Arantxa Tapia eta Jon Darpón sailburuek MIZAR bisitatu dute, osasun-eremuko industria-enpresa eredugarri gisa

Araba

MIZAR enpresa etengabe ari da hazten, bezeroentzako produktu pertsonalizatuak eta ad hoc soluzioak direla eta

Alcor Taldeko kide da, eMedica eta FM Control osasun-enpresekin batera, eta Europan soluzio aitzindariak dituzte

Mizar BIC Araban sortu zen eta bertan dago, startup gisa; etorkizunean Miñanoko parke teknologikoan espazio esklusiboa izatea aztertzen ari da

Tapia-Darpón MIZARArantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur goizean, MIZAR enpresa bisitatu dute, Arabako Parke Teknologikoko BIC Araba enpresa-zentroan. Bertara egin dute bisita, osasun-eremuko industria-enpresa eredugarritzat hartzen delako.

MIZAR Alcor Taldeko kide da, osasun-eremuan diharduten eMédica eta FMControl enpresekin batera. Tapia eta Darpónen taldeek lan-jardunaldia izan dute Alcor Taldeko Gaizka Grajales arduradunarekin eta Mizar, eMédica eta FMControl enpresetako Txabi Koskorrotza, Jon Ander Goyenechea eta Higinio Losada arduradunekin, hurrenez hurren.

Topaketan, Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendariak ere parte hartu du, Mizar, egun BIC Araban duen kokapena utzi, eta, etorkizunean, Miñanoko beste leku batean kokatzeko kudeaketarekin konprometitua.

MIZARekin izandako topaketa horretan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek zorionak eman dizkiete Alcor Taldea izaten ari den hazteko eta garatzeko gaitasunagatik, produktu eta soluzio pertsonalizatuen diseinuaren eskaintzarekin, sarritan Europan paregabeak.

4.0 industria osasun-eremuan

Ikuspuntu industrialetik eta teknologikotik, Arantxa Tapia sailburuak MIZARek eta taldeko gainerakoek RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategian duten balioa azaldu du, kontuan hartuta Euskadin fabrikazio aurreratuko, energiako eta osasuneko lehentasunezko eremuetan zentratzen dela.

Tapiak esan du helburua dela gure ekonomiaren dibertsifikazioaren aldeko apustua egitea eta, horretarako, gure industriaren ahalmena aprobetxatzea. Giza osasunak ikerketa-eremuak, produktu eta zerbitzu berriak sortzeko eremuak eta aberastasuna eta enplegua dakartzaten negozio-nitxoak irekitzen ditu.

Ohartarazi du eremu horrekin lotutako enpresa-sektorearen pisua oraindik mugatua dela, nahiz eta, azken urteotan, gorantz ari den sektorea sortzen ari den, gure tresna industrial eta teknologikoetatik eta osasun-sistematik bertatik preskribatu behar den eta hazten lagundu behar den ahalmen zabalarekin.

Material berrien ikerketak, gero eta produktu pertsonalizatuagoen garapenak, teknologien aplikazioak, besteak beste, fabrikazio gehigarriak edo 3 D inprimaketak, aukera berriak irekitzen dizkiote 4.0 industriari osasunean eta medikuntza digitalean. 

Enpresen eta osasun-sistemaren arteko lankidetzako sinergiak

Bestalde, Jon Darpón sailburuak esan du berrikuntzaren aldeko apustua egitea Euskadiren etorkizunaren aldeko apustu egitea dela.  Eta, hori dela eta, uste du funtsezkoa dela ikerketa- eta osasun-eremuan enpresen eta osasun-sistemaren artean lankidetza-sinergiak sortzea, aberastasun gehiago lortzeko, bai eta garapen sozioekonomiko handiagoa lortzeko ere, euskal herritarrentzat osasunean emaitza hobeak ekarriko dituena.

Era berean azaldu du Biozientzia-osasunaren enpresa-sektorearen presentzia ia hutsa zela Euskadin 2000. urtean, eta, gaur egun, balio-kate handia dela, eta biofarmaziaren, bioteknologiaren, medtech-en (gailu medikoak) eta banatzaileen sektoreak jasotzen dituela, bai eta amaierako bezeroak ere -Osakidetza izanik enpresa nagusia-, % 10eko urteko hazkuntza duena, nazioarteko eskalako joeren ildo berean. Ildo horretatik, adibide gisa, azaldu du Osasun Sailak pasa den 2017an 4,7 milioi euro inguru bideratu zituela I+Gproiektuak eta berrikuntzarekin lotutako beste ekimen batzuk bultzatzera.

