AJL Ophthalmic, Made in Euskadi saria Euskal Enpresaren XXIII. Gauean

Araba

Arabako Teknologia Parkean kokatzen den enpresak jaso du golardoa, medikuntzaren euskal industriako aitzindaria izateagatik.

JCF_7668Fundación Empresa Vasca y Sociedad-Gizarte eta Euskal Enpresa Fundazioak antolatuta, Euskal Enpresaren XXIII. Gauean, besteak beste, AJL Ophtalmic enpresa arabarrari “Made in Euskadi” golardoa eman zaio, medikuntzaren euskal industriako aitzindaria izateagatik.

Guggenheim Bilbao museoan egindako ekitaldian, Pedro José Salazarrek, AJL Ophthalmic-eko presidenteak, saria jaso zuen Orona enpresako zuzendariaren eskutik.

Konpainia arabarrak Arabako Teknologia Parkean du egoitza, eta, azken hogei urteotan, aurrendari bilakatu da medikuntzaren euskal industria berrian, alegia, oso estrategikotzat hartzen den sektorean. Begi-barneko kirurgiarako lente eta bestelako produktuen fabrikatzaile izaki, munduko herrialderik garrantzitsuenetan jarduten du, multinazional handiek merkatuetan uzten dituzten pitzadura urriak aurkitzeko gai izan den negozio-ereduari esker. AJLk egindako apustu internazionala 2013an finkatu zen, ATI enpresa estatubatuarra kontrolpean hartu zuenean; eta, bat-batean, munduko 15 herrialdetan egotetik, 60tan egotera pasatu da. Horrek guztiak isla izan du dela fakturazioan dela azken urteotan garatutako produktuen katalogo zabalaren internazionalizazioan.

1992an sortu zenetik, AJL Ophthalmicek nazioarteko bokazioa izan du beti. Espainiako merkatuarentzako produktu oftalmologikoak inportatzen zein banatzen hasi zen. Halere, bi urte geroago, krisi ekonomiko sakonean jabetza aldatu ondoren, bertako bazkide sortzaile Pedro J. Salazarrek negozio eredua berrorientatu eta produktugintza nazionalizatu zuen. Horretarako, begi-barneko lenteak eta begi-barneko kirurgian aplikatzeko bestelako produktuak fabrikatzeko dibisioa sortu zuten.

Enpresaren politika industrialaren bermea 1998an egiaztatu zen, Farmazia eta Osasun Produktuen Zuzendaritza Orokorrak “CE” ziurtapena eman zionean, katarata-ebakuntzetan kristalinoaren ordez erabiltzen diren begi-barneko lenteengatik. Zigilu europarrak ateak ireki zizkien EBko herrialde guztietan eta gainontzeko kontinenteetan, eta, aldi berean, hasiera eman ahal izan zitzaion produktu berrien fabrikazio- eta dibertsifikazio-prozesuari (begi-barneko eraztunak, betazaleko inplanteak, etab.).

Konpainiaren bilakaera iraunkorra izan zen, etenik gabea, nahiz eta farmazia-multinazional handienekin lehiatu behar izan. Aitzitik, 2013an eman zuen aurrerapausorik handiena, ebakuntza berezia arrakastaz burutu eta gero. Keratokono-kirurgian erabiltzen diren kornea-barruko eraztunei dagokienez, Arabako Teknologia Parkean AJLk duen industria-gunea munduko lehen ekoizle bihurtu da. Horrenbestez, kornea-barruko bestelako inplanteak fabrikatzen dituen Addition Technology (ATI) konpainia estatubatuarra Miñaora hurbildu zen AJL erosteko asmoz, baina, azkenean, enpresa arabarra izan zen Chicagon egoitza duen konpainia eskuratu zuena.

Partekatu

Beste berri batzuk