Arantza Tapia:” Bat egin dugu munduko potentziek babesten duten berpizkunde industrialarekin”

Gipuzkoa

–      Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak 4.0 Industriari eta fabrika adimendunari buruzko jardunaldiaren aurkezpenean esan du “laugarren iraultza industriala aukera aparta dela profil oso zehatz eta espezializatuentzat enplegua sortzeko, eta baita ere gure gazteen etorkizunerako”.

–      Wolfgang Wahlster-ek, Adimen Artifizialari buruzko Alemaniako Ikerketa Zentroko zuzendari eta adituak, azpimarratu du Euskadik hainbat potentzialtasun dituela 4.0 Industriaren eszenatokian ondo posizionatzeko eta iraganean lortu zuen lidergo industriala berreskuratzeko.

–      Fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak-osasuna izango dira esparru horretako lehentasunezko jarduera-eremuak, sailburuaren arabera, zeinak baita ere azpimarratu baitu “produkzio sistema ziber-fisikoetan oinarritutako iraultza industrial betean gaude”.

20141015090212__MG_7489Gaur goizean Arantza Tapiak hitzaldi batekin inauguratu du “Basque Industry 4.0. Fabrika adimenduna” jardunaldia Euskalduna Jauregian. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak adierazi duenez, bat egin dugu AEBek, Alemaniak eta Erresuma Batuak bezalako munduko potentziek” defendatzen duten “berpizkunde industrialarekin”, zeinaren bidez apustu egiten baita herrialdearentzat lehiakortasuna eta enplegua sortuko dituen manufaktura industriaren alde”. Adimen Artifizialari buruzko Alemaniako Ikerketa Zentroko zuzendari eta aditu Wolfgang Wahlster-ek berretsi egin du ideia hori, eta horrez gain azpimarratu du Euskadik hainbat potentzialtasun dituela kokaleku ona edukitzeko 4.0 Industriaren eszenatokian.

Tapiak esan du “laugarren iraultza industrialean gaudela”. Laugarren iraultza industriala da IKTek eta elektronikak automatizatu dituzten prozesu industrialen eraginez sortu dena. Orain “definitu behar dugu nolakoa izango den etorkizuneko produkzio industriala sostengatuko duen Fabrika Adimenduna”. Eusko Jaurlaritzak horregatik jarri ditu martxan gaur Bilbon egin dena bezalako Jardunaldiak, zeintzuen helburua baita bertako nahiz kanpoko adituei entzun eta haiengandik ikastea.

Sailburuak bi ideia garrantzitsu azaldu ditu. Lehenengo eta behin, esan du “produkzio sistema ziber-fisikoetan (CPS) oinarritutako iraultza bat dugula aurrean”, eta hainbat erronka gainditu behar direla: softwarea garatu, datuak masiboki (big data) aztertzeko sistemak garatu, sentsoreak eta elektronika txertatu produkzio prozesuekin elkarreragiten duten elementuetan, pertsona-makina bizikidetza (errobotak), eta lehen aipatutako guztia mundu birtualera, hots, Internetera konektatzea. “Testuinguru honetan –erantsi du Tapiak— “fabrika adimenduna” deitzen diogun hori fabrika tradizionalaren bertsio informatizatua izango litzateke, non prozesu guztiak elkarri konektatuta baitaude eta elkarri eragiten baitiote, mundu fisikoa (pertsonak, makinak, produktuak) eta birtuala (Internet, Gauzen Internet) gero eta uztartuago egongo direlako”.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du pertsonek ere paper garrantzitsua dutela laugarren iraultza industrialean. Hala, esan duenez, “pentsa zitekeenaz oso bestela, logikoki, euskal industriak orain arte behar izan dituenak adina giza baliabide beharko ditu. Hori bai, Euskadiko 4.0 Industriak goi-mailako kualifikaziodun pertsonak beharko ditu, behar adinako espezializazio maila dutenak, lider izateko gai direnak eta euskal industriaren ingurune zibernetikoa zuzenduko dutenak. Industria honek ez ditu pertsonak baztertzen, ezta gutxiagorik ere; pertsona-makina arteko harremanak ezinbestean beharko ditu goi-mailako kualifikaziodun langilez osatutako giza-taldeak. Aukera aparta dugu profil oso zehatz eta espezializatuentzat enplegua sortzeko, eta aukera bikaina da gure gazteen etorkizunerako”.

Jaurlaritzak martxan jarritako 2014-2016 Industria Planaren -zeinak 575 milioi euroko aurrekontua izango baitu hartuko dituen bi urteetarako- ildo nagusiak azaldu ondoren, Ekonomiaren Garapen Saileko arduradunak esan du Eusko Jaurlaritzak “lehentasunezko hiru ekintza esparru handi identifikatu dituela: fabrikazio aurreratua, energia eta bio-zientziak-osasuna binomioa”. Zentzu horretan, zehaztu du “herrialde gisa espezializatzeak, betiere beste aukera nitxo batzuk baztertu gabe, lagundu egingo diola EAEko industriari gure eremu indartsuenetan posizionatzen”.

