Aztik eta Ikerbasquek Xabier Irigoien naziarteko itsas ekologiako aditua fitxatu dute

Bizkaia

  • Irigoien doktorea ozeanografiako ikertzaile ospetsua da, eta berrikitan, AZTI zentro teknologikoko zuzendari zientifiko gisa jardunean jarraitzeko fitxatu dute, Ikerbasqueko Research Professor deialdiaren bitartez
  • Irigoien doktorearen proiektuek kate trofikoren ikuspegitik arakatzen dituzte itsasoen kontserbazioaren erronka nagusiak, plastikoen ugaritasuna eta beroketa globala tarteko direla
  • “Erabilera iraunkorra egiteko, ondo baino hobeto ezagutu behar dugu ekosistemaren funtzionamendua”, adierazi du Irigoienek

 new tables and chairs in the spine “Arrain handiak txikia jaten du”. Halaxe laburbildu ditu Xabier Irigoien nazioarteko itsas biologiako aditu eta AZTIko Ikerbasque ikertzaile berriak esku artean darabiltzan ikerketa-ildoak: planktonaren ekologia, itsasoko sare trofikoak eta arrantzari eragiten dioten faktoreak. Zehazkiago esanda, itsasoko elikadura-katearen oinarrian dagoen planktonaz ari da. Irigoienen lanaren xedea planktonaren ugaritasunari eta banaketari dagozkien faktoreak ulertzea da. Horrek arrainen elikaduraren banaketa eta itsasoen osasuna baldintzatzen dituzten faktoreak ulertzen laguntzen du.

Irigoien doktorea ozeanografiako ikertzaile ospetsua da, eta Itsas Zientzien Institutuan (Bartzelona), Plymouth-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua), AZTI zentro teknologikoan eta KAUST Itsaso Gorriaren Ikerketa Zentroaren zuzendaritzan (Saudi Arabia) egindako ikerketa-ibilbide luzearen ondoren, Ikerbasqueren Research Professor deialdiaren bitartez fitxatu berri dute.

“Gauza guztietarako zikloak daude, nik sumatzen nuen KAUSTeko zikloa azkenetan zegoela eta hainbat eskaintza arakatzeari ekin nion. Estatu Batuetara jauzi egiteko ala Euskadira itzultzeko eskaintzak zeuden”, azaldu du Irigoienek Euskadira itzultzeko erabakiari buruz mintzo dela. “Euskaditik, izugarri erakartzen nau erabat errotuta daukan itsas tradizioak, eta horren harira, nire lanak berehalako aplikazioa eta gizartearen gaineko eragina izan dezake; alderdi horiek oso garrantzitsuak dira niretzat. Bestalde, Ikerbasquek oso ikerketa-esparru erakargarria eskaintzen du, erakargarria eta egonkorra, eta egonkortasun hori nahitatezkoa da ikerketa-proiektu sendoak eta koherenteak garatu ahal izateko.”

Irigoien doktorearen proiektuek kate trofikoren ikuspegitik arakatzen dituzte itsasoen kontserbazioaren erronka nagusietako batzuk. Adibidez, Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian 2014an argitaratu zuen ozeanoetako hondakin plastikoen kopuruari buruzko artikulu batean, argi utzi zuen plastiko horien kopuru handi baten “ibilbidea eta azken helmuga” ezezagunak direla, plastiko-zati txiki asko kate trofikoarekin bat egiten ari direla iradokiz.

“Ikerketa horretarako, munduari bira eman zitzaion, lehorretik urrutien dauden ozeanoetako aldeetan zehar nabigatuz, eta han-hemenka bildutako lagin guzti-guztietan plastikoak aurkitu ziren”, gogoratu du Ikerbasqueko ikertzaile berriak. “Zalantzarik gabe, plastikoa munduko itsaso guztietako kate trofikora iritsi da, hainbat maila trofikotan iritsi ere. Plastiko hori zooplanktonak eta arrainek kontsumitzen dute, eta oraindik ere ditugu ezagutzen horren ondorioak. Maila altuagoetan, dortokek, itsas ugaztunek eta hegaztiek ere plastikoa kontsumitzen dute, eta horren ondorio zuzenak are okerragoak dira”.

Beste lan batean, ozeanoen beroketaren eta biomasako aldaketen arteko harremanak aztertu zituen. Nolanahi ere, Irigoien doktoreak jakinarazi duenez, inpaktuen aniztasuna da ozeanoen kontserbaziorako erronka nagusia. “Ozeanoak dira gure ur-erreserba nagusia, eta horietatik jatekoa biltzeko asmotan dihardugu, berotzen eta zabortegitzat erabiltzen ditugun bitartean”, esan du. “Arazoa da infinitutzat jotzen dugula, inpaktu guztiak jasotzeko gauza balitz bezala, gure ondoan hondatuta ere gainerakoa salbu balego bezala alegia, baina ez da horrela. Beroketa globala da, horren ondorioak lekurik urrunenetan ere antzeman ditugu, eta gehiegizko arrantza eskuin-ezker hedatuta dago”.

“Baina seguraski arazorik larriena”, gaineratu du, “horretara ohitu izana da, oinarrizko lerro-aldaketaren sindromea deritzona, belaunaldi batetik bestera pentsatzen dugu ekosistema ondo zegoela gaztetan ezagutu dugun moduan eta ez benetan zen bezala,”.

“Ozeanoak hor zeuden gu sortu baino askoz ere lehenago, eta hortxe jarraituko dute gure espeziea desagertu ondoren ere. Geuri dagokidu erabakitzea natur baliabideen erabilera iraunkorra egitea ala baliabide horiek agortzeko arriskua hartzea”, adierazi du Irigoienek. “Erabilera iraunkorra egiteko, ondo baino hobeto ezagutu behar dugu ekosistemaren funtzionamendua”.

AZTI itsas eta elikadura arloetako ikerketan espezializatuta dagoen zentro teknologikoa da. Industria-ehuna dinamizatu eta natur baliabideak zaindu eta berreskuratzen dituzten produktuak, zerbitzuak eta enpresa-ekimenak garatzen ditu. Egungo eta geroko gizartearentzat zientzia garapen iraunkor eta osasungarri bihurtzea da AZTIren ezaugarria.

IKERBASQUE, Eusko Jaurlaritzak ikerketa zientifikoaren alde egindako apustuaren eta duela zenbait urtez geroztik autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek eratutako aliantzaren emaitza da. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.

Ikerbasqueren Research Professor deialdia 2007an abiarazi zen, goi mailako profesional zientifikoak Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetara erakarri eta atxikitzeko asmoz. Orain arte, 142 ikertzaile era iraunkorrean erantsi dira.

Partekatu

Beste berri batzuk