AZTIk, The Food Mirror-ekin batera, elikadura-joeren etorkizuna definitzen duen lehen komunitate globala aktibatu du

Bizkaia

AZTIren adimen kolektiboko proiektu asmo handiko bat da The Food Mirror, eta haren helburua da elikaduraren inguruko ezagutzak, kulturak, esperientziak eta emozioak batzea

Ruby Garovillo (New Jersey), Elena Ubeda (New York) eta Fabiola de Goríbar (Mexiko Hiria), #foodture GAME lehiaketaren irabazleak, dira elikadura-joeren harraparien komunitate globaleko kide berriak

 Hiru irabazleek esperientzia gastronomiko eta enologiko batez gozatu ahal izango dute Euskadin. Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziak antolatu du bigarren urtez jarraian

Hogei herrialdetako 800 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte onlineko lehiaketan, eta elikadurako berrikuntzei buruzko 200 ohar baino gehiago partekatu zituzten

 Urteko lehen hiruhilekoan, hautemandako elikadura-joera berriak argitaratuko ditu zentro teknologikoak: “EATendencias” deiturikoak

AZTIFood trend trotters-en (elikagaigintzako joeren harraparien) lehen komunitate globalak —AZTIk sortua— hiru kide berri ditu. Ruby Garovillo (New Jersey), Elena Ubeda (New York) y Fabiola de Goríbar (Mexiko Hiria) izan ziren The Food Mirror ekimeneko onlineko lehiaketaren azken edizioko irabazleak. Ekimen horren bidez, mundu guztiko elikadura-joerei buruzko informazioa biltzen du zentro teknologikoak, elikagaigintzarako irtenbideak emateko. Hiru joera-harrapari berriek, gaurtik, astebeteko ibilbidea egingo dute Euskadin barrena, eta hemengo altxor gastronomiko eta enologiko guztiak ezagutuko dituzte, Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziaren eskutik, zeinak aurten bigarren urtez jarraian antolatzen baitu egonaldia.

Basquetour-en Bilboko egoitzan aurkeztu dituzte, gaur, AZTIko hiru food trend trotter berriak, bai eta The Food Mirror ekimenaren datorren urterako helburuen berri eman ere. Zentro teknologikoa, itsasoaren eta elikagaien ikerketan espezializatua, joeren argitalpen bat ateratzera doa lankidetzan: kontsumitzaileek hurrengo urteetan izango dituzten lehentasunen berri izateko gida.

Beste erronka handietako bat da enpresentzako balioa sortzea The Food Mirror komunitateko jarduerak abiapuntu izanik, eta ezagutza kolektibo hori enpresen estrategian txertatzea, kontsumitzaileen eskaerei arin eta eraginkortasunez aurrea har diezaioten. The Food Mirror-en azken xedea da gizartearen eskaerak elikagai “ispiluetan” proiektatzea, herritarrak haietan islatuak senti daitezen eta haiei balioa eman dakien.

Helburu horiek lortzeko, hainbat ekintza egingo dira, hala nola denen artean elikadura-prototipo bat sortzea, sektorera transferitzeko modukoa, eta han diseinatzaileek, publizistek eta abarrek parte hartzea. Halaber, AZTIk, aurreikuspenen arabera, enpresentzako sentsibilizazio-kanpainak egingo ditu joerek eta sormen-tailerrek berrikuntzarako duten garrantziari buruz. Beste helburuetako bat da kontsumitzaileak eta enpresa-mundua konektatuko dituzten elikadura-sektoreko erronken inguruan lan egitea, eta beste sektore batzuekin sinergiak aktibatzea, hala nola turismo gastronomikoarekin eta marketinarekin.

The Food Mirror filosofiaren barruan online osagaia sustatzen jarraituko du AZTIk. Aurten, The Food Mirror doako aplikazioa jarri dute martxan. Erabilgarri dago Androiderako, eta, laster egongo da iOS-erako. Instagramen antzeko ingurune bat da, eta funtzionalitate berriak izango ditu hurrengo hilabeteetan. Komunitatearen kanal nagusietako bat da aplikazio hori, eta, haren bidez, kontsumo-joeren inguruko argazkiak igotzen eta partekatzen dituzten erabiltzaileek. 2015ean, hazten ari den komunitate honetako erabiltzaileentzako erronka berriei helduko zaie.

