Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa, auzolagun publiko-pribatuaren adibide

Bizkaia

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokaturik, puntako gune gisa arituko da fabrikazio aeronautikoaren arloan, nazioarteari begiratuz eta industri prozesuen eta makineria aurreratuen hobekuntza ardatz duela

IMG_2216 - copiaGaur, Bizkaiko Zientzia eta  Teknologia Parkeko 202. eraikinean egin da Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa inauguratzeko ekitaldi ofiziala, sektore industrial horretan jardunen den I+G+B gune mistoa. Ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu gobernuko lehendakaria, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Unai Rementería Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ignacio Mataix ITPko zuzendaria izan dira. Hauekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburua, Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburua eta Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua, Itziar Epalza Bizkaiko Parke Zientifiko Teknologikoko zuzendari nagusia eta Antxon López Usoz jauna Danobat enpresaren eta makina erremintaren sektorearen ordezkari gisa. Inaugurazioari ekin aurretik, instalazioak bisitatu dira, Norberto López de Lacalle guneko zuzendaria lagun zutela.

Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa ekimen publiko eta pribatua da fabrikazio proiektuak garatu ahal izateko, euskal enpresetan epe laburrean eta zuzenean aplikatuz. Sortu, Eusko Jaurlaritzaren, Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko saila bitarte, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren asmo eta laguntzarengatik sortu da, ITP eta Danobat buru izan dituen sektoreko enpresa talde batek eskatuta. Proiektu honekin bat egin zuten gerora Euskal Herriko Unibertsitateak, zentroko gestore moduan, eta Bizkaiko Teknologia Parkeak, proiektua bultzatzeko fasean.

Jada 2014an, lehendakariak, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailak, proiektuan parte hartu nahi zuten enpresek eta Euskal Herriko Unibertsitateak iragarri zuten zentroa osatuko zela Orain, ahaleginak koordinatzeko eta behar diren azpiegiturak osatzeko jardun konplexuen ostean, inaugurazioaz batera, errealitatea da, nahiz eta proiektuak hasita dauden urtarriletik. Hau da, proiektua inauguratu egin da makina ia guztiak martxan eta lanean direla, inolako zalantza izpirik gabe, estatuan sektore honetan abiatu eta jardunean den bakarra dela azpimarratuz.

AFAZerako hasierako inbertsioa 9 milioi eurotakoa izan da, horietatik bost Euskal Gobernuak  eta beste lau Bizkauko Foru Aldundiak jarrita. Nahiz formalki gaur aurkeztu den, aurtengo urteko urtarriletik ari da proiektuak egiten. Urteroko aurrekontua 1,2 milioi euro inguru izango da eta horren % 65etik gora bermatuta dago enpresen taldeak kontratatuta. Gainontzekoa, deialdietan edo proiektu aplikatuetan bilatu beharko da.

Enpresa talde 49 enpresak osatzen dute, aeronautikaren arlokoak, makina erreminta eta osagaien hornitzaileak 4.0 teknologien arlokoak eta beste izanik. Helburua da 6-7 teknologien mailako ekoizpen teknologietan aurrera egitea da eta honek esan gura du errealitatean erabiltzen diren makina eta teknologien pareko proiektuak burutu behar direla, bai tamainaz nola funtzioez. Eta, aldi berean, unibertsitate, enpresa eta erakundeen arteko sinergia guztiak oro baliatu behar dira, egin beharreko esfortzuek I+Grako jarduna eta goi mailako prestakuntza helburu hartuta, euskal industriaren intereseko teknologiak ikertu eta fabrikazio aurreratuaren arloko gaitasun zientifiko eta teknologikoak garatzeko asmoz. Euskal Autonomia Erkidegoan aeronautikaren eta makina erremintaren bi sektoreek duten funtsezko garrantzia honen ondorio sinergikoa da gunearen abantailarik handiena, baina, honez gain, ezin hobeto sartzen da fabrikazio aurreratuaren euskal estrategiaren barruan.

Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (AFAZ) Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta enpresa elkarte baten arteko gune mistoa da, erakundeen laguntza eta finantzazio sendoa duena, aplikazio teknologia aurreratuen jakintza berria sortzea duena helburu, xede aplikazioetara zuzen-zuzenean begira diharduena. Gunean egiten diren lanen bidez, “Manufacturing Readiness Levels” 6-7 izenekoak landu eta garatu nahi dira, non funtsezkoak diren ingurune adierazgarrietan balioztatzeko probak.

