Arantxa Tapiak defendatu egin du zerbitzu aurreratuen enpresak sortzea administrazioaren, enpresen eta hiritarren arteko harreman digitalen bitartez

Bizkaia

 

–       Sailburuak Interneteko postontzi seguruen nazioarteko lehen konferentzia inauguratu du gaur Donostian

–       Bertan aurkeztu dira Danimarka, Txekiar Errepublika, Portugal, Suedia, Holanda, Alemania eta Euskadiko esperientziak  

–       Eztabaidak bi ardatz izan ditu: nola inplementatu Interneteko postontzi sistema bat, eta zeintzuk diren aplikazio horietatik bultzatu daitezkeen zerbitzu aurreratuak 

20150617_090122Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapiak adierazi duenez, Administrazio, enpresa eta hiritarren artean sortua den harreman digitala eta eGobernuko sistemek sortzen duten eredu ekonomikoa “garapena eta ekonomia suspertzeko motor bihurtzen ari dira, eta bidea zabaltzen ari zaie aplikazio berriak integratu eta sortzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten software arloko enpresa espezializatuei”. Hala esan du Tapiak gaur Gipuzkoako Zientzia eta Teknologikoa Parkean, Interneteko postontzi seguruen nazioarteko lehen konferentziaren inaugurazioan.

Sailburuak bere hitzaldian esan du harreman digitalak gure eguneroko bizitza okupatzen ari direla, orain arte erabiltzen genituen bitartekoen kaltetan, hala nola telefonoa, posta elektronikoa, e.a. “Erakunde publikoen konpromisoak eta ekintzek –gehitu du– helburutzat izan behar dute erabakiei aurrea hartzea, hiritarrek eta enpresek aukera izan dezaten abangoardiako posizio lehiakorretan kokatzeko. Mikro-sistema bat sortu behar dute baliabideak, ezagutza eta segurtasuna emateko eta, bide horretatik, postontzi eta segurtasun digitalen esparruan zerbitzu aurreratuak eskainiko dituzten enpresa berriak sortzeko”.

Arantxa Tapiak adierazi du gaur Donostian elkartu direla Interneteko postontzi seguru eta konfidentzialen erabilerarekin lotutako esperientziarik garrantzitsu, aurreratu eta konprometituenak. Goraipatu egin du Kongresuan ordezkaritza izan duen herrialde bakoitzak arlo horretan egin duen apustua, eta METAPOSTA zerbitzua hizpide harturik, hauxe azpimarratu du: “guk, administrazioaren barruan daukagun paperetik abiatuta, eta lankidetzan arituz enpresa pribatuekin, aurrerapauso bat eman dugu, gainerakoengandik bereizi gara, eta euskarri eta harreman-moldeen digitalitalizazio gero eta handiagoaren aurrean, sistema bat diseinatu dugu harreman horren segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko”.

Azkenik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak adierazi duenez, “horrelako zerbitzuak gizarte osora —bai hiritarrengana eta baita enpresetara ere— hedatzeak aukera emango die Gobernuei eta enpresa pribatu askori zerbitzu berriak garatzeko Interneten, biltegiratzen ditugun datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuz. Segurtasun eta konfidentzialtasun horiek zorrotz zaintzen dira Europan, baina, dakigun bezala, ez dira beti behar bezala errespetatzen gure mugetatik kanpo”.

Jardunaldia inauguratu ondoren, Danimarkako e-boks sistemako zuzendari nagusi Henrik Andersen-ek hartu du hitza azaltzeko zein izan den Danimarkako gobernuak bultzatutako Interneteko postontzi sistema hori sortzeko prozesua.  Esan du zein izan diren sistema hori gizartera hedatzeko hasieran izan ziren arazoak -nahiz eta Danimarka izan munduko komunitate digitalizatuena-, eta nola ari diren garatzen e-Boks sistemaren inguruko zerbitzu berriak eta zerbitzuen sektoreko prestazio berriak.

