Agrupa Lab enpresak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen egoitza inauguratu du
Agrupa Lab-eko zuzendari Roberto García Villaverde, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Elena Moreno, Akreditazioko Erakunde Nazionaleko Ingurumen Arloko zuzendari Oscar Recuero, Derioko alkate Esther Apraiz eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko kudeatzaile Joseba Urbieta egon dira ekitaldian
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko 805 eraikinean duen egoitza inauguratu du Agrupa Lab-ek. Uraren tratamenduan, kontrolean, zaintzan eta kudeaketan ez ezik, hondakinen eta lurzoruen kudeaketa egokian ere espezialista da aipatutako enpresa. Bertako zuzendari Roberto García Villaverdek eta gainerako langileek harrera egin diete bertaratutako erakunde eta enpresetako ordezkariei.
Ingurumen-analisiak egiteko laborategien alorrean (hondakin, ur eta lurzoru kutsatuak, batez ere) eskarmentu handia duten zenbait profesional elkartu egin ziren Agrupa Lab sortzeko, enpresen zuzendaritzan ezagutza zabala duen kudeaketa-talde batekin batera.
Hala, 2016ko apirilean, Agrupa Laboratorios sortu zen, Akreditazioko Erakunde Nazionalak (ENAC) ematen duen 17025 akreditazioa lortzeko helburu nagusia zuela. Ondoren, 2017ko otsailean, Agrupa Lab-en gisako laborategi batentzat funtsezkoa den akreditazioa lortu zuten. Horri esker, bermatutako emaitzak eskain ditzakete eta bezeroek emaitzok erabiltzeko aukera dute kasuan kasu aplikagarri den legeria betetzen den egiaztatzeko.
Gaur egun, laborategi-analisiaren alorrean eskarmentu handia eta 15 urte baino gehiagoko ibilbide-profesionala edukitzeaz gain, ingurumen-sektorea ondo ezagutzen duten 13 langilek dihardute Agrupa Lab-en.