Arabako Parkeak “jardunbide onenarentzako” accesita jaso du APTEren Nazioarteko Konferentzian Zibersegurtasuneko Zentroa dela eta
Euskadiko Parkeen Sarea kide den Espainiako Parke Teknologikoen Elkartearen (APTE) Nazioarteko Konferentzia Malaga hirian egin dute aurten eta, ZIBERSEGURTASUNEKO EUSKADIKO ZENTROAri esker, Parke Zientifikoetako eta Teknologikoetako jardunbide onenari emandako “accesita” jaso du Arabako Parke Teknologikoak.
Beste urte batez, Espainiako Parke Teknologikoen Elkarteak (APTE) Nazioarteko Konferentzia egin du. Elkartea osatzen duten 64 parke baino gehiagoetako ordezkariak zein Blockchain-ean adituak bildu dira bertan, gai hori izan baita aurtengo konferentziaren ardatz nagusia.
Nazioarteko Konferentzia horretan, urtean zehar abian jarritako “jardunbide onenak” direla eta azpimarragarriak diren parkeak saritzen dituzte. Aurtengo edizioan, Arabako Teknologia Parkeak jaso du jardunbide onenarentzako “accesita” ZIBERSEGURTASUNEKO EUSKADIKO ZENTROA dela eta. Aipatutako ekimena elkarrekin bultzatzen dute hauek: Eusko Jaurlaritzak, Zientzia eta Teknologiako Euskadiko Sareko zentro teknologikoek eta Euskadiko Teknologia Parkeek.
Arabako Teknologia Parkeak, berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren, ekonomikoaren eta sozialaren eragile bideratzaile gisa, funtsezko rola bete du Zibersegurtasuneko Euskadiko Zentroa (Basque Cybersecurity Centre) ezarri eta bere instalazioetan garatzea lortzeko hainbat erakunderekin batera egindako lanean.
Gainera, ekimen horri esker, Arabako Parkeak enpresa mailako hazkundea lortzen laguntzen du sektoreko enpresa berriak erakarriz, zerbitzu berriak eskainiz eta zibersegurtasuna enpresen egiturara eta gizartera gerturatuta. Horiek guztiak funtsezko puntuak dira Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen 2017-2020 Plan Estrategikoan.
Zibersegurtasuneko Euskadiko Zentroaren (Basque Cybersecurity Centre) helburua da Euskadi informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien aplikazioan Europako erreferente bihurtzea. Horren bidez, iraultza digitala Euskadiko enpresetan eta gizartean txertatu eta, bestalde, ahulezien, mehatxu posibleen eta erasoaldi informatikoen aurrean prebenitzeko eta erantzuteko estaldura eragingarria eta fidagarria eskaini nahi dira.