Ampea Sarien XVIII. edizioak Arabako Teknologia Parkeko emakumeak saritu ditu kategoria guztietan

Albisteak, Araba, Konpromisoa

Ampeak (Arabako Emakume Profesional eta Enpresaburuen Elkartea) urteko sariak banatu ditu, Araban lan egiten duten emakumeen lana aintzatesteko, zehazki, honako hauena: ENERITZ ZUBIZARRETA, Globe Testing-eko CEOa; JUANA VALER, Aernnova Engeneering Division-eko materialen ingeniaria eta material eta prozesuen departamentuko arduraduna; EVA LARRA, Ajl Ophtalmic-eko gai arautzaileetako eta produktu berrien garapeneko zuzendaria, eta NURIA GISBERT, CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusia. Haiek guztiek beren lanbide-lana Arabako Teknologia Parkean finkatuta dauden enpresetan betetzen dute.

 

Ampeak (Arabako Emakume Profesional eta Enpresaburuen Elkartea), urtero, Arabako lurraldean egiten duten lanagatik emakumeei ematen dizkien sariak jaso dituztenen berri eman du. Oraingoan, lau saridunek Arabako Teknologia Parkeko enpresetan lan egiten dute.

2019ko Emakume Enpresaburuaren Ampea saria: ENERITZ ZUBIZARRETA, Globe Testing-eko CEOa.

2019ko Emakume Profesionalaren Ampea saria: JUANA VALER, Aernnova Engeneering Division-eko materialen ingeniaria eta material eta prozesuen departamentuko arduraduna.

2019ko Emakumezko Zuzendariaren Ampea saria: EVA LARRA, Ajl Ophtalmic-eko gai arautzaileetako eta produktu berrien garapeneko zuzendaria.

2019ko Emakumearen eta Zientziaren Ampea saria: NURIA GISBERT, CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusia. (Kategoria hau lehen aldiz sartu da edizio honetan).

Arabako Teknologia Parkea, gaur egun, lurraldeko berrikuntzako eta transferentziako ekosistema handiena da, eta, bertako enpresen artean (138) eta profesionalen artean (3.400 baino gehiago) nazio- eta nazioarte-mailako erreferenteak ditu.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen 2017-2020 Plan Estrategikoak -barruan dago Arabako Parkea- emakumeak zientziaren eta teknologiaren eremuetan duen eginkizuna bultzatzeko eta zabaltzeko ildo estrategikoa du. Horretarako, planaren hasieratik, hainbat jarduketa ari da garatzen, ezarritako helburuak betetzeko.

SARIDUNEI BURUZ

ENERITZ ZUBIZARRETA: Kudeaketa-informatikako ingeniari teknikoko diplomaduna. 2011n, softwareko tester-aren lehen esperientzia eskuratu zuen Ingalaterrako enpresa batean; enpresa horrentzat Euskaditik lan egiten zuen. Urte horren erdialde bueltan, gaur egun lantoki duen enpresan hasi zen, Globe Testing-en, Madrilen zeukaten filialerako. 2014an, ekintzailetzan murgildu eta Euskadin Globe Testing Norterekin bere filiala sortzea erabaki zuen; Arabako Teknologia Parkean finkatu zuen eta, gaur egun, bertan, 30 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute. Harrezkeroztik, zerbitzuen arduradunaren rola betetzen du, alegia, proiektuak ondo doazela ziurtatzen du, ekipoak areagotzen ditu eskariaren arabera, kide berriak prestatzen ditu eta bezeroekiko harremana tratatzen du, besteak beste Inditex taldearekin edo Zurich Segurosekin.

JUANA VALER: Aernnova Engeneering Division-eko material eta prozesuen departamentuko arduraduna. Materialen Ingeniaritza ikasi zuen, Mekanikako espezialitatean, Nafarroako Unibertsitatean, eta Materialen Zientziako espezializazioa karrera-amaierako proiektuarekin hasi zuen. Era berean, unibertsitate berean doktoregoa eskuratu zuen eta, aurrerago, Europar Batasunaren Marie Curie beka eskuratu zuen, doktorego ondokoa egiteko materialen zientziaren eremuan ITER (International Thermonuclear Experimental Reactor) fusio-erreaktorearekin zerikusia duen ikerketa-proiektuan. Zenbait zientzia-artikulu argitaratu ditu, eta hizlari izan da nazio- eta nazioarte-mailako zenbait kongresutan. Gaur egun, arduradun-postutik, haren egitura aeronautikoen diseinuan, fabrikazioan eta ziurtapenean parte hartzen du.

EVA LARRA: Farmaziako lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta zenbait medikamenturen farmakozinetikako graduondoko ikasketak ditu. Gaur egun, eta duela 20 urtetik hona, AJL OPHTHALMIC oftalmologiaren eremurako gailu medikoak fabrikatzeko enpresan lan egiten du; bertan, zenbait posizio ditu, eta buru da kalitateko, erregelamendu-gaietako eta proiektuen kudeaketako arloetan. Bere lanbide-ibilbidean, hainbat ikerketa-proiektutan jardun du lankidetzan: gailu medikoen aldagai ugariren diseinuan eta egokitzapenean jardun du, bai eta fabrikazio aurreraturako 3D inpresioan eta softwarearen garapenean ere, besteak beste. Paraleloan, zenbait argitalpen ditu batik bat bere espezializazio-arloko ikerketekin lotuta, alegia, oftalmologiarekin.

NURIA GISBERT: Industria-ingeniaria, telekomunikazioetako masterra eta MBA-Executive-a Instituto de Empresa de Madrid-en; doktoregoa ere badu. 2015etik, CIC Energiguneko zuzendari nagusia da, energiaren biltegiratzeari aplikatutako materialetako lankidetzako ikerketa-zentrokoa. Gisbertek, bere lanbide-ibilbidean, energiaren sektorearekin lotura duten ehunka industria-proiektu zuzendu ditu. Halaber, ikertzaile nagusi eta ikertzaile seniorra izan da beste askotan. CIC EnergiGUNEko zuzendariak, halaber, energiaren sektorean lan egiten duten nazio- eta nazioarte-mailako taldeetan jardun du elkarlanean, besteak beste, honako hauetan: T & D Europe, CIGRE eta AENOR normalizazio-batzordeak.

Partekatu

Beste berri batzuk