Argi berdea, Leioan egingo den UPV/EHUko Zientzia Parkean, Biofisika Unitatea eraikitzeko

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta Unibertsitateak sinatutako hitzarmenari esker eraikina egiteko kontratazioa laster buru ahal izango da. Ikerkuntzarako eta irakasleak eta ikertzaileak barne hartzeko erabiliko den zentroak 16,5 milioiko kostua du.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Biofisika Unitatearen proiektuak bere eraiketari hasiera emateko izapideak itxita ditu. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak (BZTP) eta UPV/EHUk lankidetza-hitzarmena sinatu dute Leioan egingo den UPV/EHUko Zientzia Parkean aipatutako unitatea eraikitzeko. Felix Goñi UPV/EHUko katedradunak zuzenduko duen Unitate horren helburua ikerketarako guneez gain, irakasleak eta ikertzaileak ere barne hartzea da.

Izenpetutako hitzarmena Unibertsitatearen eta Parkearen arteko esparru-akordioaren eta garapen-akordioen baitan dago eta, ondorioz, Parkea arduratuko da etorkizuneko Zientzia Parkea garatzeaz.

Hitzarmenaren helburu nagusia erakunde bien lankidetza erregulatzea da, Biofisika Unitatea hartuko duen eraikinaren eraikuntza bien kontura izango dela arautzen duten zenbait klausularen bidez. Hala, UPV/EHUk ondoko konpromisoa hartu du:

  • – UPV/EHUk BZTPri emango dio eraikina egiteko lortu den kanpo-finantzaketa.
  • – UPV/EHU konprometitzen da eraikin horretan −behin amaituta BZTPri emango dio− Biofisika Unitatea egongo dela gutxienez 20 urtez. Behin epealdi hori igarota Zientzia Parkearen xede eta helburuekin bateragarria den beste edozein unibertsitate-zerbitzurako erabil dezake.

 

Bestalde, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, beste gai batzuen artean, UPV/EHUk emandako zenbatekoak erabiliko ditu eraikina egiteko, bere gain hartuko ditu eraikuntzarako izapideak eta behin eraikita, UPV/EHUren esku utziko du eraikina.

Hitzarmen horretatik eratorritako jarduerak kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko helburuarekin, Jarraipen Batzordea eratuko da. Bi ordezkarik osatuko dute, erakunde bakoitzeko bana, eta presidentetza erakunde bakoitzari (UPV/EHU eta BZTP) egokituko zaio modu txandakatuan, 6 hilabetean behin.

Biofisika eraikina

UPV/EHUko Biofisika Unitatea Bizkaiko campusean, Leioan, kokatuko da eta horri esker egun Biofisika Unitateak −zentro mistoa, CSIC eta Euskal Herriko Unibertsitatea− dituen ikerketa-guneak eta ikertzaile kopurua handituko dira. Era berean, Unitatea eraikiberrituko denez, biomintzetan berezitutako fundazio-taldearekin loturak hautsiko ditu zentro berriak eta askoz hedapen handiagoa duten hainbat proiekturi ekingo die. Era horretan, Unitate berriak zientzialariak hartzeko toki gehiago izango du, biofisika-alor gehiago jorratuko ditu eta bere ikerketen kalitatea hobetuko du. Aipatu unitateak “Biofisika Zentroa, unitate mistoa CSIC-UPV/EHU” izena hartuko du eta bere asmoa Europako erakunde biofisiko aitzindarietako bat bilakatzea da ikerketa, irakaskuntza, hedapen eta berrikuntza arloetan.

Eraikin berriak 11.698,95 metro koadroko azalera eraikia izango du, horietatik 6.000 metro koadro laborategietarako erabiliko dira. Proiektu horren amaierako aurrekontua gehienez 16.500.000 eurokoa izango da.

Eraikina egikaritzeko hainbat erakunderen finantzaketa erabiliko da:

  • – Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa: 5 milioi euro.
  • – Bizkaiko Foru Aldundia: 2 milioi euro.
  • – Eusko Jaurlaritza: 2 milioi euro.
  • – UPV/EHU: 2 milioi euro.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea: 5,5 milioi euro, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak emandako Innplanta laguntzen bidez.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak laster esleituko du eraikina egiteko kontratazioa eta behin obrak hasita 18 hilabeteko epean eraikina bukatzea espero da.