MIZARen etorkizuneko garapena Miñanon

MIZAR 2014. urte-amaieran sortu zen startup gisa, BIC Araba enpresa-zentroan, 3 profesionalen inplikazioari esker. 3 urte geroago, proiektuaren garapena, eremu aeroespazialeko, medikoko eta industrialeko ekintzak sortu eta abiaraztearen ondoriozkoa, honako hau izan da: jarduera hazi egin da, milioi bat euroren gainetik, eta enplegua sortu da, 15 pertsona artekoa, eta beste ezarpen bat egon da Toulousen, Frantzian.

 Bilakaera horren bidez, bai eta garapeneko etorkizuneko aukeren bidez ere, barne-hausnarketa egin da proiektua beste leku batera eramateko, berezko bulego eta espazioak eta erabilera esklusiboa dituen beste leku batera, Arabako Parke Teknologikoaren gunean.

MIZAR-EN ETA ALCOR TALDEAREN INFORMAZIO GEHIGARRIA

Mizar additive manufacturing, S.L.U.  www.mizaradditive.com

Mizar fabrikazio gehigarriaren konpainia liderra da. I+G jardueran etengabeko ahalegina egin izan du, makina aurreratuenak ditu eta goi-mailako prestakuntza duten profesionalen taldea du. Mizarrek, horrela, zerbitzu espezializatua ematen du, diseinutik hasi eta ekoizpen pertsonalizatua osatu arte, Fabrikazio Gehigarria izenekoan oinarrituta. Bereziki, sektore aeroespazialarena (muntaketa-tresnak, saiakuntza-prototipoak, amaierako piezak…) eta medikoarena (protesia, neurrira egindako inplanteak, eredu anatomiko pertsonalizatuak…), baina baita industria-sektore orokorrerako ere.

Mizarrek Araban du egoitza, eta estatu osoko bezeroak ditu, bai eta Frantzian edo Suitzan ere, besteak beste. Konpainia Alcor Taldeko kide da; Taldeak esperientzia handia du puntako enpresa teknologikoak sortzen eta garatzen.

eMedica S.L. http://www.emedicahealth.com

eMedicak E-Health soluzioak garatzen ditu, informazioa segurtasunez transmititzeko eta irudi medikoaren analisia eta tratamendua egiteko, zenbait espezialitateko -besteak beste, eremu kardiobaskularra, traumatologia edo onkologia- diagnostikora eta planifikazio kirurgikora bideratuta.

eMedica enpresak ISO13485 egiaztagiria du; CE ziurtagiria duten software produktuak fabrikatzen ditu.

Bestalde, E-Health soluzioak garatzeaz gainera, eMedicak giltza eskura proiektuetan parte hartzen du, diagnostiko onkologikorako edo datu-base medikoetan antolaketarako eta bilaketarako garapen gisa.

eMedican Alcor Taldea eta Vicomtech-IK4 (erreferentziazko zentro teknologikoa irudiaren eta soluzio digitalen tratamenduan) dira partaide.

FM Control S.L. https://www.fmcontrol.com/

FM Controlek, duela 25 urte baino gehiago, gaixotasunak ezagutzera emateko, diagnostikatzeko eta aztertzeko giza gorputzaren irudiak emateko gai diren sistemak fabrikatzen eta merkaturatzen ditu, eta, horrela, eraginkorrago egiten ditu antzemandako lesioen tratamenduak. Enpresa hau erreferentziazkoa da traumatologiaren eta kirurgia ortopedikoaren sektorean, Europa mailan, eta fluoroskopia eramangarrien sistemetan eta prestigio handiko ospitale-ekipo medikoak banatzen espezializatuta dago.

  • Euskadiko erabateko I+G jarduera duen ekipo bakarra Europan
  • Fluoroskopia ekipoa (erraza erabiltzeko, funtzionaltasun eta mugikortasun handiak): kasuen hasierako bereizketarako egokia

Alcor Taldea http://alcorgrupo.com/

ALCOR Taldea industria-taldea da; helburu du aeronautikaren, automobilgintzaren eta teknologia berrien merkatuetan enpresa teknologikoak sortzea eta garatzea.

Alcor Taldeak zenbait enpresa ditu, negozio-arloetan banatuta.

Bere asmoa da lehen lerroko enpresa sortzea, bezeroekin batera produktu berritzaileak garatzeko eta sortzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk