Ate Irekien egunak milaka lagun erakarri zituen Araba, Bizkaia eta Donostiako Teknologi Parkeetara

Araba

  • Zientzia eta Teknologiaren asteko ekitaldien egitarauaren azken jarduna izan zen ate irekien eguna.

Milaka lagun hurbildu ziren atzo Araba, Bizkaia eta Donostiako Teknologi Parkeetara, Ate Irekien Jardunaldiaren inguruan. Eguraldi txarra ez zen oztopo izan, hainbat eta hainbat pertsonak, gazte zein heldu, parkeek antolatutako berrogeitamarretik gora ekintzatan parte hartzeko.

Zientzia eta Teknologia gizarteratu eta bereziki Teknologi Parkeetan eta bertan kokatutako enpresetan egiten den lana ezagutzera ematea helburu duen Ate Irekien Jardunaldian, asko izan ziren ateak ireki edota beraien lana aurkeztu zuten enpresak.

Arabako Teknologi Parkea

Arabako Teknologi Parkearen Ate Irekien Jardunaldiaren hamabostgarren edizioa izan zen atzokoa, bera izan baitzen Euskadiko parkeen artean aitzindaria. 3.500 lagun inguru hurbildu ziren parkera, bertan antolatutako ekitaldi desberdinetan parte hartzeko. Ekintza guztien artean parte-hartze zabalena izan zutenak honako hauek izan ziren: Basque Culinary Lab, Tecnaliaren jolas didaktikoa, Zirko tailerra, Blandiblú tailerra eta Ekintzailetza tailerrak.

Jardunik dibertigarriena eta bereziki gazteen artean sekulako arrakasta lortu zuena, 16 jokalarirentzat mahai-futbol erraldoia izan zen.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, Ate Irekien Jardunaldiaren XIII.edizioa egin zuen atzo, 5.000tik gora lagunen bisita erakarriz. Ingeteam, Gaiker-IK4, Ibea Taldea, Neurogenomiks, Idoki eta Azti-Tecnaliak ateak zabaldu zituzten beraien instalazioetara bisita gidatuak eta haurrentzako tailerrak edota jolasak eskainiz. BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroak ehundaka lagunen bisita jaso zuen, haurrentzako tailerretan parte hartzeaz gain, gimnasia erritmikoko Miragarri taldeak emandako ikuskizuna ikusteko. Golf Pitch-Putt Derion ikastaroak egin edota Aisia Derio Hotelean egindako relax zirkuitoaren zozketarekin batera, haurrentzako tailerrak, jolas didaktikoak, aeromodelismoa, segway zirkuitoa, pedalo, roller, trikke eta zapata saltariekin ibiltzeko aukera aprobetxatu zuten bisitariek; baita suhiltzaileen kamioa eta Euskaltel-Euskadiren autobusa ezagutzeko ere, guztia euskal musika eta euskal dantzak girotuta.

Eguneko ekintzarik arrakastatsuenak Daniel Ross magoaren ikuskizuna eta Gaminiz jatetxean egindako Jardunaldiko Pintxoaren dastaketa izan ziren. Dastaketa baino lehen, Aitor Elizegi sukaldariak, Bioeskola BBKren ortu ekologikoko produktuekin, Azti-Tecnaliaren sukalde esperimentalean egindako pintxoaren aurkezpen ekitaldia egin zen, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko presidente eta zuzendaria, Emaus, BBKren gizarte ekintza, Gaminiz jatetxea eta Azti-Tecnaliako arduradunak bertan zirela.

Donostiako Teknologi Parkea

Ate Irekien Egunaren XIII. eguna izan zen atzo Donostiako Teknolgi Parkean eta urtero legez, Eureka! Zientzia Museoan egin ziren eguneko ekintza guztiak, goiz eta arratsaldez. 3.600 lagunek hartu zuten parte antolatutako hainbat jardunetan, hala nola elektrizitate ikuskizuna, planetariuma, kimika etabar. Aurten lehen aldiz egin diren garraio iraunkorraren inguruko ekintzek oso harrera ona izan zuten, baita ateak ireki edota beraien lana erakutsi eta aurkeztu zuten enpresek ere:  I2Basque, Luix, Elkargi, Tecnalia, Bic Berrilan, Ikerchem, Cita-Alzheimer eta Inbiomed.

Argazki digitalaren IX. lehiaketa egin da aurten eta honako hauek izan dira irabazleak:

  • Natura saria: Julen Sanchez
  • Teknologia saria: Ales Diaz
  • Arte saria: Adrian Kurtu

Partekatu

Beste berri batzuk