Arabako Parke Teknologikoa eredu EHUko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasleentzat

Araba

Arabako EHUko Campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko lehen mailako 110 ikaslek bisitatu dute Arabako Parke Teknologikoa, enpresaren ekonomian erreferente dena.

Arabako Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko lehen mailako 110 ikaslek osatutako talde batek bisita egin du Arabako Parke Teknologikora, lehen eskutik enpresen benetako funtzionamendua ezagutzeko zenbait arlotan, hala nola giza baliabideetan, produkzioan, marketinean edo finantzetan. Horrek guztiak lehen urtean egiten dituzten ikasgai nagusietako bat indartzen lagunduko die: “Enpresaren ekonomia: sarrera”.

Ainhoa Callejak, Arabako Parke Teknologikoko Lankidetzako eta Enpresen Zerbitzuko arduradunak, egin zien harrera ikasleei eta Parkea, bertako ekosistema eta garapena aurkeztu zien. Horrez gain, Arabako ingurune paregabe honen ikuspegi globala izateko, hura osatzen duten arlo ugariak ere erakutsi zizkien.

Bisita zela eta, BIC Arabak ateak ireki nahi izan zituen eta bertako zuzendariak, David Monterok, “enpresen haztegian” egiten den lana erakusteko aukera izan zuen, baita bertan dauden ekintzaileek bizi dituzten prozesuak ere, eta enpresa-proiektuetan arrakasta izateko enpresa bateko sail guztiek duten garrantzia azaldu zien.

Azkenik, Begoña Ortiz de Latierrok, CIC EnergiGUNE ikerketa-zentrokoak, Arabako Parke Teknologikoko zentroan ongietorria egin zien ikasleei, eta zentroaren instalazio eta laborategietarako bisitan gidatu zituen. Bertan, 11 nazionalitateko 90 ikerlarik baino gehiagok lan egiten dute.

Partekatu

Beste berri batzuk