AFAZ zentroa baliagarri da hainbat eragile eta enpresa elkartu eta lanean elkarrekin aritzeko, hau da, gaitasun, interes eta ibilbideak dituzten motor aeronautiko eta estrukturalaren osagaien sektoreko eragileak batu eta lan egiteko.

AFAZ gauzatuta, euskal gizarteak I+G+Brako gune mistoa dauka, nazioartean erreferentzia izango dena fabrikazio aeronautikoen teknologia aurreratuen arloan. Helburu zehatzagoen artean, aipa daitezke emaitzak balio kateari lotutako ekoizpen inguruari azkar transferitu ahal izateko jarduerak egitea; aeronautikako fabrikazio aurreratuaren arloan industria ehundura berri bat garatu eta sortu ahal duten edo dagoena indartu ahal duten ekimen berritzaileak erakartzea; fabrikazio aurreratuko proiektuak garatzea, bazkideen baliabide guztiak integratuz eta fokalizatuz eta aldi berean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteek sortutako baliabideak eta jakintza aprobetxatuz; aeronautika arloko fabrikaziorako ekipamenduaren hornitzaile eta fabrikatzaileentzat erreferentziako zentroa izatea; eta unibertsitatean, enpresetan eta erakundeetan izan daitezkeen sinergia guztiak aprobetxatzea. Ahalegin guztiak I+G jardueraren eta maila handiko prestakuntzaren garapenari bideratzea, euskal industriarako interesgarriak diren teknologiak ustiatzeko eta fabrikazio aurreratuko gaitasun zientifiko eta teknologikoak garatzeko.

Akordioa sinatu zuten lau erakundeek nork bere bereizgarriak agertu zituzten inaugurazioan.

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu zuen aeronautika oinarrizko arloa dela Euskadiren lehiakortasun ekonomikoa sustatzeko: “Horrezaz gain, fabrikazio aurreratuak laugarren industria-iraultzarako eraldaketa bultzatzen du. Gaur berresten dugu berrikuntzarekiko konpromisoa, hazkunde ekonomiko eta enplegurako giltza bezala”.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearen ustetan, “Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa adibide eta eredu bikaina da, alde batetik, sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetzarena, baina izatez ere bada adibide eta eredu gizarteari jakintza transferitzerakoan, ekoizpen modeloetan aplikatuta. Seguru nago UPV/EHUren partaidetzak lagundu egingo duela proiektu honetako ikerkuntza eta jakintzaren transmititzeko prozesua, gure konpromisoa baita”.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu du Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa funtsezko osagarria dela arlo estrategiko baten hazkunderako eta eredu berritzaile batekin bat datorrela. “Bizkaia eta Euskadiren etorkizuneko puzzlearen oinarrizko atal bat jarri dugu gaur. Atal hori AFAZ da. Beste agindu bat bete dugu. Egingo genuela esan genuen, eta egin egin dugu. Puntako zentro bat sortu dugu, abangoardiakoa. Funtsezko atal bat, funtsezko arlo batentzat. Aeronautikaren arlo hori Euskadiren BPG industrialaren % 6,1 da, eta enplegu industrialaren % 2,2. 2016an, fakturazioko 2.250 milioi euro eta 4.520 enplegu zuzen. Arlo estrategikoa da Euskadi eta Bizkairako eta Diputazioaren etorkizuneko apustuetako bat”.

Ignacio Mataix ITPko zuzendari nagusiak, proiektua sustatu duen enpresa elkartearen izenean, egiaztatu du gune honek berez duen eragin traktorea, teknologia aurreratua garatu eta aplika dadin modu koordinatuan ekoizpen aeronautikoaren kateak dituen maila guztietan. Guneari esker, 11 proiektu dira jada AFAZen egin direnak, beren fabriketan dagoeneko inplementatuta direnak. Amaitzeko, Ignacio Mataix-ek Plácido Rodal ITPko ingeniaria ekarri nahi izan zuen gogora, hila delarik, berea izan baitzen AFAZ sortzeko jatorrizko ideia, azpimarratuz “bere lankidetza eta zerbitzurako sena, zentroan mami eta ardatz bihurtu dena”.

Partekatu

Beste berri batzuk