AZTI-Tecnaliak “ekonomia urdina”ri buruzko jardunaldi bat egin du

Bizkaia

  • “Green Innovation-Blue Growth. Itsaso eta ozeano jasangarriak” jardunaldia, Sinaval Eurofishing azokaren barruan egin da.
  • Akuikultura, turismo, bioteknologia eta energiaren sektoreek garatzeko gaitasun handia dute

Ekonomia urdina —itsasoarekin eta haren baliabideekin lotua— garapen eta hazkunde ekonomikorako aukera handia da Europarako. Hala adierazi dute “Green Innovation-Blue Growth. Itsaso eta ozeano jasangarriak” jardunaldian. AZTI-Tecnaliak antolatu du, Sinaval Eurofishing azokaren barruan. Ekitaldi horretan, ekonomia urdinean egiten ari diren tokiko zenbait ekimen erakutsi dira, hala nola itsas zabaleko akuikultura, arrantza jarduera bideragarri eta jasangarri gisa, aisialdia itsasoan eta kostaldean eta itsas baliabide biologiko berriak bilatzea. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeak emango dio hasiera jardunaldiari, eta arrantzak hazkuntzari egiten dion ekarpena azalduko du.

Europako Batzordeak Itsas Politika Integratua sustatzeko ezarri dituen bost sektore estrategikoak izan ditu ardatz jardunaldiak. Ardatz horiek dira itsas turismoa, itsas baliabide mineralen erauzketa, akuikultura, itsas bioprospekzioa eta itsas energia berriztagarriak. Ardatz estrategiko horiek “gaur egungo krisia gainditzen lagundu dezakeen aukera dira”, Lorenzo Motos AZTI-Tecnaliako Itsas Ikerketako Unitateak esan duenez. Adituak sektore horietan berrikuntza eta ikerketa aplikatzearen aldeko apustua egin du, modu jasangarri eta errentagarrian garatzen laguntzeko.

Itsasoarekin lotutako jarduerek hazkunde-potentzial handia dute, eta Europar Batasuneko 5,4 milioi pertsonari ematen diote enplegua, Europako Batzordeak Hazkunde urdina: ozeano, itsaso eta kostaldeen hazkunde jasangarrirako egoerak eta kontrolatzaileak txostenean jasotako datuen arabera. Europako erakunde gorenaren kalkuluen arabera, zenbateko hori zazpi milioira igo liteke 2020rako; itsasoarekin erlazionatutako sektoreek ematen duten balio erantsi gordina, berriz, urtean 500.000 milioi euro izatetik 600.000 milioi inguru izatera pasa liteke.

AZTI-Tecnalia ari da, Eusko Jaurlaritzarekin batera, itsas jardunerako sektoreak sustatzeko Europako ekimena zuzentzen. Europari krisia gainditzen lagundu diezaioketen aukera jasangarriak ikertzeko eta bilatzeko apustua egin du zentro teknologikoak. Gaur BECen egin den ekitaldia ekonomia urdina sustatzeko ekintzetako bat da, eta jende ugari bildu du; batez ere, arrantzarekin, itsas akuikulturarekin, aisialdi-industriarekin eta itsas bioteknologiarekin erlazionatutako agenteak.

Baliabideen aprobetxamendua

Eduardo Balguerías Espainiako Ozeanografia Institutuko zuzendari nagusiak eta Lorenzo Motos AZTI-Tecnaliako Berrikuntzako zuzendariak arrantza-jarduera errentagarri eta jasangarri bati laguntzeko ezagutza eta teknologiak aplikatzeko adibideak eman dituzte. Arrain-populazioen egoera ebaluatuz eta ustiapen-estrategia jasangarriak definituz arrantza-aukera identifikatzea izan da aurkeztutako adibideetako bat. Orobat, kostuak eta ekosistemako jardueren inpaktua txikitzeko teknologien adibideak eman dira.

Akuikultura, Europan hedatzen ari den sektore bat, jardunaldiko beste gai bat izan da. Diego Mendiola AZTI-Tecnaliako ikertzaileak eta gai horretako adituak itsas zabaleko moluskuak haztean eta gizentzean izandako hainbat esperientzia aurkeztu ditu. Bestalde, Carlos Foruria INNOVACTeko arduradunak itsas zabalean arrainak gizentzeko urperatutako kaiola baten prototipoak zer garapen-maila duen azaldu du. EAEko enpresa-partzuergo bat ari da sustatzen proiektu hori, eta Arrantzale Kofradiaren laguntza du. Itsas turismoari dagokionez, Pedro Liria AZTI-Tecnaliako ozeanografoak Kostasystem-eko esperientzia kontatu du. Itsasoaren eta hondarraren mugimenduak jasotzen dituzten kamera batzuen bidez hareatzen jarraipen automatikoa egiteko sistema bat da Kostasystem. Gaur egun, Bizkaiko eta Gipuzkoako bost hondartzatan ezarrita dago.

Jardunaldian landutako beste gai bat hau izan da: itsasoaren aprobetxamendua, gizarte osoarentzako produktuen hornitzaile gisa. Itsas baliabide biologiko eta genetiko berriak bilatzeko eta aplikatzeko arloak —itsas bioprospekzioa deritzenak— hainbat eremutan izan ditzake aplikazioak, hala nola elikaduran, farmazian, kosmetikan, produktu kimikoetan eta bioerregaietan, Simon Munt —Pharmamar-eko Kimika Medikoko arduraduna— eta Trond Ø. Jørgensen —MabCent-SFI/UiT Tromsø Norvegiako zentroko zuzendaria— hizlariek azaldu dutenez.

Jardunaldian, halaber, MARNET Atlantikoko Itsas Lurraldeen Sarearen lana nabarmendu dute. Haren helburua da Atlantikoko itsas ekonomia ebaluatzea, hainbat lurralderen artean konpara daitezkeen datu sozioekonomiko fidagarrien bidez. Ekitaldiko beste nobedade bat izan da Ozeanoen Osasuneko eta Balorizazio Jasangarriko Euskampus Ezagutza Poloa aurkeztea.

Partekatu

Beste berri batzuk