Arantza Tapia, hurrengo hilabeteetan inauguratuko diren Oronaren instalazio berrietan izan da
- Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen Galarreta eremuan dago Orona IDeO – innovation city
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak Oronak Hernanin dituen instalazio berriak bisitatu ditu gaur arratsaldean, Oronako zuzendari nagusi eta Mondragon Korporazioko presidenteorde Javier Mutuberriak gonbidatuta, hurrengo hilabeteetarako aurreikusita dagoen inaugurazioaren aurretik.
Tapiarekin batera, Industriako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloa eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáez izan dira. Oronako arduradunekin bildu dira, eta horiek Orona Ideo proiektua azaldu diete.
Orona IDeO – innovation city izena izango du hiri-mugikortasun jasangarri eta buruaski baterako Europako lehen ikerketa- eta berrikuntza-zentroak. 70 milioi euroko inbertsioa izan du, eta dagoeneko eraikitzen ari dira. 40.000 metro koadroko azaleran eraikiko diren eraikinetan, bada, etorkizuneko irisgarritasun- eta mugikortasun-sistemak diseinatuko dira.
Arantza Tapia sailburuak Oronak, erakunde publikoen laguntzarekin, egindako apustua nabarmendu du; izan ere, balio handiagoa emango dio Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeari, I+G+b-ren funtsezko aktoreak –hots, enpresak, I+G+b-ko teknologia-zentroak eta unibertsitateak– bateratzen dituen ingurune fisiko bat sortuko baitu.