Basque Cybersecurity Centre herri-proiektu bat da
Eusko Jaurlaritza dagoeneko ari da betetzen legealdi honetan zibersegurtasunerako zentro bat abian jartzeko hartu zuen konpromisoa; zentro horrek 4.0 Industriaren esparruko negozio-bide berri bat irekiko du euskal enpresentzat eta industriarentzat
Basque Cybersecurity Centre gertakari informatikoei erantzuteko 300 lantaldez osaturiko nazioarteko foro batean sartuko da
Estibaliz Hernaezek, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak, gaur adierazi du “Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa herri-proiektu bat dela eta orobat konpromiso bat, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako hartu zuena eta dagoeneko betetzen ari dena”. Hernaez “Aplikazio industrialetako zibersegurtasuna: egungo egoera eta joerak” jardunaldiaren irekieran izan da. Ekitaldi hori IK4 aliantza teknologikoak antolatu du eta Orona Fundazioan egin da, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak Galarretan duen eraikinean.
Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkariak bere hitzaldian esan du Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren helburuetako bat dela “4.0 Industriaren esparruko negozio-bide berri bat irekitzea” euskal enpresa eta industriarentzat eta zibersegurtasuna sustatzea euskal enpresetan, funtsezko elementua delako kudeaketaren berrikuntzarako.