Ardi Latxaren esnearen koipe eta proteina edukia ebaluatzeko metodologia berri batek artaldeen errentagarritasuna hobetzea ahalbidetuko du
NEIKER da Pirinioez gaindiko proiektuaren liderra, eta partaideak dira INRA (Nekazaritza Ikerketako Erakunde Nazionala), IDELE (Abeltzaintzako Erakundea), CDEO (Departamenduko Ardi Aziendaren Zentroa), ASLANA (Nafarroako Latxa Arrazako Hazleen Elkartea) eta ARDIEKIN (Latxa eta Karrantzar arrazetako ardien Hautaketa eta Intseminazio Artifizialeko Zentroa)
Ekimena ARDI proiektuaren parte da, eta helburua da Manex eta Latxa arrazen lehiakortasuna handitzea eta asentamendua eta ustiategiak indartzea
ARDI proiektuaren xedea da Latxa eta Manex arrazen lehiakortasuna handitzea eta asentamendua eta ustiategiak indartzea, eta metodologia berri bat abiarazi du, esnearen koipe eta proteina edukia genetikoki ebaluatzeko. Ekimenari esker, zehatzago ebaluatu ahal izango da animalia kopuru handiago bat, eta, horrenbestez, esnea kontrolatzeko programaren errentagarritasuna handitzea eta, hedaduraz, artaldeen errentagarritasuna, gaztak ekoizteko genetikoki hobeak diren ardiak hautatu ahal izango baitira.
Esnearen kontrolari esker, ardi batek ematen duen esne kantitatea jakin daiteke, baina, koipe eta proteina edukiaren analisi kualitatiboa egiteko, jetzitako esnearen lagin bat hartu beharra dago. Horrek kostu ekonomiko handia dakar, lagina hartzeko denbora gehiago behar delako, lagina laborategira bidali behar delako, hotz katea mantendu behar delako, analitika bera, etab. Horregatik, gaur egun ezinezko da artalde guztietan laginak hartzea, eta zeregin hori lehen eta bigarren erditzeko ardietara mugatzen da, eta ez artalde guztietan.
Orain arte, koipea eta proteina aztertzeko ebaluazioak egiteko, laktazio osokorako aurreikusitako batezbestekoa erabiltzen da (ardiak erditzen denetik sikatzen denera arte ematen duen esnea). Batezbesteko hori modu egokian kalkulatzeko, hainbat baldintza hartu behar dira kontuan, hau da, esne laginak zenbat kontroletan hartzen diren, kontrol horien arteko bitartea, kontrolerako erabilitako metodologia, datu okerrak, etab. Teknika horrekin, egindako kontroletako batzuk ezin dira erabili, eta batez besteko balioaren kalkulua hartutako laginarekin egindako laktazioen %100en gainean egiten da.
ARDI proiektuaren esparruan beste metodologia bat garatu da, hau da, laktaziorako kalkulatutako batezbestekoaren ordez, kontrolean hartutako lagin bakoitzaren datu indibidualak erabiltzen dira. Kasu horretan ezartzen den murrizketa bakarra da datu okerrak ezabatzeari dagokiona. Emaitza moduan, metodologia berriarekin, baliabide berberak erabilita, animalia gehiago ebaluatzen dira –ardien %19 gehiago, eta aharien %6 gehiago (ahariek ere eragiten dute esnearen kalitatean)– eta zehatzago. Aitzitik, baliabide informatiko handiagoak eta denbora gehiago behar dira, baina arazo horiek gaur egun erraz konpon daitezke.
Mugaz gaindiko lankidetza programa
NEIKER, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko erakunde publikoa eta BRTAko kidea da ARDIko koordinatzailea, zeina mugaz gaindiko POCTEFA 2014-2020 lankidetza proiektuen 2. deialdian programatu baita. Horretan, NEIKER koordinatzaileaz gain, beste bazkide hauek parte hartzen dute: INRA (Nekazaritza Ikerketako Erakunde Nazionala), IDELE (Abeltzaintzako Erakundea), CDEO (Departamenduko Ardi Aziendaren Zentroa), ASLANA (Nafarroako Latxa Arrazako Hazleen Elkartea) eta ARDIEKIN (Latxa eta Karrantzar arrazetako ardien Hautaketa eta Intseminazio Artifizialeko Zentroa).
Proiektuaren aurrekontu totala 1.155.072 € da, eta POCTEFAk horren %65 laguntzen du diruz.