#foodture Game-tik #basquefoodietour-era

Hogei herrialdetako 800 parte-hartzailek baino gehiagok hartu dute parte #foodture Game-ren azken edizioan. The Food Mirror aplikazioaren onlineko jokoa da, eta mundu guztiko elikadura-joeren harrapari berriak hautatzea du xede. Parte-hartzaileek 2.000 argazki baino gehiago partekatu zituzten mugikorreko aplikazioaren bidez.

Hiru food trend trotter onenek Ruby Garovillo, Elena Úbeda eta Fabiola de Goríbar— elikadura-behatzaileen komunitatearekin bat egin dute, eta #basquefoodietour-en aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute. Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziak babestu eta antolatu du ekitaldia, eta proiektuan parte hartzen ari da, Euskadi nazioarteko erreferentziako helmuga enogastronomiko gisa ezagutarazteko. Hiru irabazleak pozarren agertu dira Euskadi bisitatzeko, eta gastronomia,ardoak eta tokiko produktuak ardatz nagusi dituen ibilbide bat egiteko hemen.

Programaren arabera, bisitaldiak egingo dituzte jatetxeetara, Arabako Errioxako upeltegietara, berrikuntza-zentroetara, elikagai-enpresetara, azoka tradizionaletara eta Euskadiko helmuga gastronomiko eta enologikoetara: Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Arabako Errioxa. Esperientziaren berri www.thefoodmirror.com blogaren eta sare sozialen bidez jaso ahal izango da.

Berrikuntza soziala eta adimen kolektiboa

The Food Mirror ekimenak ezagutza kolektiboa eta herritarren eta kontsumitzaileen arteko lankidetza du oinarri, eta elikadura-berrikuntza sustatzea da haren helburua. Food trend trotter-en (kaleko elikadura-joeren harrapariak) lehen komunitate globala sortu du, eta horixe du, hain zuzen, ezaugarri bereziena. Komunitate horrek zuzeneko ezagutza kolektibo demokratiko bat sortzen du, eta erakusten du nola kontsumitzaileak elikadura-berrikuntzaren preskriptore eta sustatzaile bihurtzen diren, eta, halaber, adierazten du berrikuntzak sortzen direla, baliotsuak kontsumitzaileentzat eta errentagarriak enpresentzat.

2015ean komunitate hori hazteko eta dinamizatzeko ekimenen artean,elikadura-sektorearen beharrekin bat datozen erronkei helduko zaie, eta The Food Mirror Game-ren edizio berri bat argitaratuko dute.

The Food Mirror-ek, azken batean, berrikuntza sozialeko nortasun nabarmena du, eta kontsumitzaileak parte-hartzaile bihurtzen ditu elikagaien I+G+Ba garatzen eta sustatzen.

Erreferentzia azken bost urteetan

2010ean AZTIko Elikagaien Ikerketa Unitatearen Joera eta Berrikuntza Behatokiak martxan jarritako merkatuaren eta kontsumitzaileen ikerketa-estrategiaren parte da The Food Mirror proiektua. Joerak identifikatzeko, aztertzeko eta aplikatzeko apustu hori orain dela bost urte hasi zen, Food Trend Trotters proiektuarekin.

The Food Mirror proiektuak aukera ematen du ikerketa-ildo hau sendotzeko, lehiaketan jasotako behaketak AZTIko Joera eta Berrikuntzen Behatokian garatzen den lanari batzen baitzaizkio.

AZTI, erreferentzia-zentroa elikagaien eta itsasoaren ikerketan

AZTI zentro teknologikoa itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua da. 30 urtetik gorako ibilbidea du, eta 45 herrialdetan baino gehiagotan dihardu, 230 lagunetik gorako aditu-talde baten laguntzarekin. Adituon zeregina da ideiei forma ematea, gero ideiok, produktu eta zerbitzu bilakatuta, enpresa-ekimenak sortzeko, eta natura-baliabideak berreskuratzeko eta zaintzeko balio dezaten.

Ikerketa estrategiko eta aplikatua egiten du nazioartean, Tecnalia Korporazioarekin aliantzan, bezeroei soluzio integral eta berritzaileak emateko. Zientzia gaur egungo eta etorkizuneko gizartearentzako balio eta aberastasun bilakatzea da AZTIren nortasun-adierazgarria.

 

Partekatu

Beste berri batzuk