Atlas Molecular Pharmak 3 milioi euroko finantziazio-erronda itxi du

SPRI, CIC bioGUNEren “spin-off” den konpainiako akziodunen artean sartu da, Inveready arrisku-kapital kudeatzailearekin eta Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin (CDTI) batera, beste inbertitzaile batzuen artean

Atlasek, gaixotasun metaboliko arraroen eta ultra-arraroen tratamendurako txaperona farmakologikoak garatzen ditu

BRTAko kide den CIC bioGUNE ikerketa-zentroaren spin-off-a den eta gaixotasun metaboliko arraroak tratatzeko txaperona farmakologiko berriak garatzeko helburuarekin sortu zen Atlas Molecular Pharmak (Atlas), 3.000.000 €-ko finantzaketa-erronda osatu du. Horren ondorioz, bere akziodunen artean sartu dira CDTI erakunde publikoa eta EZTEN, SPRI Taldeko (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) Arrisku Kapitalaren Funtsa. Finantzatziazio-errondaren buru egoitza Donostian duen Inveready arrisku-kapital kudeatzailea da, konpainiaren egungo bazkideen partaidetzarekin. Invereadyk Inveready Biotech III funtsaren bidez egin du eragiketa.

Atlas enpresa Bizkaian sortu zen 2015ean, Oscar Millet kimika organikoan doktoreak eta Joaquín Castilla biologia molekularrean doktoreak gidatuta. Atlasen hautagai nagusiak, ATL-001ek, txaperona farmakologiko gisa jarduten du, UROIIIS funtzioa egonkortuz eta berreskuratuz. Herentzian jasotako mutazioen ondorioz akastuna denean, proteina horrek porfirina toxikoen metaketa eragiten du, eta, ondorioz, sortzetiko porfiria eritropoietikoa. ATL-001ek emaitza itxaropentsuak lortu zituen animalia-modelo adierazgarrietan, eta Ameriketako Estatu Batuetako Droga eta Elikaduretarako Administrazioak (FDA) zurtz-sendagai izendatu zuen.

Eragiketa horrek Venture Tech Audit, Hoffmann Eitle eta RCDren aholkularitza izan du.