Sailburuaren hitzaldiaren ostean, Wolfgang Wahlster-ek, Adimen Artifizialeko Alemaniako Ikerketa Zentroko (DFKI) zuzendariak, hitzaldi hau eman du: “4.0 Industria: fabrika adimendunetan oinarritutako Laugarren Iraultza Industriala” . Wahlster-en arabera, “Gauzen Internet dagoeneko sartu da produkzio prozesuetan, eta makinen arteko komunikazioari esker enpresek errentagarriki uztartu ahal izango dituzte produkzio laburrak eta luzeak”.

Aditu alemanak adierazi du “Informazio Teknologiek dagoeneko iraultza ekarri dutela manufaktura sektorera” eta 4.0 Industriaren abantaila nagusiak ere azpimarratu ditu: ”produktibitatea eta baliabideen eraginkortasuna hobetuko du eta antolakuntza eredu malguagoak ahalbidetuko ditu”. DFKI zentroko zuzendariaren iritziz, “produkzio deszentralizatuko eredu bat gailenduko da produkzio zentralizatuaren eta fabrikazio sistema klasikoen gainetik, eta eredu horretan memoria duen produktu hazkorra ez da izango soilik informazio gordailu zentral bat, baizik eta baita ere behatzaile, negoziatzaile eta produkzio prozesuko eragile bat”.

Hitzaldia amaitzeko, Wahlster-ek proposatu du Alemaniak eta Euskadik lankidetza estuan jardun beharko luketela, uste baitu elkarlan horrek emaitza onak eman ditzakeela I+G-ren sektorean. Baita ere azpimarratu ditu Euskadik 4.0 Industriaren eszenatoki berrian posizionatzeko dituen potentzialtasunak eta iraganean lortu zuen lidergo industriala berreskuratzeko dituen aukerak.

Bertaratutakoak

Basque Industry 4.0. Fabrika adimenduna” jardunaldian 700dik gora lagun bildu dira, hogei produkzio sektore baino gehiagotako ordezkariak guztira, gehienbat aholkularitza/ingeniaritza sektorekoak (plazen %24) eta elektronika/informatika sektorekoak (%17). Antolatzaileek ekitaldian eginiko inkestaren arabera, bertaratutakoen erdiak baino gehiagok (%52) ez zeukan inolako esperientziarik “fabrika adimendunaren” esparruan; %12k, berriz, bazuen kontakturen bat Cloud Computingaren munduarekin, %11k fabrikazio gehigarriarekin, %11k Big Datarekin, %5ak errealitate handituarekin eta beste hainbestek sistema ziber-fisikoekin, eta gainerako %4ak errobotika kolaboratiboaren esparruarekin.

Fabrika adimenduna betiko fabriken bertsio informatizatua da, non prozesu guztiak elkarri konektatuta baitaude eta elkarri eragiten baitiote. Iraultza industrial berri honek hainbat erronka gainditu beharko ditu: “softwarea” garatzea, datuak masiboki aztertzeko eta biltegiratzeko sistemak egitea, produkzio prozesuetan eta produktuetan sentsoreak eta elektronika sartzea, eta erabakiak hartzeko behar den informazio guztia puntualki eskura izatea.

4.0  Industria Alemaniarekin eta lidergo industriala “Vanguard” taldean

Euskal manufakturaren iraultza berri hori bultzatzeko eta babesteko konpromiso instituzionala Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen Plan Estrategiko baten bidez eraikitzen ari da, eta baita ere euskal presentzia sendotuz industria adimenduneranzko estrategia europarra markatzen ari diren nazioarteko talde liderretan. Duela gutxi Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkaritza batek, Arantxa Tapia buru zela, gonbita jaso zuen Alemaniako hainbat eragilerekin lan-saio batzuetan parte hartzeko (klusterrak, unibertsitateak, institutu teknologikoak, enpresak, e.a.) eta lan-saio horien bidez Alemanian garatzen den politika industrialaren joerak eta estrategiak kontrastatzeko.

Bestalde, Gobernu Federalak nazioarteko Benchmarking ekimen bat bultzatu du Produkzio Teknologien Fraunhofer Institutuaren bitartez (fabrikazio teknologiak) eta Eusko Jaurlaritzak gonbidapen formal bat jaso du ekimen horretan parte hartzeko. Tapia sailburuaren arabera, ekimen hau “aukera bikaina da Euskadirentzat bertatik bertara ezagutzeko fabrikazio aurreratuarekin lotutako azken joerak”.

2013az geroztik Euskadi Europako 15 eskualdeko talde batean dago, “Vanguard” izenekoan, eta talde horretako kide guztiek helburutzat dute hazkunde berri bat lortzea espezializazio adimendunaren bitartez.

 

Partekatu

Beste berri batzuk