Henrik Andersen eta e-Boks sistemako bere lantalde teknikoa mundu mailako liderrak dira Interneteko gordailu-sistemen garapen eta inplementazioan, eta berek daramatzate Norvegiako eta Danimarkako gobernuek (teknologikoki aurreratuenek) hiritarren eta administrazioaren artean soilik harreman digitalak izateko eskaintzen dituzten zerbitzuak. Metaposta bera ere, Euskadik duela zazpi urte martxan jarri zuen zerbitzua, e-Boks sisteman oinarrituta dago.

Jarraian azaldu diren beste esperientzia batzuen erreferentzia ere izan dira. Azalpen horiek bi ardatz izan dituzte: nola inplementatu behar den Interneteko postontzi sistema bat eta zeintzuk diren aplikazio horietatik bultzatu daitezkeen zerbitzu aurreratuak. 

De-Mail. ALEMANIA. Barne Ministerio Federalak sortutako sistema misto bat da, gordailua eta posta elektroniko zertifikatu eta enkriptatua uztartzen dituena. Izugarri zabaldu da Alemaniako hiritarren artean, batez ere salatu denetik espioitza elektronikoko agentzia amerikarrak telekomunikazio sare alemanetan sartu direla.

Ma Preuve – FRANTZIA. Enpresen jabetza industrial eta intelektuala babesteko premia gero eta handiagoa den gure garai honetan, konpainiei gero eta gehiago interesatzen zaie garapen teknologiko, prototipo edo proiektuen froga digital fede-emaileak sortzea, horiek guztiak organismo espezializatuetan erregistratu baino lehen, edo sekretu industrial gisa gordetzea komeni zaielako.  Arlo horretan herrialde aktiboenetako bat Frantzia izaki, MA PREUVE sistemaren esperientzia azalduko du Konferentzian.

METAPOSTA – Euskadi. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Interneteko postontzi sistema segurua da, Estatuan martxan dagoen sistema bakarra. Postontzi eta gordailu seguruen zerbitzua eskaintzen die hiritarrei eta enpresei, bertan gorde ditzaten hainbat igorlek (finantza erakundeek, administrazioek, telefono eta energia operatzaileek, hornitzaileek, bezeroek, prestakuntza zentroek, e.a.) bidalitako dokumentuak. Aukera ematen du sinadura digitalak erabiltzeko eta Zaintza Legala eskaintzen du.

DATA BOX (TXEKIAR ERREPUBLIKA): Txekiako Gobernuak sustatutako eta Txekiako Postetxeak kudeatutako sistema bat da, Txekiako administrazio publiko osoaren laguntza daukana.

Txekia Errepublikako gobernua azkartzen ari da DATA BOX sistema abian jartzeko prozesua, herritar eta enpresekiko harremanak baliabide digital hutsez gauzatu ahal izateko.  Helburu horrekin, DATA BOX integratu egin da Czech POINT deritzan Txekiako administrazio publikoaren atari bateratuko zerbitzuetan.

MINA MEDDELANDEN (SUEDIA): Suediako gobernuak kudeatzen duen herritarren postontzi-sistema da.  Mina Meddelanden sistema Digimail gordailu eta postontzi seguruen zerbitzuarekin artikulatuta dago, eta hau, berriz, gobernuak, tokiko administrazioek eta enpresek erabiltzen dute.   Sistema hori osasun esparruan esperimentatu da oraintsu, herritarren dossier medikoaren bertsio laburtu baterako euskarri gisa.

MESSAGE BOX (HOLANDA): herritarren postontzian (MijnOverheid) integratutako gordailu bat da, Holandako administrazio publikoak erabilia izateko sortua.

VIACTT (PORTUGAL): Portugaleko Postetxearen mendeko sistema da. ViaCTTek gero eta erabiltzaile gehiago ditu enpresetan eta administrazio publikoan, eta  inplementazio-erreferentzia garrantzitsuak lortu ditu banka, aseguru, energia, telefonia eta ur sektoreetan, udaletan, e.a., baita klubetan ere, esaterako Portugalgo Sporting taldean.

Partekatu

Beste berri batzuk