaal Kongresu Jauregian enpresak Espainian eta handik kanpo dituen fabrikazio-zentro ugaritako 200 zuzendari bildu ditu. Topaketa hori Gasteizen eta beste toki baten artean egiten dute txandaka eta, aurten, Donostian egin dute. Bertara joan diren parte-hartzaileek laneko osoko bileretara joateaz gain, hiriak eskaini dien harrera onaz gozatzeko aukera izan dute.
Batzarrean enpresaren barneko zenbait alderdi eta konpainiarako etorkizuneko helburuak aztertu dituzte. Alderdi teknologikoari dagokionez, enpresa INDUSTRIA 4.0ra egokitzean oinarritu da batzarra eta gai horren inguruko laneko saioak eta hitzaldi teknikoak egin dituzte.
Aernnovari buruz
Aernnova egitura aeronautikoak diseinatzen eta fabrikatzen espezializatuta dagoen enpresa liderra da. Gainera, mundu mailako aireontzien fabrikatzaile nagusien hornitzaile nagusietako bat da.
2016an 650 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa eta 4.700 langile izan zituen Aernnovak. Gaur egun, Espainian, Mexikon, Estatu Batuetan, Brasilen eta Errumanian dago, eta lankidetza-akordioak ditu Indian eta Txinan.