AZTIk openazti aurkeztu du, itsasoarekin eta elikagaiekin erlazionatutako ideia eta irtenbide teknologikoak partekatzeko ekimen bat

Bizkaia

* “Berrikuntza irekia”ren bidez, ezagutza irekia eta elkarlanekoa sustatu nahi da zientzian

* Zentro teknologikoaren asmoa da 2015erako bere I+D+Bren % 10 kanpoko ezagutza txertatzean oinarritzea

AZTI-Tecnaliak, itsasoko gaietan eta elikagaietan espezializatutako zentro teknologikoak, openazti ekimena jarri du martxan. Itsasoarekin eta elikadurarekin erlazionatutako ideiak, irtenbideak eta patenteak partekatu nahi dituzten pertsonen eta erakundeen parte-hartzea bilatzen du ekimen horrek. Jasotako proposamenak analizatu egingo ditu zentroak, eta proposamen horiei balioa emateko garapen-aukerak aztertuko ditu. AZTI-Tecnaliaren asmoa da 2015erako bere I+D+Bren % 10ek “Berrikuntza irekia” eta kanpoko ezagutzaren txertaketa oinarri izatea. Proiektu honekin, ezagutza ireki eta elkarlanekoan oinarritutako ikerketa egiten duten erakundeen belaunaldi berriaren buru izan nahi du zentro teknologikoak.

Openaztin hemezortzi urtez gorako edonork har dezake parte, baita itsasoarekin eta elikagaiekin erlazionatutako eragileek, unibertsitateek, enpresek eta erakundeek ere. Parte hartzeko, ideia, irtenbide edo patente bat bidali behar da www.openazti.com webgunearen bidez. Ekimen berritzaile honekin, kanpoko ezagutza eta eskarmentua barneratu nahi ditu AZTI-Tecnaliak, zentroak egunero-egunero aurre egin behar dien erronka askori aurre egiteko orduan.

Ideiak, behar teknologikoen irtenbideak eta patenteen lagapena
Ekimena hiru ataletan banatzen da:
Lehena, IDEIAK. Etorkizuneko aukerak bilatzen laguntzeko ideiak dira, gaur egungo arazoei irtenbide berritzaileak eman diezazkieketenak, eta aukera ematen dutenak itsasoarekin, haren baliabide eta erabilerekin, elikagaiekin eta haien etorkizuneko bilakaerarekin erlazionatutako jarduera berriak garatzeko. Ekimen hori sektoreko publiko eta eragile guztientzat irekia dago.

Bigarrena, IRTENBIDEAK. Hots, etorkizuneko erronka gisa identifikatu diren eta ardatza AZTI-Tecnaliaren lan-esparruan duten behar teknologikoen irtenbideak. Deialdi hau guztioi irekia dago, baina ikerketa-zentroei, unibertsitateei, zentro teknologikoei eta enpresei zuzendua dago bereziki.

Gaur egun, badaude dagoeneko bi deialdi ireki: Bata, fluido organikoko Rankineren ziklo batean oinarrituta (ORC) hondar-beroa berreskuratzen duen unitate baten garapena. Zehazki, itsas aplikazioetan instalatu daitekeen potentzia txikiko hedagailu bat garatu nahi da. Bestea, presio-aldaketen bidez (despresurizazioa) elikagai-matrize egonkorrak sortzea, sistema biopolimerikoak lortzeko edo deskonpresioan nahiz deskonpresioaren ondorioz fasea aldatzen duten elikadura-matrizeak lortzeko.

Azkena, PATENTEEN LAGAPENA. AZTI-Tecnaliaren ikerketa-sektore eta alorrekin erlazionatutako patenteak lagatzeko aukera ematen du openaztik; esate baterako, itsas ikerketa, arrantza-baliabideak edo elikagaien ikerketarekin zerikusia dutenak. Patentea aztertu egingo da, eta interesgarria bada, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dira, proiektu jakinak egiteko.

AZTI-Tecnaliak itsas ingurumenarekin, arrantza-teknologiekin, elikagaien teknologia berriekin, osagai eta elikagai berriekin eta itsas ingurunean agente kimiko eta biologikoak hautemateko sistemekin erlazionatutako patenteetan du interesa, nagusiki.

Jasotako proposamenen ebaluazioa
AZTI-Tecnaliaren irizpideen arabera erakundearen behar eta eskaera teknologikoetara hobekien egokitzen diren hiru ideia, irtenbide eta patente onenak aukeratuko dira. Dena den, AZTI-Tecnaliaren helburua lortzen ez bada, hutsik gera litezke. Kasuan-kasuan, ordaina izan liteke ekonomikoa, proiektua zentro teknologikoarekin batera garatzea, edo aldi baterako erakundeko parte izatea, proiektua egiteko.

AZTI-Tecnalia, garapen soziala eta lehiakortasunaren hobekuntza
AZTI-Tecnalia, itsas eta elikadura-arloko ikerketan aditua den zentro teknologikoa, fundazio bat da, eta helburu hau du: bere jarduera-sektoreetan —itsasoa eta elikagaiak— garapen soziala lortzea eta haien lehiakortasuna handitzea, ikerketaren eta berrikuntza teknologikoaren bidez. Diziplina askotako profesionalek osatzen dute haren pertsonala, bi unitatetan antolatuta: Itsas Ikerkuntza eta Elikagaien Ikerkuntza, analisi eta saiakuntzen zerbitzuek eta lagintze-alorrak lagunduta.

Iturria: Azti-Tecnalia

Data: 2012/04/25

Partekatu

Beste berri batzuk