AZTI-Tecnaliak gazta berri bat sortu du, gatz gutxikoa eta omega-3 eta omega-6 gantz-azidoak dituena

Bizkaia

 

  • Fundazioaren asmoa da gazta berria ekoiztu eta  merkaturatu nahi duten enpresekin harremanetan jartzea
  • Produktua osasungarriagoa da, merkatuan berezia, eta  potentzial handia duena elikagai-behar espezifikoak dituzten  kontsumitzaileen artean.

 

AZTI-Tecnaliako Elikagai berrien guneak egindako ikerketa baten emaitza da gazta berria; gatz gutxi du, eta, animalia-koipeen ordez, kolesterolik gabeko landare-koipeak eta omega-3 eta omega-6 gantz-azidoak ditu. Produktu berritzaileak hipertentsioa dutentzat eta adinekoentzat oso komenigarria den nutrizio-profil orekatu eta osasungarria du. Gaztaren nutrizio-propietateez gain, dastaketak egin dira askotariko kontsumitzaileekin, eta haiek ontzat eman dituzte gaztaren zaporea, usaina eta testura.

AZTI-Tecnaliaren ikertzaileen erronka izan da gazta egiteko metodo berri bat garatzea, gaztaren elikagai bioaktiboak areagotu, eta gantz asea eta gatza gutxituko dituena. Nutrizioaren ikuspegitik ahalik eta osasungarriena den produktua lortzeko, gantz butirikoaren ordez —esnearen koipearen ordez— omega-3 eta omega-6 gantz-azidoetan aberatsa den landare-koipe kolesterol gabea erabili da.

Sodio-murrizketa sodio kloruroa (gatz arrunta) potasio kloruroarekin ordeztuz lortu da.  Azken produktuak gaztaren berezko zapore gazia izan dezan, AZTI-Tecnaliako teknikariek behin gazta lehortutakoan gazitu dute, beti bezala gazta egiten den bitartean gazitu ordez. Prozedura berritzaileak zapore gazi bereizgarria ematen gaztari, eta, aldi berean, gaztari gehitzen diogun gatz-kantitatea hobeto zehazteko aukera ematen digu.

Gazta berriaren gainean hainbat ikerketa egin dira kontsumitzaile-talde heterogeneoekin, eta oso emaitza onak lortu dira zaporeari, usainari eta testurari dagokienez. Dastaketetan eta azterketa sentsorialetan parte hartu dutenek kontsumorako erabat egoki iritzi diote produktuari, eta ontzat eman dituzte haren propietate osasungarriak.

Ikerketa Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak finantzatutako SAIOTEK programaren barruan gauzatu da, eta Quesos Ibar eta Gomiztegi enpresek kolaboratu dute.

Teknologia-transferentzia

AZTI-Tecnaliako Elikagaiak Ikertzeko Unitatearen helburuetako bat da elikadura-sektoreko enpresei teknologia berriak transferitzea. Bide horretatik, gazta berria ekoiztu eta merkaturatu nahi duten enpresekin harremanetan jartzeko asmoa du. Osasungarriagoa da produktua, merkatuan berezia, eta potentzial handia duena elikagai-behar espezifikoak dituzten kontsumitzaileen artean.

Erreferentzia-zentroa itsasoaren eta elikagaien ikerketan

AZTI-Tecnalia, itsas eta elikadura-arloko ikerketan aditua den zentro teknologikoa, fundazio bat da, eta helburu hau du: bere jarduera-sektoreetan —itsasoa eta elikagaiak— garapen soziala lortzea eta haien lehiakortasuna handitzea, ikerketaren eta berrikuntza teknologikoaren bidez. Elikagaien Ikerketako Unitateak Derion (Bizkaia) du egoitza. Eraikin berritzailea da, eta zerbitzu eta instalazio aurreratuenak ditu, elikagaien industriarako ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-zerbitzurik onena eskaintzeko.

 

Partekatu

Beste berri batzuk