Arantxa Tapiak uste du funtsezkoa dela kluster lehiakorrak edukitzea, Euskadik BGP handieneko Europako eskualdeen taldean jarraitu dezan

Bizkaia

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak hauxe esan du Basque Cluster Day ekitaldiaren lehen edizioan, klusterren politikak 25 urte bete dituen honetan: klusterrek lerrokaturik egon behar dute Europako RIS3 estrategiarekin, “Eusko Jaurlaritzaren politika industrialaren zutabeetako bat baita”.

Ekitaldian omenaldia egin zaio Jon Azuari, lehendakariorde eta industria sailburu izan zenari eta kluster ekimenen bultzatzaile eta arlo horretako aitzindariari.

IMG_3623[1]Klusterrek Euskadiren garapen ekonomikoan egin duten lana nabarmendu du Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak. “Badakigu funtsezkoa dela kluster lehiakorrak edukitzea (hau da, berritzaileak eta nazioartekotuak) ekonomikoki hazteko, kalitatezko enplegua sortzeko eta BPG handieneko Europako eskualdeen %5eko multzoan mantentzeko”, esan du sailburuak asteazken honetan, Euskadiko kluster politikaren 25. urteurrenarekin batera egin den Basque Cluster Day ekitaldiaren lehen edizioan.

SPRI Taldeak eta Orkestrak (Lehiakortasunaren Euskal Erakundeak) antolatutako jardunaldi honen bidez Eusko Jaurlaritzak helburutzat du gogoeta bat egitea, kluster politikaren azken garaiko bilakaerari buruz, batez ere Euskadikoari buruz, eta baita ere Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntzako Estrategiaren (RIS3) hedapenaren testuinguruan kluster politika horrek dauzkan eta izango dituen erronkei buruz. Horrez gain, ekitaldian omenaldia egin zaio Jon Azuari, lehendakariorde eta Industria sailburu izan zenari eta kluster ekimenen bultzatzaile eta aitzindariari.  Christian Ketels-ek ere parte hartu du jardunaldian, Harvard Business School-eko TCI-Network sareko presidenteak.

Bere hitzaldian Arantxa Tapiak aipamen berezia egin dio RIS3 estrategiari, eta esan du “Eusko Jaurlaritzaren politika industrialaren zutabeetako bat” dela. Baita ere esan du politika industrialaren espezializazioaren eta dibertsifikazioaren arteko “oreka egokia” sustatu behar dela, eta berrikuntza eta garapen teknologikoa babestu behar direla.

“Enpresa gutxi batzuekiko menpekotasun handiegiak, edo epe luzerako baliabideak ekimen kopuru murritz batean kontzentratzeak arriskuan jar dezake aldaketa globalei erantzuteko eta haiei egokitzeko gaitasuna. Era berean, kaltegarria da baita ere ahalegin guztiak tamaina txikiko ekimen askotan barreiatzea”.

Horregatik, esan du RIS3 estrategiaren helburua dela mundu mailako lidergoa lortzea  itxaropentsuenak diren Euskadiko esparru eta nitxo globaletan, Eusko Jaurlaritzak hiru arlo hauek identifikatu dituelarik: fabrikazio aurreratua, energia eta bio-zientziak/osasuna.

“Epe luzerako aukera global horiek espezifikoak dira Euskadirentzat, gaur egungo “espezializazioaren” oinarri diren klusterrak bezalaxe.   Kluster elkarteek enpresa arteko lankidetza bideratzen dutenez, erabakigarriak dira enpresen potentzial osoa garatzeko / aprobetxatzeko, eta horrela lidergoa lortzeko” adierazi du.

Tapiak klusterrei laguntzeko politikaren berrikuntza izan du hizpide. Aurten dagoeneko hainbat aldaketa egin dira, eta 2016an araudi berria sartuko da indarrean. “Besteak beste, hemendik aurrera ez dira bereiziko klusterrak eta aurre-klusterrak, baina kontuan hartuko dira elkartearen sendotasuna, dinamismoa eta bere enpresen lehiakortasun maila.  Politika berriaren beste helburu bat da klusterrak RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin lerrokatu daitezela eta lerrokatze hori indartu eta finkatzea.

Sailburuak esan du “zenbait inertzia hautsi” behar direla, eta jakinarazi du araudi berriari esker tamaina handiagoko kluster eta elkarteak sortu ahal izango direla, eta kluster arteko elkarlana ere erraztuko dela. “Gure sektore eta kluster naturalen mugak gainditu beharko ditugu eta kluster arteko lankidetza garatu, gaitasunak konbinatuz eta gehituz, proiektu bateratuak egituratuz, jarduerak elkarrekin garatuz eta tamaina egokiena lortuz identifikatutako aukera nitxo global horiei heltzeko”.

“Paradoxikoa badirudi ere, euskal enpresentzat inoiz baino beharrezkoagoa izango da lankidetzan jardutea lehiatu ahal izateko” erantsi du.

Alexander Arriolak, SPRI Taldeko (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentziako) zuzendari nagusiak ere parte hartu du ekitaldian, eta hauxe azpimarratu du: kluster politika “egonkorrenetako bat izan da, azken urteotan sendotu egin da gainera, eta horri esker, bere 25. urteurrena ospatzen ari gara gaur”.

Arriolak nabarmendu du kluster ekimenak denborarekin aldatu eta heldu egiten direla. “Ez dira geldirik geratzen. Kluster politikak ere berritu egin behar du eta bilakaera honetara egokitu behar du, batez ere espezializazio adimenduneko estrategiak berekin dakartzan erronka berrietara”.

 

Partekatu

Beste berri batzuk